Gipuzkoako ostalaritza sektoreko langileak 'Labanak eskuan' plataforman antolatzera animatzen ditugu, hitzarmen berria erabat aplikatzen dela bermatzeko.

 

 

« Ostalaritzako hitzarmen berria  aplikatzea nahi dugu . Efektiboa izatea »


LAB eta ESK sindikatuok ‘Labanak eskuan’ plataforma langileei eta herritarrei aurkezten diegu.

 

Zergatik eta zertarako jaio da ‘’Labanak eskuan’’?

2023ko apirilaren 21ean Gipuzkoako Ostalaritzako Hitzarmen berria sinatu genuen LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok. Negoziaketa eta hitzarmen horren inguruan, LAB sindikatutik gure iritzia argi utzi nahi izan genuen: poztasunez hartu genuen Hitzarmen berriaren sinadura; izan ere, aurreko Hitzarmenak 2010.urtean galdu zuen indarraldia eta, geroztik, sektorea arautu gabe egon da.

Jakin badakigu, askotarikoak izan direla sektoreko langileek jasan behar izan dituzten abusuak: askok eta askok lan-kontraturik gabe egin izan dute lan, legezko lanaldia baino ordu gehiago sartuz, lanaldien arteko 12 orduko atsedena errespetatu gabe, behar bezala kobratu gabe, etab. Abusu horren adibide garbienetako bat urte hasieran ezagutu genuen, lan-esplotazio egoera baten berri eman zutenean komunikabideek.

 

Salaketa kalean

Garai horretan, LAB eta ESK sindikatuak izan ginen egoera hori salatzera irten ginen sindikatu bakarrak eta, oraingo honetan ere, asmo berdinarekin gatoz.

Argi dugu ostalaritza, izatez, sektore prekarizatua dela eta urteetan zehar Hitzarmenik ez egon izanak prekaritate hori betikotu izan duela. Hortaz, Hitzarmen berriagatik poztu arren, jarrera kritikoa ere badugu: hitzarmen berriarekin eta langileen lan-baldintzak egungo errealitatera moldatuz, sektorea nolabait duintzea lortu dugula uste dugu. Aldiz, ezinbestekoa iruditzen zaigu Hitzarmen berriak eskaintzen duen arauketa osotasunean aplikatzen dela ziurtatzea; hau da, hitzarmen berriaren sinadura egitate eraginkorra bilakatu nahi dugu.

 

 

« Dei egiten dugu sektoreko pertsona guztiok  antola gaitezen »

 

Labanak eskuan

Helburu horrekin sortu dugu ‘Labanak eskuan’. LAB eta ESK sindikatuok kudeatuko dugun plataforma honen bidez, Hitzarmen berriaren aplikazio ezak sorraraz ditzakeen egoera ilegal eta irregularrak salatu nahi ditugu eta, bide batez, Lan Ikuskaritzaren jardun eraginkorra eskatu nahi dugu.

Egoera ezberdinei modu koordinatuan erantzun ahal izateko, protokolo bat gauzatu dugu. Bertan jaso dugunez, baliabideak sortu ditugu langileek gurera jo ahal izan dezaten: sare sozialak eta harremanetarako kontaktuak erraztuko ditugu eta, kasuan kasu, aproposen iruditzen zaigun irtenbidea eskainiko diogu egoera bakoitzari.

 

Langileei babesa

Hau da, Gipuzkoako Ostalaritzan lan egiten duten pertsonek gugan babesa eta euskarria topatu ahal izan dezaten nahi dugu. Edozein motatako egoeraren aurrean, bi sindikatuak eta elkarlanean sortutako plataforma langileak laguntzeko tresna izango dela azpimarratu nahi dugu.

Beraz, hasieran aurreratu bezala, prentsaurrekoaren helburua horixe da: langileriari eta herritarrei gure plataforma aurkeztea.

Hau eginda, azken mezu bat helarazi nahi diegu sektoreko langileei: aurrerapausoak ematen jarraitzeko, denon parte hartzea ezinbestekoa da. Hortaz, Gipuzkoako ostalaritzan lan egiten duzuen guztioi antolatzeko deia luzatzen dizuegu.

 

 

'Labanak eskuan'-ekin kontaktatu

Twitter: @LABanakESKuan

Posta:Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Telefonoa: 943 45 86 40 | 943 45 69 11

 

Gora langileon borroka!

 

Greba Bizkaiko ostalaritzan ekainaren 29an eta 30ean

Taberna, jatetxe eta hoteletako 22.000 langileak grebara deituta daude, hitzarmen duin bat eskatzeko. Irakurri

'Labanak eskuan' sortu da Gipuzkoako ostalaritzaren eskubideak defendatzeko

Gipuzkoako ostalaritza sektoreko langileak 'Labanak eskuan' plataforman antolatzera animatzen ditugu, hitzarmen berria erabat aplikatzen dela bermatzeko. Irakurri

Donostiako Senra eta Esquina del Senra tabernetan lan-esplotazioa

21 pertsona esplotatu dituzte taberna horietan, ustez, egoera ahulaz baliatuz, egoera administratibo irregularrean baitaudelako. Erakundeei biktimak babesteko exijitzen diegu. Irakurri

Tratu txarrak eta mehatxuak Getxoko Sugaar tabernan

Ez dugu onartzen SUGAAR tabernako nagusiak bere langileekiko duen portaera bortitza lanean eta kalean. Irakurri
  • 1