Euskadiko gizarte-errealitateak eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren zifrek gizarte-politikak premiaz berrikustea eta hobetzea eskatzen dute gaur. Hala adierazi dugu hainbat erakundek Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean.
Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala osatzen dugun kolektibo, gizarte-mugimendu, sindikatu, erakunde, plataforma eta sareek EAJk eta PSEk aurkeztutako eta Eusko Legebiltzarraren 2019ko ekainaren 27ko Osoko Bilkuran onartutako Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Lege-proposamena hurrengo legegintzaldian ezabatzea edo, gutxienez, nabarmen aldatzea eskatzu dugu Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean.
Kontuan izan behar da joan den urtean gizarte-babeserako sistemaren erreforma planteatu zela berriro ere, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Lege-proposamenaren bitartez. Hala, Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordeko mahaiak deialdia luzatu digu Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko zenbait erakunde, talde, kolektibo eta sareri Legebiltzarrean agerraldia egiteko, aipatu proposamenarekin lotuta geure ekarpenak egin genitzan.
DSBEa indartu behar da
Pertsonen bizitza hobetu ahal izateko, ezinbestekoa da sistema honek errealitatearen analisia INDARTU, EGUNERATU ETA HOBETZEA. Sistema honi behar besteko zilegitasun sozial eta politikoa emateko eskatzen diegu instituzioei; izan ere, Euskadin pobrezia eta gizarte-bazterkeria deuseztatu ahal izateko, beharrezkoa da beren konpromisoa handitzea eta sistemaren zerbitzura baliabide gehiago jartzea. Gure lurraldean:
- Emakumeak dira pobrezia-egoera errealen % 55en protagonistak.
- Emakumeak buru dituzten guraso bakarreko familiak dira pobrezia-egoeren % 30etako protagonistak.
- 172.307 pertsona (biztanleen % 8) bizi da pobrezia-arriskuan (hilean 541,27 euro baino gutxiago dute bizitzeko).
- 484.571 pertsona (biztanleen % 22,4) bizi da ongizate-gabezia arriskuan (hilean 811,90 euro baino gutxiago dute bizitzeko).
Gainera, beharrezkoa da hauxe azpimarratzea: Euskadiko Pobrezia eta Gizarte-desberdintasunari buruzko Inkestaren datuen arabera (2018)
- Pobrezia-arriskuan bizi den biztanleen zati handi bat ez da sisteman sartzen, hainbat arrazoi direla-eta (sarbide-baldintzak ez betetzea, informazio falta edo bestelakoak); guztira, 60.618 pertsona izan dira 2018an (arriskuan dauden familia guztien % 30,7).
- Sisteman sartzen diren biztanleen zati handi batek ez du pobrezia-egoera gainditzea lortzen; hain zuzen ere, 70.348 pertsona izan dira 2018. urtean (% 51,56).
Premiazko eta beharrezko neurriak
Azterketa egin ondoren, zera azpimarratu nahi dugu:
- BEHARREZKOA da Gizarteratze Sistema egoki garatzea eta Eskubideen aitortzan aurrera egitea:
- Diru-sarrerak bermatuta izateko eskubidea.
- Gizarteratzerako eskubidea.
- FUNTSEZKOA da lege-proposamenak darabilen « bizikidetza-unitate » kontzeptua birplanteatzea, ez baitauka kontuan euskal gizartean bizikidetzari dagokionez egun nagusi den errealitatea (ez da zertan lotura afektiborik edo bestelakorik izan). Etxebizitzako DSBE bakarra jasotzeko mugak babes-sistematik kanpo utziko ditu egun, pobrezia-egoerak eraginda, etxebizitza partekatu beharra duten milaka bizikidetza-unitate.
- EZINBESTEKOA da pobrezia edo gizarte-bazterkeria bizi duten pertsonek gizarte-prestazioak eskuratu ahal izateko irizpideak berrikustea, bizirauteko nahikoa baliabide izan dezaten, Eskubide Unibertsalen Adierazpenak zehazten duenez.
- PREMIAZKOA da prestazioen zenbatekoak berrikustea eta azken urteetan egin diren murrizketak berreskuratzea (LGSren igoera ez aplikatzea, edota % 7ko murrizketa), pertsonek pobrezia-egoera gaindi
dezaten ahalbidetze aldera. Adierazle egonkorra proposatu behar da; pobrezia-egoeratik irteteko balio behar du , eta bizi-mailaren arabera berrikusi beharko da. - GARRANTZITSUA da sistema pertsona guztientzat eta, bereziki, sistema erabiliko dutenentzat argia, irisgarria eta ulergarria izatea. Egungo sistema zaila da ulertzen, tramitazioa konplexua da herritar askorentzat eta zenbait elementuk interpretazio bat baino gehiago ahalbidetzen dute; horrek arazoak sor ditzake eta, ondorioz, eskubideak bermatzea oztopatu. Garrantzitsua da, baita, sistemen arteko interoperabilitatea eta koordinazioa bultzatzea, kudeaketa arindu eta hobetu ahal izateko.
- Gainera, aurkeztutako lege-proposamenean elementu asko daude gerora zehaztuko diren araudien menpe.
Bereziki kalteberak diren kolektiboak
Arreta berezia eskaini behar zaie bereziki kalteberak diren kolektiboei.
- Halaber, legearen diseinuan genero-ikuspegia txertatu behar da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 18tik 20ra bitarteko artikuluetan xedatzen denez: «aztertu behar du administrazio-arau edo -egintzan proiektatu den jarduketak ondoren positiboak edo kontrakoak izan litzakeen emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatzeko eta horien arteko berdintasuna sustatzeko helburu orokorrean».
- Legea emakumeen kontrako indarkeriari eta etxeko indarkeriari aurre egiteko Istanbuleko Hitzarmenera egokitu behar da. Europako Kontseiluaren Hitzarmen hori gure barne-antolamenduan txertatuta dago 2014. urtetik eta, hala, egungo lege-proposamenean jasotzen den « familia barneko indarkeria » terminoaren ordez, definizio berri bat jasota dago, emakumeek genero-desberdintasunaren ondorioz jasan ditzaketen indarkeria-egoera guztiak barne hartzen dituena.
- Haurtzaroaren interes gorenari lotutako ikuspegia txertatu behar da, Nazio Batuek sinatutako Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean xedatzen denez. Halaxe gogorarazten du Arartekoak ere 2015eko gomendioetan. Gainera, garrantzitsua da 18 urte betetakoan gure babes-sistematik irteten diren pertsonei arreta berezia eskaintzea, baita gazteen emantzipazio-prozesuei babesa ematea ere.
- Guraso bakarreko familiei arreta eta babesa emateko neurriak aurreikusi behar dira; bereziki, emakumeak buru dituzten familiei zuzenduta, horiek pairatzen baitute EAEn pobrezia-egoeren % 30.
- Pentsionista-nukleoaren kontzeptua berrikusi behar da, eta bestelako pentsiodunak (urritasuna, osasun mentala...) barne hartzen dituzten familietara zabaldu.
- Urritasun-arazoak dituzten pertsonei arreta berezia eskaini behar zaie, « menpekotasuna » eta « urritasuna » gisako kontzeptuak nahasi gabe; eta prozeduren fase guztietan publikotasuna bermatu behar da, pertsona espezifikoentzako prozedura espezifikoak ezarri gabe.
- Errefuxiatuentzako eta aberrigabeentzako arreta zaindu behar da, kolektiboak dituen zailtasun berezien ondorioz ezinbestekoa delako (ez koiuntura-egoeren ondorioz); eta asilo-eskatzaileei erreferentzia egiten dieten kontzeptu juridikoak berrikusi behar dira, horien idazketan arreta berezia jarrita. Izan ere, kontzeptuak zehazteko ahaleginean, baliteke pertsonaren bat kanpo uztea (hala gertatu da, kasu honetan, « arrazoi humanitarioak » direla-eta bizileku-baimena eskuratu duten pertsonekin).
- Gizarte-bazterkeria larria bizi duten pertsonei arreta eta sarbide-aukerak emateko neurriak birplanteatu behar dira, eta horiek sisteman sar daitezen bermatu.
Gaur hemen bildu garen erakundeek, geure agerraldietan, ekarpenak egin nahi izan ditugu sistemaren arazo horiek eta beste batzuk konpontzeko. Izan ere, Euskadiko egungo errealitate soziala aztertuta, eta pobreziari zein gizarte-bazterkeriari dagokionez erregistratutako zifrak ikusita, ezinbestekoa da sistema osoa berrikustea eta hobetzea.
Sinatzen dugu
- Erakunde sozialak: Argilan-ESK, Argitan (Centro Asesor de la Mujer de Barakaldo), Asociación de Mujeres de Basauri, Asociación de Trabajadoras de Hogar de Bizkaia, Berri-Otxoak (Barakaldo), Danok Lan (Galdakao), Elkartzen, Iskanbila, La Posada de los Abrazos-Besarkatuz, Mujeres del Mundo, Oficina de Derechos Sociales de Portugalete, Oficina de información y denuncia de derechos sociales Erletxea-Irun, PAH Kaleratzerik EZ-PAH Bizkaia, Punto de Información sobre RGI (Santurtzi), Stop Desahucios Bidasoa-Gipuzkoa, SOS Racismo y Trabajadoras No Domesticadas.
- Sindikatuak: STEILAS, ESK, CCOO, UGT.
- Hirugarren sektoreko sareak eta elkarteak: EAPN EUSKADI (Red europea de lucha contra la pobreza y la exclusión social, SAREEN SAREA (Red del Tercer Sector Social de Euskadi), CEAR Euskadi y Cáritas Euskadi.
Pobreziari buruzko beste kontaketa bat
EAJk eta PSEk gure gizartean pobreziari eustearen alde egin dute
DBSEaren errefoma honi ez
ESK-k erabat errefusatzen du Eusko Jaurlaritzaren DSBEaren erreforma
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5