Arabako Lautadan alokairu publikoko etxebizitzen esleipena gehiegikeria bihurtzen ari da azken hilabeteetan. Alokabidera helarazi dituzten alegazio-idazkiak onartzeko eskatzen dugu.

 

 

Arabako Lautadan alokairu publikoko etxebizitzen esleipena gehiegikeria bihurtzen ari da azken hilabeteetan. Alokabide Aguraingo eta Araiako balizko esleipendunak derrigortzen ari da euren proposamenak onartzera, nahiz eta pertsona horiek alokairuko etxebizitza horiek arbuiatzeko egin dituzten administrazio kudeaketek kalteak ekarriko lizkiekeen. Ondorioz, Etxebide bere zerrendetatik kanpo uzten ari da etxebizitzak baztertu dituzten pertsona guztiak. Kontua ez litzateke gehiagotara joango DSBEri buruz Lanbideren araudia ez balitz, izan ere, Etxebideko zerrendetatik ateratzeak diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta PCV jaso ahal izateko baldintzak ez betetzea dakar.

Herritar askok Etxebiden izena eman genuen etxebizitza eskatzaile gisa, bai DSBErako baldintza hori betetzeko, bai alokairuko etxebizitza aurkitzeko bide egokia izango zenaren ustetan. Hala ere, urte batzuk igaro behar izaten dira Etxebiden izena ematen denetik izaera horretako etxebizitza bat esleitu arte. Bitarte horretan, askotan, baldintza onetan dagoen etxebizitzaren bat lortu dugu, batzuetan altzariekin eta guzti, besteetan finkatuta gauden tokian eta bizilagunekin zuzeneko harremana izanik prezio egokian eta eremu horretako baliabideetara (ikastetxe, osasun zentro, merkataritza, gizarte-arloko, etab.) egokitu eta ezagututa, beraz, bizitoki-aldaketa horrek kalteak ekarriko lizkiguke. Alokabidek eskaintzen dituen etxebizitzek askotan ez dute altzaririk izaten eta hornigaietan alta ordaindu behar izaten da, besteak beste. Laburbilduz, esleitutako etxebizitza aukera ona izan daiteke alokairuaren prezioari bakarrik begiratzen bazaio baina, errealitatea da ez dela inongo mauka izaten. Kasu hauetan, askotan, babestutako etxebizitzari uko egiten zaio eta horrek Etxebideko zerrendatik epe batez kanpo geratzeko arriskua dakar.

Pertsona edo familia hori DSBE jasotzailea bada, babes ofizialeko etxebizitzari uko egiten badio, PCV eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eteteko edo iraungitzeko zigor gogorra izango du. Duela gutxi arte, Arabako Lautadan, Alokabide/Etxebidek onartu egiten zuen esleipen horri errekurtsoa jartzea, eta bertan, egiaztatu egiten zen pertsona esleipendunari kalte ekonomikoa eragiten zaiola.  Ez da batere erraza jendeak ezin duela erabaki ulertzea, ezta ere bizitokia izango den etxebizitza baten eta bestearen arteko alde on eta txarrak kontuan hartu ondoren, batez ere, alokairu publikoko etxebizitza eskatzaileen zerrenda luze bat dagoenean.

 

Egoera mingarriak

Egoera mingarrien lekuko gara. Egoera horietan, pertsona edo familiak, behartuta daude etxetik ateratzera eta fidantza ordaintzeko zorpetzera, argi, gas, ur eta gainerako hornikuntzetan alta ematera, altzariak erostera, seme-alabak ikastetxez aldatzera eta abar eta kasu askotan, egoera horiek, pertsona horien egonkortasunean galera eta gizarteratze prozesuan atzerapen argia eta nabarmena eragiten dute.

Gure ustez, DSBEak eta PCVak gizarte-bazterketaren aurkako borroka-tresna gisa ezartzen dute gure EAEn, pertsonak eta haien gizarte-premiak oinarri hartuta eta horietara egokitzen saiatuz. Horregatik, uste dugu, pertsonei, euren ostatua aukeratzen uztea, baldin eta horrek Administrazioari aparteko kosturik eragiten ez badio, prestazio ekonomiko hau arautzen duten oinarriek erabat bermatuko luketela.

 

Alegazio-idazkiak Alokabiden

Horregatik guztiagatik, Arabako Lautadako pertsonek Alokabidera helarazi dituzten alegazio-idazkiak onartzeko eskatzen dugu, izan ere, bertan, alokairu publikoko etxebizitza baten esleipenari gaitzespena eskatzen dioten inguruabar pertsonalak azaltzen dira.

Azkenik, esan behar da, Eusko Jaurlaritzak gaur egun duen Etxebide/Alokabideren araudia aldatzeko borroka egingo dugula, malguagoa egin dezan eta etxebizitza bat onartzeak eragiten dituen gastuak pertsonen egoerara egokitzeko eta, horrela, etxebizitza bat onartzeak bere eguneroko bizitza zaildu ez dezan.

Sinatzen dute: Argilan-ESK, Elkartzen, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba eta Plataforma por los Derechos Sociales de Gasteiz (PDS), ESK, ELA, LAB eta STEILAS. Gainera, Zalduondo eta Araiako alkateak eta Arabako Lautadako kuadrillako ordezkari gehienak.