Pribatizazioaren zentzugabekeriak egungo egoerara ekarri gaitu, kudeaketa txarrari eta akziodun nagusien harrapakeriari lotuta. Orain, Eusko Jaularitzak eta gobernu zentralak euren lotsak ezkutatzen dituzte eta ez die ardura lotsagabeki gezurra esateak, ezintasun juridikoaren ostean euren erantzukizuna alboratzeko.

 

Toda la plantilla de La Naval despedida. La Naval ez itxi



Bilboko 2 zk.ko Merkataritza-arloko Epaitegiko Epaileak, pasa den otsailaren 28an, Construcciones Navales del norte ‹La Naval›eko 177 lan kontratu zuzenen iraungitze autoa sinatu zuen.

Ontziolako hartzekodunen konkurtsoa hasi zenetik urte bat baino gehiago pasatu ostean, eta konkurtsoko administrazioak eskatutako enplegu-erregulazioko espedienteen kontsulta epetik bi hilabete baino gehiago igaro direnean, La Navaleko langile taldearentzat kolpe berri bat izan da epai hori. Arduragabetasun ekimen berri batekin, hartzekodunen konkurtsoko epaileak, beste behin, ez ditu langileek aurkeztutako helegiteak aintzat hartu, eta hartzekodunen konkurtsoa epai bidean galtzera gerturatzen du.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta gobernu zentralak ontziolari bizkar ematen jarraitzen dute. Ezkerraldea bezalako eskualde batean, langabeziak bereziki kolpatua eta industria galera prozesuek erasanda, industria estrategiko bat mantentzean, bi gobernuek duten erantzukizuna euren gain hartzeko ez dute ahalegin txikiena ere egin. Ezin dugu ahaztu, 177 lan kontratu zuzenez harago, ontziolak azpikontratuetako 2.000 langile baino gehiagori ematen diela lana eta industria osagarriari beste horrenbesteko enplegua eragiten diola.  Ontzi-industria, gainera, balio erantsi handiko jarduera da, teknologian punta-puntakoa eta jarduera ekonomikoko sektore bat egituratzen duena.

Gobernuek ez badute konpontzen, ontziolak bere ateak behin betiko itxiko ditu laster, antzinako Navantia ontziola publikoen pribatizazio prozesuaren porrota ziurtatua. 2006. urtea zen Madrilgo gobernu sozialista batek, CCOO eta UGTren laguntzarekin, La Navalen pribatizazioa sinatu zuenean (beste ontziola publikoekin batera). Hala Eusko Jaurlaritzak nola EAJk aho txikiarekin egin zioten aurka prozesu horri, baina ez zuten denbora galdu Sestaoko ontziolaren kontrola «euskal negozioko enpresen» esku geratzea bermatzeko.

Pribatizazioaren zentzugabekeriak egungo egoerara ekarri gaitu, kudeaketa txarrari eta akziodun nagusien (Ingeteam eta Astilleros Murueta) harrapakeriari lotuta. Orain, bi gobernuek euren lotsak ezkutatzen dituzte eta ez die ardura lotsagabeki gezurra esateak, ezintasun juridikoaren ostean euren erantzukizuna alboratzeko.

Egoera horren aurrean, ESK sindikatuak momentu gogor hauetan bere babes osoa helarazi nahi die La Navaleko langileei. Gainera, Eusko Jaurlaritzari eta gobernu zentralari berriz ere igortzen diegu ontziolaren erreskate eskaera, ontzi-eraikuntzako jarduera mantentzea bermatzeko aktibo guztiak erosita.