Dokumentu honek Foro Sozialeko lantaldeek azken bi hilabeteetan egindako bileretan egindako ekarpen ugariak jasotzen ditu.

 

 

"Foro Sozial Iraunkorrak Covid 19 pandemiak sortutako agertoki berriari eta horrek indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko agendan dituen ondorioei buruz egindako azterketa eta gomendioak"

Aste hauetan, totemak ziruditen hamaika printzipio des-eraiki dira. Baina, aldi berean, besteekiko eta beste errealitate batzuekiko joan-etorriko elkartasuna sustatzeko beharraz jabetu gara. Izan ere, Foro Sozial Iraunkorrak beti jarri du arreta elkartasunean, Bakearen eraikuntzan beste batzuek ikasitakoari balioa emanez, gure errealitate zehatzera hurbiltzeko eta ikasten jarraitzeko, baita joan-etorriko prozesu batean ere. Elkartasun horrek batzen gaitu eta subjektu zabalago baten kide izatearen sentimendua indartzen du. Eta itxaropena elikatzen du testuinguru gogor eta konplexuen aurrean.

Egoera hau bereziki gogorra izan da indarkeria-mota desberdinen adierazpenak jasan dituzten biktimentzat (ETA, GAL, torturatuak, bahituak, desagertuak, etab.). Jakin badakigu derrigorrezko konfinamendu honek une mingarri haien oroitzapenean sakontzen duela.

Etxean nahitaez konfinatua egon beharra bereziki gogorra izaten ari da presoen senide eta hurbilekoentzat. Izan ere, areagotu egiten da arrazoirik gabeko urruntzeak eta salbuespeneko espetxe politikek berez eragiten duten mina. Gara hauetan, frustrazioa eta komunikaziozailtasunak are handiagoak dira.

 

Esperientzia komunitario berriak

Aitzitik, esperientzia komunitario berriak sortu dira arazo eta beharrei erantzuteko. Hurbileko sare sozial berriak sortu ditugu. Bigarren mailakoa erlatibizatzen eta benetan garrantzitsua zer den ikasi dugu. Behar materialak eta behar ukiezinak. Oinarrizko premien garrantzia: etxebizitza duina, elikadura, osasun-sistemarako sarbidea. Eta, batez ere, modu kolektiboan ikasi dugu pertsonen arteko bizikidetza, gizarte-kohesioa eta osasuna izan behar direla gure bizitzako balio nagusiak. Azken batean, aste hauetan agerian geratu zaigu gure ahultasuna gizaki gisa, bai eta elkarren arteko dependentzia ere. Eta  horrek erreakzionarazi egin digu: komunarekiko eta kolektiboarekiko kezka, elkarrekiko laguntza, elkartasuna, bestearen larruan jartzea, haserreak eta beldurrak kudeatzen ikastea, umorearen,  komunikazioaren, afektuaren eta askatasunaren garrantzia gure bizitzan... Hauek guztiak pandemia eta konfinamendu garaiaren ikaskuntzetako batzuk izan litezke. Horiek guztiek besteekiko dugun erantzukizunari buruz interpelatu egiten gaituzte, urrunekoak izan edo hurbilekoak.

Horregatik, enpatiarako, entzuteko eta elkarren artean zaintzeko uneak ere izaten ari dira. Azpimarratu nahi dugu muturreko egoeretan, batez ere, zaindu behar dela bizikidetza, kohesio sozialerako helburu eta tresna gisa. Eta, zentzu horretan, aste hauetan zehar, gure harri-koskorra modu apal eta diskretuan ekartzen saiatu gara.

 

Gizarte zibila

Foro Sozial Iraunkorrak beti azpimarratu izan du gizarte zibilaren paper aktiboa. Izan ere, euskal gizarte zibilak askotan erakutsi du irtenbide berritzaileak bilatzeko gaitasuna. Azken urteotan konponbidearen agendan emandako urratsak horren lekuko dira. Oraingo honetan, gizarteak erresilientzia komunitarioa erakutsi du norbanakoaren etsipenaren aurrean. Utopia distopiaren aurrean.

Alde hau amaitzeko, hausnarketa orokorrago bat gehitu nahi dugu. Osasun-krisi global bati aurre egin behar izan diogun arren, pandemiak ez du eragin bera izan pertsona eta lurralde guztietan. Pandemiak ez ditu mugak kontuan hartzen, baina dagoeneko desberdinak diren gizarteetan eta mundu-antolaketa zehatz batean hedatu da. Eta hauek bai, hauek arraza, generoa eta gizarte-klaseak kontuan hartzen dituzte, sektore zabalak zaurgarri bihurtzen dituzten kategorietako batzuk aipatzeagatik. Eta gauza bera esan daiteke kartzeletan edo CIESen askatasunik ez duten pertsonei, paperik gabeko migratzaileei edo etxeko langileei buruz ere. Adierazle horiek gure azterketetan eta eztabaidetan sartu behar ditugu datozen hilabeteetan.

 

Txostena deskargatu

 

[module282]