CCOOk eta UGTk edukirik gabeko akordioak sinatzearen alde egiten jarraitzen dute, euskal langileen %70 kanpoan uzten duen demokraziaren aurkako elkarrizketa-mahai batean.

 

Mesa de Diálogo Social en Euskadi: diálogo estéril
Argazkia: Diario Vasco

 

CCOOk eta UGTk oxigeno baloi berria eman diete Eusko Jaurlaritzari eta Confebaski, irailaren 14an elkarrizketa sozialaren mahaiaren antzezpenarekin. Bi sindikatuek edukirik gabeko akordioak sinatzearen alde egiten jarraitzen dute, euskal langileen % 70 kanpoan uzten duen demokraziaren aurkako elkarrizketa-mahai batean.

Argitaratu duten dokumentuaren arabera “akordioen” sinatzaileek, sindikatu sinatzaileek Eusko Jaurlaritzarekin eta patronalarekin dituzten harremanak elkarlanaren, elkarrizketaren eta adostasun sozialaren bidez arautzeko konpromisoa hartzen dute. Zer elkarrizketa merezi dute EAJ eta PSE bezalako alderdiek, EAE babes sozialaren eta zerbitzu publikoen aurka EBren presio fiskal txikiena duten lurraldeetako bat den aldetik? Zer elkarrizketa eta zer adostasun, Eusko Jaurlaritza euskal patronalaren beso politiko eta poliziala denean? Elkarrizketa, adostasuna, kontsentsu,... Langileen heriotzekin amaitzeko ezer egiten ez duen patronalarekin? Hainbaten prekarietate eta miseriaren kontura poltsikoak gizentzen dituztenekin?

 

Konfrontaziorik ez badago... akordio txarra

ESKk arlo guztietan bultzatzen dugun eredu sindikalean, elkarrizketa eta akordioa tresna bezala ulertzen ditugu. Alegia, langileentzako eta gizarte-aldaketaren aldeko aurrerapenak lortzera bideratuta egon behar diren tresnak. Guretzat, elkarrizketa, konfrontazio eta indar metaketa estrategia batekin batera ez datorrenean herren geratzen den tresna da. Tresna dena ezin da helburu bilakatu, bestela, aurkeztu berri diguten antzeko akordio antzuak baino ez dira lortzen.

Negoziazio-mahai horretan hartutako erabaki erreal eta ukigarri bakarra Lanbidek, ustez, ERTEek eragindako diru-sarrera txikiko pertsonei ematen dien laguntza irailaren 30era arte luzatzea izan da. Ez dago programa indartzeko konpromisorik, ez lerro bakar bat ere aztertzeko zergatik laguntza hori ez den iristen ari benetan iritsi behar denenengana, ezta nola ekidin laguntza jasotzeko dauden atzerapen-hilabeteak.

 

Etekin urriak

Sinatzaileek hainbat orri bete dituzte 4.0 industriaz hitz egiten. Ez konpromisorik, ez ekoizpen-ereduak biosferaren mugekin bateragarria den eredu bat sortzeko egin beharreko trantsizioari buruzko aipamen bakar bat ere. Kapitulu honetan ez dago ez neurririk, ez eurorik, akordio hau zergatik sinatzen den ulertzen lagunduko digunik.

Ildo beretik, lanbide-heziketara eta enplegu-hobi berrietara bideratutako kapituluetan: letra asko, eduki gutxi. Gobernu berak bere aurrekontuetan eta gobernu-planean jasotzen zuena ontzat ematea baino ez du jasotzen akordioa.

Sinatutako beste ‘akordio handi bat’ berdintasun-planen garapenari eta enpresetako soldata-arrakalaren aurkako borrokaren ingurukoa da. Antzaz, CCOOk eta UGTk azkar ahaztu dituzte aurreko hilabeteetan administrazio publikoek azpikontratatutako eremu feminizatuetan (gizarte-zerbitzuak, egoitzak, desgaitasuna, garbitzaileen kolektiboak, etab.) borroka sektorialetan partekatu ditugun aldarrikapenak. Ondo dago gobernuak sindikatuei diru-laguntzak ematea gure ordezkariak berdintasun-planetan prestatzeko, baina askoz hobeto legoke konpromisoa hartzea, konpromiso hori gutxienekoa izanda ere, prekarietatea eta soldata-arrakala murrizteko jaurlaritza bera patronala den sektore horietan.

 

Elkarrizketa sozialarekin, eskubideak galdu

Dokumentua osorik aztertu ondoren, penagarria iruditzen zaigu UGT eta CCOO bezalako bi klase-erakundek hamarkadetan zehar klase-posizioak eta eskubideak galtzera eraman gaituen itunen estrategian sakontzen jarraitzea. Ulertezina da, egunero langileoi mespretxurik handiena erakusten dieten Eusko Jaurlaritza eta patronalari opari hau musutruk ematea.

Elkarrizketa sozialaren estrategia antzuan sakontze horren aurrean, ESK sindikatuak konfrontazioaren eta mobilizazioaren bidearen aldeko apustua berresten du. Klase-posizioetan, eskubide sozialetan eta eraldaketa sozialean aurrera egiteko nahita nahizkoak baitira borroka, indar batuketa eta mobilizazioa. Bide horretan, beste erakunde sozial eta sindikalekin greba orokorrerako deialdi zabal eta zeharkako bat lortzeko aldera lan egingo dugu. Alegia, Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgo gobernuen politikak benetan baldintzatzeko eta patronalaren harrapakeriari eta bizitzarekiko errespetu-faltari muga jartzeko eraginkorra izango den Greba Orokor baten alde.

 

[module-XXXXXXXXXXXXXXXXXXXXX]

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua