Tubos Reunidos taldeak TRI eta PT-ko langileek euren neurrigabekeri eta zuhurkeria ordaindu dezagun nahi du gure langabeziako prestazioetan karguak eginez. Bidegabekeri honen aurrean ez gara isilduko.

 

 

Guztien laguntzari esker, PT-n EEEa kendu, Guillermo Ulaciak dimititu eta bere zuzendaritza-taldea ordezkatu eta gero, Tubos Reunidos taldearen zuzendaritza «berriak» berriro ekin dio langileen lan-baldintzen kontra. Oraingoan, bidegabekeria Amurrion eta Trapagaranen egin diren aldi baterako enpleguko erregulazioko espedienteak izan dira.

Erabiltzen den aitzakia berria Donald Trump-ek EB-etik datozen altzairu inportazioei ezarri dien muga-zergak dira. Egiatan, talde honen «minbizia» atzetik arrastaka daraman finantza kontua da. Industria-talde honen gaixotasunaren errudunak ez gara langileak, Trumpen muga-zergak edota txatarraren prezioa. Gaixotasun honen kausak izen argi bat du: zuhurkeria.

Gogoratzen saia gaitezen. Gaur egun, Tubos Reunidos taldeak 221 milioiko zorra netoa du. Zorraren jatorriak ez du zerikusirik, neurri handi batean, inbertsio politikarekin ezta operazietan egondako galerekin. 2009an, akziodunek 170 milioi euro garbi lortu zituzten finantza azpijoko bati esker. Hasiera batean, industria-eskurapen baterako ziren. Horrekin nahikoa ez balitz, 2012. urtean, kreditu baten bidez ziurtatu zuten dibidenduak kobratuko zituztela 2019. urtera arte onurak izan ala ez.

2012tik, galerak egon arren, taldeak EBITDA (aktibitateak sortzen duen benetako dirua) negatiboa izan zuen soilik 2016an, beste guztietan positiboa izan da. Gainera, gogoratu dezagun azken 20 urtetan, Tubos Reunidos taldeak bere akziodunei (BBVA, Delclaux familia, Ybarra familia…) dibidenduen bidez ehunaka milioi eman dizkiela.

Azken urte hauetan, Tubos Reunidos-en zuzendaritzak enpresa kontuak izan ditu, inoiz ez baititu emaitza netoak garbi izan. Kontu horien hutsak guk ordaintzen ditugu, beti bezala. Taldeak duen zorraren parte handi batek eskurapen operazioetan edo beste fabrikak irekitzean du jatorria.

Zuzendaritzak dio zorraren berfinantziazioa bankuekin negoziatzen ari dela. Hala ere, akziodunei urte hauetan zehar eraman dutena bueltatzea eskatu beharrean, zorraren arazoa guk ordaindu diezaiegula nahi dute, mahai gainean gure langabeziako prestazioak jarriz. ESKn eta LABen argi dugu hau ez dela bidea eta konponbidea taldearen birkapitalizazioan eta industria-plan bat abian jartzean datzala. Plan honen neurri nagusiak ezin dira langileen kaleratzea eta lan-baldintzen ezegonkortasuna izan.

PT-ko kideek guztiei argi utzi digute borroka eta konpromisoa direla bidea. Horregatik, langile guztiak bultzatzen ditugu espediente hauek ez onartzera, ez baitira konponbidea. Gure aldetik, gogor lan egingo dugu enpresa-batzordeetan baita bi sindikatuen zuzenbide-sailetan ere garaitzen ditugun arte.

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua