Uribe Kostako gizarte-eragileei dei egiten diegu gizartea eraldatzeko eredu justu eta iraunkor bat diseinatzeko foro sozial bat eratzeko, inor atzean utzi gabe.
« Hazkunde infinituaren paradigma kapitalista alde batera uzteko garaia da »
Irailaren lehenarekin batera, Stellantis multinazionalak gure eskualdeko enpresa historikoa ixteko agindua helarazi zien bertako 148 langileei. Borroka hilabeteak izan dira ondorengoak.
Gaur hemen bildu garen militante ekologistak, eragile desberdinetako kideak, ordezkari instituzionalak eta oro har herritarrak, Mecanerren etorkizunaren aldeko mobilizazioetan parte hartu dugu eta enpresarentzat alternatiba ekosozialaren alde agertu gara.
Krisi ekologikoa
Krisi ekologiko betean aurkitzen gara. Ikerketa zientifiko guztiek galdegiten dute mendebaldeko ekonomiak deskarbonizatu behar ditugula hurrengo hamarkadaren buruan; biodibertsitatearen galerari aurre egiteko neurri zehatzak eta azkarrak behar ditugula eta trantsizio energetikoa gauzatu behar dela klima larrialdiari aurre egiteko. Gutxiago produzitu eta kontsumitu. Berriztagarriei bide eman. Lur planetaren muga biofisikoak aintzat hartu.
Guzti honek, premiazkoa bihurtu dute erroko aldaketa soziala. Gure metabolismo soziala eraldatu gabe, nekez egingo diogu aurre modu justuan bizitzen eta areagotu daitekeen hondamendi ekologikoari. Bada garaia hazkunde infinituaren paradigma alboratzeko.
Irtenbide sozial eta ekologiko justuagoa
Jakin badakigu ere, eraldaketa hau borroka anitzen batura eta elkarrekintzen bidez gauzatuko dela. Horregatik, Mecanerrentzat langile batzordearen gehiengoak babestutako trantsizio plan ekosozialaren alde agertu izan gara. Lanpostuak mantendu eta industriaren birmoldaketa atea irekitzen zion alternatiba bideragarria dela deritzogu: Multinazional handi baten diru goseari irtenbide sozial eta ekologiko justuagoa borrokatzeko aukera izan da plan hau.
Kontziente gara ez zela erraza tamainako munstroari aurre egitea eta pozten gara borrokaren bidez lortutakoa ez delako gutxi izan. Haien lanpostuen defentsa muturrera eraman dute, industriaren birmoldaketaz aritu dira, instituzioak interpelatu dituzte eta eskualde oso baten etorkizunaren aldeko aldarria zabaldu dute. Zoritxarrez, langileen borroka eredugarriak eta haiekin batera mobilizatu garenon ekinak ez du lortu enpresa zabalik mantentzea. Zoritxarrez, eusko jaurlaritzak bere erantzukizunari uko egin dio beste behin eta enpresaren interesen alde lerratu da.
Guk ordea ez dugu amore emango. Mecaner itxi bada ere, Urdulizen jarraitzen dute makinek eta instalazioek. Mantentzen da eraldaketa ekosoziala gauzatzeko alternatiba plana eta zutik dirau ere eskualde honetan trantsizioa modu justuan egiteko herri indar eta gogoa.
« Uribe Kostako gizarte eragileei dei egiten diegu eraldaketa sozial justu eta jasangarriko eredu bat diseinatzeko foro bat eratzeko »
Eusko Jaularitzari eskaera
Horregatik, gaur mugimendu ekologistako kideok, herri mugimendu anitzetako militanteok, industriako langileok, eskualdeko alkate eta zinegotziak, akademia mundukoak eta Uribe Kostako bizilagunak Mecanerren biziberritzeari aukera ireki nahi dugu eta hurrengo eskaerak egiten dizkiogu Eusko Jaurlaritzari:
- Mecaner itxi da. Baina makinaria eta instalazioak hemen daude. Bertan zer eta nola ekoiztu behar den proposatzeko jarraipen batzordea sortu behar da eta herritarron parte hartzea
bermatu. - Mecaner dagoen tokian inolako proiektu industrialik garatu behar bada, ikuspegi ekologiko eta soziala izan dezala exijitzen dugu. Izan dadila langilek aurkeztu duten plana hurrengo proiektuen oinarri eta eraldaketa industrialaren abiapuntu.
- Ezein proiektu industrialik baldin badago, bertan lanean egon direnekin egin dadila lehentasunez, suntsitutako enplegua berreskuratuz eta baldintza duinetan eraikitako kalitatezko enplegua dela ziurtatuz.
Foroa Uribe Kostan
Jakin badakigu Mecaner suntsitzea gure industria- eta giza paisaia “birmoldaketa basati” honen aurreko iragarkia besterik ez dela. Uribe Kostako gizarte-eragile guztiei dei egin nahi diegu foro sozial bat eratzeko, non, demokratikoki eta denen parte-hartze aktiboaren bidez, gizarte-eraldaketa bidezko eta jasangarrirako eredu bat diseinatzen has gaitezkeen, inor atzean utzi gabe.
Urdulizen egingo den lehen bilerarako deia egin dugu. Maiatzaren 28an izango da, 18:30ean.
Azkenik, agerraldi honekin maiatzaren 11an Bilbon Alternatiba ekosozial justuaren aldeko mobilizazioan parte hartuko dugula iragarri nahi dugu eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dugu.
Mecaner herriarentzat! Industria sozial eta ekologikoki justu baten alde!
Eusko Jaurlaritzari tresna publiko gehiago eta Mecaner-en instalazioak erosteko eskatzen diogu
Mecaner desegin nahi dute edozein alternatiba lortu baino lehen
Mecaner: industria sozial eta ekologikoki justu baten alde
Erakundeek lanpostuak eta etorkizun industriala defendatu behar dituzte
- 1
- 2
- 3
- 4