Garbialdik bere eskaintza hobetu du, baina oraindik ez da gutxiengora heltzen. Orain, inoiz baino irmoago aterako gara mobilizazioetara, inoiz baino ozenago oihukatuko dugu eta lanbasak inoiz baino altuago altxatuko ditugu.

 

Pasa den asteartearen, urriaren 22an, Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa kontraten azkenengo negoziazio mahaia ospatu zen. Bertan, Garbialdi enpresak, proposamen desberdin bat egin zuen behingoz. Orain arte defendatu izan duen %0,3ko igoera hori atzean utzi, eta %6,54ko igoeraz hitz egiten hasi da jada. Igoera hori, ordea, bost urteetako epe batean (2018-2022) egiteko asmoa du, urtez-urte %1,5era heltzen ez diren igoerak proposatuz. Enpresak egindako mugimendua baloratu egiten dugu eta urte betez langileek aurrera eraman duten mobilizazioen ondorioa dela kontsideratzen dugu. Honek borrokak balio duela erakutsi egiten digu.

Baina ezin dugu, inondik inora, 2022. urterarte itxarongo; 2012. urtetik aldarrikatzen ari garena lortzeko. 2010. urtetik dauzkagu soldatak izozturik, beraz, %6,54ko igoera berehalakoa izan behar da.

Horregatik, eta orain, eztabaida urteen inguruan zentratzen delarik, inoiz baino garrantzitsuagoa da mobilizazioekin jarraitzea. Orain, inoiz baino irmoago aterako gara mobilizazioetara, inoiz baino ozenago oihukatuko dugu eta lanbasak inoiz baino altuago altxatuko ditugu.