Talde politikoei eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu legezko mekanismoak antola ditzatela, Estatuan bizi diren pertsona guztiek aukera berberak izan ditzaten lan publikoan sartzeko.

 

Osakidetzak langile etorkinak kaleratzen ditu

 

Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak Osakidetzan Europar Batasunetik kanpoko langileen kontratazioaren kudeaketari buruz egindako adierazpenak entzun ondoren, ESKk honakoa adierazi nahi du:

Quintas jaunak ederto adierazten duenez, kontratazio hauek Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 57. artikuluak arautzen ditu.

Legearen atal honetan aipatzen da funtzionario gisa enplegu publikora sartzea Europar Batasuneko kide diren nazionalei eta langileen zirkulazio libreari buruzko nazioarteko itunen aplikazio-eremuan dauden pertsonei bakarrik dagokiela.

Bai Osakidetzako Aldi Baterako Kontratazioari buruzko Arautegiak, abuztuaren 10ean SATSE eta SME sindikatuen akordioarekin EHAAn argitaratua, bai Osakidetzako EPEen Oinarri Orokorrek hitzez hitz jasotzen dute artikuluaren idazte hori.

 

Interes orokorreko arrazoiak

Hala ere, bai Quintas jaunak, bai Osakidetzan hautapen eta kontratazio-sistema arautzen duten araudiek, bai Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek, alde batera uzten dute artikulu horretako 5. puntua, hitzez hitz honela dioena: “Soilik Gorte Nagusien edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarren legearen bidez salbuetsi ahal izango da nazionalitatearen baldintza funtzionario izateko, interes orokorreko arrazoiengatik”.

ESK-k behin eta berriz salatu ditu Osakidetzak langileriaren arloan dituen egiturazko gabeziak, urte eta erdiko pandemiagatik larriagotu diren gabeziak. ESK-k salatu du, Osakidetzak berak aitortutako gabeziak gorabehera, behin-behineko pertsonala alde batera utzi dela, Europako nazionalitatea ez dutela argudiatuta.

Horren aurrean, eta “interes orokorrean” oinarrituta, ESK-k Eusko Legebiltzarrari, hura osatzen duten talde politikoei eta Eusko Jaurlaritzari berari eskatzen die Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako lege-mekanismoak artikulatzeko, eta, bere araugintza-eskumenen barruan, enplegu publikora sartzeko eskakizunak aldatu ditzaten, Estatuan bizi diren pertsona guztiek sarbide baldintza berdinak lortzeko.

 

Elkarrizketa entzun