ESK-ko ordezkariek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarrean, euskal osasun garraioan diru publikoa ustez desegoki erabili dela salatzeko eta zerbitzu publikoak enpresa piraten esku uzten dituzten pribatizazioak salatzeko.

 

« Osasun Sailari  9 idazki bidali dizkiogu jakinarazteko  pleguak etengabe urratzen direla »

 

Publikoki ezaguna denez, ESK-k bi salaketa penal aurkeztu zituen joan den uztailaren 20an, horietako bat La Pau anbulantzietako presidentearen aurka, Zigor Kodearen 316. artikuluan tipifikatutako ustezko delituagatik. Artikuluak honako hau dio, hitzez hitz: "Norbaitzuek, laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak hautsiz eta legez horretarako betebeharra izanik, beharrezko bideak ez badituzte errazten, langileek euren jarduera egikari dezaten segurtasun eta higieneko neurri egokiekin, betiere langileen bizia, osasuna edo osotasun fisikoa arrisku larrian jartzen dutenean, orduan, halakoei sei hilabetetik hiru urte arteko espetxealdi-zigorra ezarriko zaie, bai eta sei hilabetetik hamabi arteko isuna ere". Beste salaketa, horren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariaren aurka jarri zen, prebarikazioagatik eta diru publikoaren erabilera desegokiagatik. Bi salaketak izapidetzeko onartu dira.

 

Zerk eragin ditu salaketa horiek? Zergatik jo behar izan du ESK-k auzitara?

Galdera horri eta beste batzuei erantzuteko, denboran atzera egin behar dugu; 2019ko abendura, hain zuzen ere. Ordu hartan, Larrialdiak-Ambulancias Maíz ABEEak mehatxua bete zuen eta zerbitzuak emateari utzi zion abenduaren 31n, soldatarik eta bestelakorik ordaindu gabe.

Bide batez, zor horren erantzule solidariotzat jo zuten Eusko Jaurlaritza, eta eskatutako kopurua ordaindu beharko du azken batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 437/2022 epaiak jasotzen duenez.

ABEE horren jarrerak eragindako egoera ikusita, Osasun Sailak, urgentziaz, La Pau anbulantziei esleitu zien Arabako arreta; gaur egun, oraindik ere, ez dugu esleipen horren zenbatekoaren berri. Zerbitzu hori eman zuen harik eta beste esleipen bat lortu zuen arte, 2020ko abuztuan, Araban eta Bizkaiko zenbait lekutan Larrialdietako Osasun Garraioa egiteko, eta 2021eko martxoan, Araban eta Bizkaian Larrialdietakoa ez den Osasun Garraioa egiteko. Zerbitzu horien bidez, 100.000.000 € baino gehiago eskuratu zituen; 40.000.000 €-tik gora Larrialdietako Garraioagatik eta ia 68.000.000 € Larrialdietakoa ez den Garraioagatik.

 

« La Pau anbulantziek Arabako eta Bizkaiko Larrialdietako Osasun Garraioa betetzen dute  130.000.000 €-tik gorako zenbatekoagatik  »

 

Bazekiten

Azken hiru urteotan, bai Enpresa Batzordeak, bai sindikatu honek, Osasun Saileko Kontratazio Organoari La Pau-k egindako hainbat eta hainbat urraketa jakinarazi dizkiogu, lehiaketaren pleguei, laneko segurtasunari eta osasunari eta langileen oinarrizko eskubideei dagokienez, eta are pazienteen segurtasunaren aurkako urraketak ere:

  • Langileen kaleratzeak, epaitegiek deuseztzat eta bidegabetzat jotakoak.

  • Zenbatekoak erreklamatzearen aldeko epai judizialak.

  • Lan-ikuskaritzako arau-hausteko 10 akta, hutsegite larriengatik, laneko segurtasunaren eta osasunaren, lan-harremanen eta Gizarte Segurantzako kotizazioan egindako iruzurren arlokoak.

  • Lan-ikuskaritzako 30 errekerimendu, laneko segurtasunaren eta osasunaren arlokoak, norbera babesteko ekipamenduak ez emateagatik, eta lan-harremanen, lantokietako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenen, Gizarte Segurantzako kotizazioen eta nominen ordainketen arlokoak.

 

Salaketa

ESKtik, 3 urte hauetan, 9 idazki zuzendu dizkiogu Osasun Sailari, hainbat alderditan pleguak etengabe urratzen zirela jakinarazteko.

Behar bezalako erantzunik jaso ez genuenez, ESK-k idazki bat aurkeztu zuen 2022ko azaroaren 28an, salatzeko pleguak ez zirela bete, eta, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 211.f) artikuluan oinarrituta, eskatu zuen merkataritza-sozietatearekin egindako kontratua desegitea, pleguetan jasotakoa betez —pleguen 27. atalean jasota baitaude lan-arloko, Gizarte Segurantzako eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko betebeharrak—, eta, horretarako, Lan-ikuskaritzak egiaztatutako urraketa guztiak erantsi ziren, laneko segurtasunaren eta osasunaren arlokoak eta lan-eskubideen arlokoak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erantzuna, Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuordearen ebazpen bidez, hiru urterako kontratu berri bat esleitzea izan da, eta ondorioz, La Pau enpresari lote gehiago esleitu dizkio. Hala, gaur egun, Arabako eta Bizkaiko Larrialdietako Osasun Garraio guztia betetzen du, 130.000.000 €-tik gorako zenbatekoarekin; aurtengo abuztuan jarri zen indarrean.

 

« La Pau enpresak  araudi ugari urratu ditu sistematikoki , eta hala ere, azpikontratatutako zerbitzu gehiago eskuratu ditu »

 

Urraketa asko

Bestalde, ESK-k La Pau enpresako presidentea salatzeko arrazoietako bat da sistematikoki urratu duela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko araudia (arriskuaren ebaluaziorik eza, prebentzio-plangintzarik eza, prebentzioaren arloko prestakuntzarik eza, NBErik ez ematea, Lan-ikuskaritzaren errekerimenduak behin eta berriz urratzea, etab.), eta ondorioz, hainbat zigor ekonomiko jaso ditu (guztira, 100.000 €-tik gora). Hala ere, zigor horiek ez dute balio izan enpresaren ustezko delituzko jardunbideak geldiarazteko, eta horren erakusgarri da 2023ko irailaren 27ko beste arau-hausteko akta bat, hainbat langileri prebentzio-arloko prestakuntza ez emateagatik, eta 2.451 €-ko zigorra dakarrena.

Gogorarazi nahi dugu Oinarrizko Bizi Euskarriko Arabako anbulantzia GUZTIAK enpresa pribatu batek dituela, eta indarrean dagoen araudia behin eta berriz urratzen duela. Gainera, zerbitzu hori esleitzeak berekin dakar Osasun Sailaren erantzukizuna: esleipen-pleguak zorrotz betetzen direla sistematikoki eta zehatz-mehatz kontrolatzea, eta horiek betearazteko pleguetan eta indarrean dagoen legerian jasotako neurriak hartzea. Geure bizitzak jokoan daude!

 

Diru publikoaren iruzurrezko erabilera

La Pau enpresak mespretxua adierazi du esleipen-pleguetan jasotakoari eta Lan-Ikuskaritzaren arau-hausteko eta errekerimendu aktei dagokienez, eta ESK-ren ustez, hori ezin da ulertu ez bada Osasun Sailaren abala eta babesa duelako, hori guztia diru publikoarekin finantzatuta baitago. Diru hori herri honetako herritarrek merezi duten zerbitzua bermatzeko erabili behar da, eta ez La Pau eta antzeko enpresa piraten diru-kutxak handitzeko.

ESKn argi dugu gure salaketak izapidetzeko onartu izanak, gure ordezkarien lanaren aitortza izateaz gain, berretsi egiten duela diru publikoaren iruzurrezko erabileraren susmoa; espero dugu ibilbide judizialak susmo horiek berrestea, eta Osasun Sailak egin beharreko nahitaezko kontrola bizkortzeko balio izatea.

 

Ambulancia con una bandera pirata

« Pribatizatutako zerbitzu horiek guztiak  leheneratzeko eskatzen dugu  »

 

Pribatizazioak amaitzea

ESK-k behin eta berriz salatu ditu EAJk eta bere bazkideak, PSEk, Osakidetzan garatzen dituzten pribatizazio-politikak. Behin eta berriz eskatu ditugu, halaber, pribatizatutako zerbitzu horiek guztiak leheneratzeko planak, besteak beste, bai ematen den zerbitzuaren bai lan-baldintzen kalitatea hobetuko dela argudiatuta.

Eskaera horien bidez, argitara atera ditugu pribatizazio-politika horien emaitzak. Horregatik, ESKn exijitzen dugu beharrezko lana egin dadila zerbitzu hori leheneratzeko eta Emergentziak-Osakidetzan integratzeko.

Funtsezkoa da prozesu horretan egiturazko lanpostu bakar bat ere ez galtzea, enpresa piraten biktima diren langileak ez direlako egoeraren errudunak.

Hori guztia gauzatzeko, plan bat adostu beharra dago inplikatutako eragile guztien artean: Osasun Saila, Emergentziak-Osakidetza, bi sareetako (publikoa eta pribatua) sindikatuak eta baita Legebiltzar hau ere.

ESKn uste dugu orain dela unea. Beste Autonomia Erkidego batzuetan hainbat esperientzia egon dira, Euskal Gizartearen eskaera gero eta ozenagoa da eta hauteskunde-ziklo berri baten atarian gaude, non, besteak beste, gai horiei erantzun beharko diegun.

 

Martxoaren 16an osasun publiko eta kalitatezkoaren aldeko manifestazioak

Martxoaren 16an, larunbata, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo diren manifestazioetan parte hartzera animatzen dugu, osasun publiko berri baten alde, zaintza Irakurri

Grebaren arrakastak erakundeei zerbitzu publikoak indartzera eta hemen erabakitzera behartu behar ditu

Euskal erakundeetan gobernatzen duten alderdiek aldatu behar dituzte haien politikak langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko, pribatizazioak geldiarazteko, enplegu publikoa sortzeko eta Irakurri

Jarraipen zabala EAEko sektore publikoko grebak

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek deitu dute greba EAEko sektore publiko osoan, “Zerbitzu publikoan alde, soldatak eta enplegua Irakurri

100 elkarretaratze baino gehiago martxoaren 12ko grebaren aurretik

Erakundeen eta agintzen duten alderdi politikoen borondate ezaren aurrean, langile publikoek ozen aldarrikatu dute zerbitzu publikoak indartzearen beharra. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18
  • 19
  • 20
  • 21
  • 22
  • 23
  • 24
  • 25
  • 26
  • 27
  • 28
  • 29
  • 30
  • 31
  • 32
  • 33
  • 34
  • 35
  • 36
  • 37
  • 38
  • 39
  • 40