ESK-k Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ekainaren 13tik 25era bitartean Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatuko dituen 1. bizikleta martxa babesten du.

 

Lau urte baino gehiagoren ostean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kaleetan jarraitzen du pentsio publiko duinen alde borrokatzen. Bere konpromiso nekaezinaren erakusgarri, ekainaren 13an Donostiatik Euskal Herri osoa zeharkatuko duen bizikleta martxa abiatuko da.

Ekimen honen bidez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hiru aldarrikapen nagusi jarri nahi ditu politikaren erdigunean:

  • 1080 €-ko gutxieneko pentsioa
  • Zerbitzu publikoen defentsa
  • Zaintza lanen partekatzea


ESK-k pentsiodunak agurtu eta zoriondu besterik ezin du egin ekimen honengatik, guztiontzako pentsio publikoak bermatuko dituen sistema publiko baten aldeko gizarte-mobilizazioaren katalizatzaile gisa balio izatea espero baitugu.


Mobilizazio hori garrantzi berezia hartzen ari da Diputatuen Kongresuan pentsioen erreformaren bigarren atalari buruz eztabaidatzen ari den une honetan. Pentsioen sistema publikoaren etorkizunerako une erabakigarria da; izan ere, haren aurkako erasoak mahai gainean jarraitzen dute, hala nola BGAEen hedapena eta sustapena, pentsioaren zenbatekoa zehazteko zenbaketa-aldiaren igoera eta Belaunaldien arteko Ekitate Faktorea, etorkizunean pentsioen zenbatekoen murrizketen oinarria izango dena.


Gainera, ezin dugu ahaztu Espainiako Gobernuak, bere konpromiso politikoak bete gabe, tinko jarraitzen duela pentsioak KPI errealaren arabera ez handitzeko borondatean,  eta horren ordez kalkulatzeko formula berri bat aplikatu nahi dute. Erabat onartezina da azken urtean bizitzaren kostua % 9 inguru igotzen ari den testuinguru honetan, gobernuak diru-zorroa lapurtu nahi izatea pentsiodunei, trilero-joko baten bidez.

ESK-k uste du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako bizikleta martxa une egokia dela kalera ateratzeko eta guztiontzat pentsio duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoa aldarrikatzeko. Zentzu horretan, Hegoaldeko hiriburuetan Txirrindularitza Martxaren etorrera dela eta antolatutako mobilizazioekin bat egitera animatzen zaituztegu.

  • Bilbo  Ekainak 17. 17:30 Udaletxean
  • Gasteiz Ekainak 19. 13:00 Andra Zuriaren plazan
  • Iruñea Ekainak 21. 18:25 Gaztelu plaza
  • Donostia Ekainak 25.11:30 Alderdi Eder


Era berean bai ibilbidean zein ekitaldi bukaeretan parte hartzera animatzen zaituztegu. Informazioa hemen kontsultatu ahal duzue.

 

Edoxeinek gobernatzen duelarik, pentsioen defentsan!
Pentsionistak Aurrera!