Ostiralean, ekainaren 7an, ESK sindikatuaren VI. Biltzar Nagusia ospatuko dugu San Agustin Kulturgunean, Durangon, "Bizitza duinak borrokatuz, beste 40 urtez" lelopean.

«  Biltzar Nagusiko jarraipena  webgunearen bitartez egin dezakezue »

 

Durangon 300 pertsona inguru bilduko gara, horien artean, sindikatuko 250 afiliatu izango ditugu, eta gure ekintza sindikalean normalean elkarrekin lan-egiten dugun beste sindikatuetako ordezkariek egongo dira gurekin ere, bai Euskal Herrikoak (STEILAS, ELA, LAB eta Etxalde), baita Estatu mailakoak ere (Kataluniako IAC, Galizako CUT, Intersindical Valenciana, Asturiesko CSI, Aragoiko CUT eta Confederación Intersindical). Era berean, espazioak partekatzen ditugun gizarte eragileen ordezkaritza ona izango dugu (Gaur Geroa, Euskal Gune Ekosozialista, ATH-ELE, Orain RBI edo Argilan-ESK), lantokietatik haratagoko gizarte arazoez arduratzen den gure sindikalismoaren ikuspegia indartzen baitute.

 

Bilakaera positiboa

ESK sindikatuak azken 5 urteetan izan duen bilakaeraren argazki positiboarekin aurkeztuko gara. Gaur egun, ia 7.000 afiliatu eta 300 ordezkari inguruk osatzen dugu ESK. Datu horiek azken Biltzar Orokorrean aurkeztutako datuak nabarmen hobekuntza suposatzen dituzte, eta bosturteko honetan sindikatuak garatutako lan sozial eta sindikala bermatzen dute.

Datu horiek guztiak zehaztasun handiagoz aurkeztuko dira afiliazio eta ordezkaritza txostenetan. Txosten ekonomikoarekin eta ekintza soziopolitikoaren txostenarekin batera, sindikatuaren errealitatearen eta ziklo horretan biltzarren artean egindako lanaren irudi kuantitatiboa eta kualitatiboa emango dute.

 

 

Ekainaren 7an Durangon

Hilaren 7an, azken hilabete hauetan egindako lan luzea bukatuko dugu. Bertan, sindikatuaren afiliazioaren arteko hamarnaka eztabaida garatu dira, eta horien ondorioz 201 emendakin aurkeztu dira hasierako ponentziari. Lan handi horrek hasierako ponentziaren hobekuntza garbia ekarri du, eta sindikatuaren afiliazioaren parte-hartze handiari esker izan da.

Azkenik, biltzarrek duten garrantzia nabarmendu nahi dugu, elkarrekin asko lan egiten dugun baina gutxi ikusten garen pertsonen arteko elkargune gisa. Espero dezagun VI. Biltzar Nagusi honen ondoren askoz gehiago etortzea, sindikatua osatzen dugun pertsona guztiek egindako lan onaren ondorioz.

Gora ESK!