Sindikatuak Sansohetako burkideen alde eta Arabako Foru Aldundiaren arduragabekeria salatzeko mobilizatu gara.

 

 

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuak Sansohetako burkideen alde eta Arabako Foru Aldundiaren arduragabekeria salatzeko mobilizatu gara. Ezinbestekoa da Aldundiak instalazio egokiak nahiz langile kopuru nahikoa jar ditzan eta arreta baliabideak berrantolatzen zuzenean esku har dezan, 131/2008 dekretuak agindu bezala.

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko Legearen arabera, Foru Aldundiak dira  haur eta nerabeei harrera emateko kudeaketaren arduradun zuzenak, hala nola harrera hori baimentzeaz, ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz. Alabaina, bere arduraz beste egiten du sistematikoki, gizarte zerbitzuen kudeaketa enpresa pribatuen esku utziz, kostuak merketzea helburu, baina zerbitzuok zein baldintzetan eskaintzen diren zaindu barik.

Sansoheta portaera arazo larriak dauzkaten nerabeak hartzeko gune bat da. Legearen arabera  (131/2008 dekretua), ezaugarriotako nerabeak hartzeko egoitzek ez lituzkete 10 leku baino gehiago eskaini beharko. Aldiz, Sansohetak 24 leku dauzka, dekretuari muzin eginez erabat. Ez betetze horren eta bere ondoriozko egoeraren ardura, Arabako Foru Aldundiarena da goitik behera.

Hilabeteak dira langileak salatzen ari direla egoitzaren saturazioa, zaurgarritasun handiko adin txikikoei harrera desegokia, arazo oso ezberdinak dituzten gaztetxoak elkarrekin bizitzera behartuz, euren arteko eta hezitzaileekiko arazoak eta erasoak gertatzea erraztuz. Egungo arreta ereduak ez die adin txikikoen beharrei erantzuten, eta ezinbestekoa da baliabideak berrantolatzea eta egokitzea.

Arabako Foru Aldundiaren jardun desegokiaren ondorioak pairatzen dituzte bai adin txikikoek, bai artatzen dituzten langileek ere, segurtasunik eza erabatekoa eta heziketa-jardun egoki bat eskaintzeko baliabide falta jasaten baitute. Izan ere, langileon artean gertatzen diren bajak ere betetzen ez direlarik, ezinezkoa da arretaren kalitatea bermatzea.

Egoitzak jasaten dituen utzikeria eta arduragabeeria onartezinak dira, bizigarritasuna bera ere auzitan dagoelarik, eragindako kalteen ondorioz. Segurtasun- eta osasun-neurriak, suteen aurreko prebentzioa, ebakuazio neurriak, eta abar ez dira betetzen.

Adin txikikoen gizarte integrazioa erraztea eta babesa, konfiantza, ziurtasuna eta egonkortasuna ematea helburu duen arretaren izaera hezitzailea ez da inolaz ere bermatzen. Beren eskibdeak urratzen dira, egoitza bereziagoetan egon behar luketen beste gaztetxo batzuekin elkarbizitzera behartuta baitaude. Hala, gaztetxeoen heziketan eta integrazioan erreferente beharko luketen langileak, adin txikikoon etsipenaren jomuga izatera igaro dira, egunkarietan agertzeraino.

Neurriak har daitezen exijitzen dugu, eta gutxienez dekretuak ezatzen duena bete dadila, araudiak dioenetik haratago joan beharra badago ere: arretarako kalitatezko irizpide teknikoak eta langile gehiago behar dira, arreta ziurra, hezitzailea eta kalitatezkoa bermatu nahi bada.

Soilik zaurarritasun handiko gazteontzat aukerak eta ongizatea sortaraziko dituzten zerbitzuen eta egitarauen bitartez gainditu ahal izango da egoera larri hau, eta horretarako, ezinbestekoa da Arabako Foru Aldundiaren apustu hezitzaile garbia eta beharrezkoak diren baliabide guztiak eskueran jartzea.

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuok argi daukagu erakundeen utzikeriaren ondorioz gaudela adierazitako egoeran, eta horregatik mobilizatu gara gaur, abenduaren 12arekin, egoitzako lankideo alde eta premiazko neurri eraginkorrak exijitzeko.

Horrez gain, eta jakinik Sansohetako arazoa oro har gizarte zerbitzuek Aldundiaren eta Udalaren aldetik jasaten duten utzikeriaren beste pasarte bat baino ez dela, dei egingo diegu alorreko langile guztiei azterketa orokorrago bat egitera, urtarrila bukaeran egingo dugun batzar batera.

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua