Aurtengo martxoaren 8an grebara deitzen dugu berriz ere eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu.

 

rueda de prensa del movimiento feminista en Navarra sobre la huelga feminista del 8 de marzo de 2019

 

Duela urtebete inguru milaka emakumek* plaza hau bete genuen gure ahotsa altxatuz eta heteropatriarkatuari planto eginez. Baina Iruñeko gaztelu enparantza ez zen izan bete genuen bakarra, Nafarroa osoko plazak bete genituen:  Lizarra, Tafalla, Gares, Lodosa, Erriberri, Uharte Arakil, Irurtzun, Altsasu, Aurizberri, Jaurrieta, Nabaskoitze, Otsagabia, Izaba, Erronkari, Urtzainki, Lesaka, Larraun, Areso, Leitza, Andosilla, Tutera, Castejon, Agoitz, Irunberri, Bera, Elizondo, Baztan…

Aurrekaririk gabeko mobilizazioa izan zen, baina historikoki bere eskubideen defentsan borrokan aritu izan diren hainbat eta hainbat emakumeen* kemenagatik izan ez balitz ez zena posible izango. Hala ere, esan genuen bezala, eguneroko borroka da eta emakume* guztiak libre izan arte ez dugu etsiko.

 

2019ko martxoak 8an greba feminista

Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitzen dugu berriz ere eta gaurtik aurrera antolatzen ari garen eta iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu.

Nafarroako Koordinadoratik landa-eremu eta herrietan egiten den lana nabarmendu nahi dugu eta arreta mediatikoa hiri eremuetan egiten diren ekintzetatik haratago eraman. Hori dela eta, aurtengo grebak izaera deszentralizatua izango du eta herri bakoitzeko Asanbladak izango dira greba eguna eta aurretiko mobilizazio eta ekintzen formatu eta markoa zehaztuko dutenak. Beraz, hurbileko eremuetan; herri, auzo edo hirietan antolatutako asanblada eta ekintzetan parte hartzera animatzeko deia egiten dugu, tokian-tokiko deialdiak indartuz.

Aldi berean Euskal Herriko Mugimendu Feministaren autonomian berresten gara. Gauzak horrela, ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko, ezta honen erabilpen partidista edo korporatibista interesaturik ere. Horregatik Mugimendu Feministak zabaldutako iruditegi, mezu eta aldarrikapenak erabiltzeko gonbita luzatzen dugu, beste sindikatu, alderdi edota antolakundeen kolore eta siglek protagonismoa bereganatu ez dezaten.

Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere. Greba feministarekin, hetero-patriarkatu-kapitalistari PLANTO egingo diogu! Heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuek egiten dugu planto; ez bakarrik emakumeak. Greba feministaren subjektu guztiak ez gara emakume bezala izendatzen. Are gehiago, iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela. Baina, gaur egun, kategoria hori baliagarria zaigu zapalkuntza izendatzeko. Horregatik erabiltzen dugu asteriskoa emakume* hitza erabiltzen dugunean, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari garelako eta ez dugulako zapaldutako subjekturik kanpoan utzi nahi.

 

Zein eremutan egingo dugu greba?

Bizitzaren eremu guztietan egingo dugu greba, ordaindutako lanetatik doan egiten ditugun lanetaraino; greba sexualitatean, gure kontsumo ereduan, familia eraikitzeko ereduan, jakintzak eraikitzeko ereduan; arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduaren aurrean eta zapalkuntza guztien aurrean.

Patriarkatuak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako. Horregatik, bost ardatzetan antolatu dugu greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo greba feminista izango da.

Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu. Horretarako, zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu, politika publikoen zeharkako ardatza izan dadila, pertsonen zaintza ez dadila zapaldutakoon eskubideen bizkar geratu. Finean, paktu sozial berri bat eskatzen dugu. Bide horretan, parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbestean lotu behar ditugu sakoneko eraldaketa prozesu batekin.

Berritasun bezala, eta grebaren antolakuntzaren bost ardatzetatik kanpo, aurten, zaintzaren gatazkari zentralidadea eman nahi diogu. Horrela, soldatapean zein modu doakoan lan egiten duten emakumeekin* aliantzak estutzera, saretzea eta indartzea bilatzen dugu. Baita kapitalismoak inposatzen digun esplotazioa edota administrazioaren aldeko konplizitateak seinalatuz agerian jartzea ere.

 

Greba nola egin?

Iaz bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira emakumeontzat*:

  1. Lantoki eta ikasgeletan greba egitea.
  2. Gure herri, auzo edota hirietako mobilizazioetan parte hartzea.
  3. Zaintzeari uztea.
  4. Amantala balkoian eskegitzea.
  5. Gure eskualde edo arloan greba antolatzea eta zabaltzea.
  6. Besoko morea eta txapa ipintzea, grebarekin bat egiten dugula adierazteko.

Martxoaren 8an EZ kontsumitzera deitzen dugu. Hiriak, herriak eta auzoak geldiarazi nahi ditugu, eta argi utzi emakumeak* gelditzen bagara, baita sistema kapitalistari ekarpena egiteari utziz, mundua gelditzen dela. Beraz, kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa eta praktika arduratsua izatera deitzen dugu, lan eremuan esplotatzen gaituzten eta publizitatearen bidez kosifikatzen gaituzten enpresetatik kanpo beste ekoizpen eredu batzuk posible direla ikusaraziz.

 

Planto!

Hau guztia dela eta, martxoaren 8an PLANTO EGINGO DUGU:

  1. KAPITALISMOAREN aurrean, kapitalaren interesak erdigunean jartzen dituelako, eta ez bizitza, eta ez pertsonen beharrak. Zaintza lanen bidez emakumeek* sostengatzen dugun kapitalismo bat, prekarizatuta mantentzen gaituzten amaigabeko lanaldiak jasatearekin batera.

  2. PATRIARKATUAREN aurrean; “Emakume” bezala eraikiak garenon dominazioa dakarren botere sistema, eremu guztietan harreman hierarkikoak sortuz: enplegu prekarioak, lan doakoa, indarkeria matxista eta feminizidioa, injustizia patriarkala, gure gorputzen kontrola, publizitate sexista, emakumeon* inbisibilizazioa zientzian… 

  3. HETEROARAUAREN aurrean; heteroarauaren bazterrean kokatzen garenok sistemaren zapalkuntza eta zigorrak jasaten baititugu. Bizitza eredu bakarra jarraitzera behartzen zaigu: heterosexualitatea, lanaren sexu araberako banaketa, gizonen desirak asebetetzea, amatasun normatiboa, familia nuklearraren eta etxearen zaintza … Guk heteroaraurik gabeko bizi eredu anitzak aldarrikatzen ditugu!

  4. KOLONIALISMOAREN aurrean; pertsonen eta lurraldeen arteko botere harremanak eragiten dituelako, pentsamendu eurozentriko unibertsala inposatuz. Kapitalismoak arrazializatutako gorputzak mespretxatzen ditu, deshumanizatu egiten gaitu eta eskubideez desjabetu. Faxismoaren, arrazakeriaren, islamofobiaren eta europako politika hiltzaileen handitzearen aurrean, feminismo antiarrazistaz astinduko ditugu kaleak!

  5. KAPAZITISMOAREN aurrean; aniztasun funtzionala duten pertsonen zapalkuntza eredua, sistemak “produktiboak” kontsideratzen ez dituen gorputzak “ez gai” bezala identifikatu eta alboratzen dituelako. Eskaera kapitalisten araberako gizartearen banaketaren inposizioa ere salatuko dugu!

Beraz, Nafarroako koordinadoratik dei egin nahi diegu emakume, trans eta bollerei kaleak aldarriz betetzera eta auzo, herri edota hirietan modu autonomoan antolatzera, aliantzak sortuz eta borrokak batuz.

Hurrengo martxoaren 8an berriz planto egingo dugu eta kaleak,  plazak, egunak eta gauak gureak egingo ditugu.

 

 

 

NAFARROAKO MUGIMENDU FEMINISTA