Harriduraz eta amorruz jaso dugu Lan eta Justizia sailburuaren agindua, grebak eragindako bulegoen ez-ohiko garbiketa ezartzen duena.

 

 

Garbialdi enpresan, polizia-etxe eta epaitegietan Gipuzkoan garbiketa greba hasi zenetik lau hilabete eta erdi betetzen direnean, harriduraz eta amorruz jaso dugu Lan eta Justizia sailburuaren agindua, gutxieneko zerbitzuen aurreko aginduari beste bat gehituta, grebak eragindako bulegoen ez-ohiko garbiketa ezartzen duena, hain zuen.

Kaltetutako pertsonekiko eta grebaren ondorioak jasaten dituztenekiko dugun ulermenetik, greba eskubidearen kontrako eraso argia deritzogun hori gaitzetsi eta salatu behar dugu.

Justizia eta Segurtasun Sailek grebalariei egiten dieten presio etengabetik eratortzen den erasoa. Sail horiek berdintasun planez eta soldata arrakala apurtzeaz hitz egiten duenean ahoa betetzen zaion Eusko Jaurlaritzaren menpe daude, zerbait egiteko aukera duenean, ordea, beste aldera begiratzeaz gain, emakumeen eskubideetan aurrerapenak lortzearen kontra jotzen duena. Soldata arrakala apurtzearen aldeko greba baten erdian, Gipuzkoako epaitegien garbiketa kontratuan bi urtetako luzapena emateak, soldata arrakala apurtzeko urratsak eman ordez langileen soldatek erosahalmenean galera izatea bultzen du, borondate falta argia eta erabateko hipokrisia adieraztearekin batera. Puntu honetan gogora ekarri behar da, Justizia eta Segurtasun Sailek sistematikoki saihestu dutela greban dauden langileekin eta horien ordezkariekin elkartzea.

Justizia eta Segurtasun Sailek une oro gutxieneko zerbitzuak handitzeko presioa egin duten bitartean, eta gobernuko alderdiak luzapenetan zebiltzanean (EAJ eta PSErekin izandako bilera banatan baloiak kanpora jaurtitzeko egundoko abilezia erakutsi zuten), langileek duintasun erakustaldia egin diote jendarte osoari.

Generoaren araberako soldata arrakala existitzen da eta erreala da. Eta ez da existitzen horretaz itxurak eginez hitz egiteko. Apurtzeko dago, horrekin bukatu eta existitzeari uzteko. Eta horretarako, emakume grebalari batzuen adibide duina daukagu, euren hitzekin esanak esan arren, ekintzekin arrakala hori betikotzen dutenen aurrean.

Greba apurtu nahi dute, eta badakigu hori kolpe latza dela. Baina xedea hain da justua irabazten bukatuko duela, begi bistakoa ukatzen dutenen gainetik, Garbialdi bezalako enpresen gainetik, eta kapitalismo heteropatriarkalaren txotxongilo hipokrita eta koldar diren gobernuen gainetik. Azken horiek euren barnean jakin badakite, horregatik galarazten dute, berdintasun erreala dela, baita emakume eta gizonen lan baldintzetan ere, egiteke dagoen eta beharrezkoen den iraultza.