Pentsio pribatu osagarriak pentsio publiko duinen defentsari egindako eraso zuzena dira; pentsio osagarriak ezin direnez orokortu pentsio publikoek baino ezberdintasun handiagoak sortzen dituzte; entitate finantzarioak dira pentsio osagarrien onuradun handienak beraiek baitira horien funtsa kudeatzen dutenak.
Betidanik gustatu zaizkio. Lehen aldiz orain 35 urte (1983an, alajaina) arautu zituen, eta 2012ko otsailean lege berri batekin erreformatu, Patxi Lopez Lehendakari zela; Lege horren dekretu arautzailea ateratzeko hiru urte eta erdi behar izan zituen (203/2015 Dekretua, urriaren 27koa).
PSE-PSOE Euskal Autonomi Erkidegoan boterera iritsi zenean (2009-2012), hiru herrialdeetako borondatezko gizarte aurreikuspenaren araubidearen elementu zitalak zuzentzeko asmo osoa zuela zirudien. Horrela, pentsio pribatu eta kolektiborako sistema orokortzeko eredua bilatu nahi zuen GEROA EPSVren adibidea jarraituta. Eredu hori Gipuzkoan jaio zen 1996an herrialdeko Metaleko Hitzarmen Kolektiboaren aterkipean, eta hitzarmen kolektiboa zuten ia sektore guztietara zabaltzen joan zen.
Patxi Lopezen dokumentua
Patxi Lopez Lehendakariak, 1983ko EPSV Legea moldatzeari begira, 2011ko uztailean zabaldutako dokumentu batek gai hauei buruz hitz egiten zuen:
- 1983an sortu zirenetik, EPSVak dira entitate finantzarioek gehien eskaintzen dituzten tresnak, onura fiskalak baitituzte: Hobaridun aitortzaileen % 10ek hobarien % 41eko etekina jaso dute eta % 25 dira % 70eko etekina jaso dutenak. Pertsona horiek dira, jakina, EPSVari ekarpena egiteko aurrezte gaitasun handiena dutenak.
- EPSVen errentagarritasuna eskandalagarriki txikia izan da.
- EPSVen onuradun erreal bakarrak aseguru etxeak eta horiek kudeatzen dituzten bankuak dira.
- Beharrezkoa da EPSVen zerga-hobariak kentzea saiheste fiskalerako estrategia bihurtu baitira.
- Pentsioen Funts Osagarri bat sortu behar da, kolektibo ezberdinei eragiten dieten pribilegio egoerak murriztuko dituena eta herritar orori zabaltzeko gaitasuna izango duena.
- Eusko Jaurlaritzak EAEko erakunde publikoetako langileria integratzen duten bi EPSVak batu behar ditu: Elkarkidetza (aurreko mendeko laurogeietatik udal eta foru langileak batzen ditu) eta Itzarri (2005etik EJren menpeko langileak batzen ditu, hala nola, Osakidetza, Hezkuntza, Ertzaintza, etab.).
- Sektore publikotik kanpo Lopezek GEROAren bertuteak defendatzen zituen, hitzarmen kolektiboen eta autonomo nahiz profesionalen banakako atxikimenduen bidez hiru herrialdeetan orokor bihurtuta.
- EPSVen zerga-hobarien alternatiba izan liteke, gastu fiskalak EPSV bat daukan herritar bakoitzaren kapitalari Eusko Jaurlaritzak egindako ekarpen zuzen bihurtzea. Horrela, kontsumora bideratzen zen hobaria zuzenean etorkizuneko pentsiorako izango litzateke.
Egoera horrela dago
Orientabide horiek ahaztuak izan ziren eta EPSVak jatorrizko akatsekin garatuz joan dira EAEn, horrek ez du eragotzi EPSVen garapena garrantzitsua izatea. 2017ko abenduko datuak eskutan, honako hau litzateke hiru herrialdeetako Borondatezko Gizarte Aurreikuspenaren inguruan esan daitekeena:
- EPSVen ondarea: 24.700 milioi euro (BPG -PIB gazteleraz- % 33,7; Espainiako Estatuan portzentaje hori BPGaren % 9,5 da, Europar Batasuneko batezbestekoa % 36koa eta OCDE osatzen duten herrialdeetakoa BPGren % 85,3)
- Aipatu dugun ondarea bitan banatzen da: 13.139 milioi euro enpleguko EPSVei dagozkie eta 11.680 milioi euro norbanakoen EPSVei.
- EAEko biztanleria aktiboaren % 49,2k EPSVren bat dauka.
- EPSV bat duen pertsonen urteko batezbesteko ekarpena 2017an 2.000 eurokoa izan zen.
- Euskadiko BGAE Federazioaren (Federación de EPSV de Euskadi) ikerketa baten arabera, helburua litzateke pentsio publikoak erretiro osoaren % 80 izatera iristea eta % 20 pentsio osagarri pribatu batekin osatzea. Portzentaje hori lotzeko 40 urtez soldatako % 7 EPSV bati kotizatzea eskatuko zen.
Urkullu Lehendakariak, orain aste gutxi, ofizialki babestu zuen EPSVen bitartez pentsio osagarri pribatuak zabaltzea eta soldataren % 6ko portzentajea jarri zuen (patronala eta langilearen artean erdibana) pentsio publikoaren osagarri on bat lortzeko zenbateko onargarri bezala. Lehendakariaren iritziz, etorkizunean pentsio publikoak gero eta urriagoak izango dira. Eusko Jaurlaritzak gai honekin abarrotsa sortu nahi du, ke-lainozko ekimen bat martxan jartzeko interesa argia da. Joan den urtarriletik indartsu dirauen pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenaren aurrean, 1.080 euroko erretiro minimoa, erasorako prest agertu nahi du.
ESK-k eredu kolektiboko pentsio plan osagarrien kontrako jarrera izan du beti, enplegu alorreko EPSVen moduen aurkakoa. Bere garaian Elkarkidetza, GEROA, Itzarri eta askotariko enpresa-planen aurka egon ginen. Orain arte, esperientziak esan digu orduan erabiltzen genituen argudioetan asmatu genuela. Patxi Lopez Lehendakariaren 2011ko dokumentuak, lehen aipatu dugunak, horietako asko jasotzen zituen gainera.
Honako hauek dira motzean argudioak: pentsio pribatu osagarriak pentsio publiko duinen defentsari egindako eraso zuzena dira; ez dago inolako bermerik etorkizunean pentsio osagarri nahikorik lortzeko (enpleguaren hondatzea gero eta handiagoa delako eta luzera errentagarritasun finantzario egokiak lortzeko bermerik ez dagoelako); pentsio osagarriak ezin direnez orokortu pentsio publikoek baino ezberdintasun handiagoak sortzen dituzte; entitate finantzarioak dira pentsio osagarrien onuradun handienak beraiek baitira horien funtsa kudeatzen dutenak.