Osakidetzan lan egiten dugunok egunero pairatzen dugu nola hondatu dute Osasun Publikoa. Ikusi besterik ez dago nola gertatzen diren mobilizazioak hainbat ESItan zehar; nola borrokatzen diren biltegietako plantillak, Gurutzetako larrialdietako langileen batzarra, larrialdietako zerbitzukoak, TGEEZ, Santiagoko eta Txagorritxuko ebakuntza-geletako langileak, lehen arretako lankideen borroka, langile falta, nola handitzen diren lan-kargak, kontziliazio neurri eraginkorrik ez dagoela, zein gaizki kudeatzen diren LEPak eta kontratazio-zerrendak, eta abar.

Herritarrak ere jakitun dira eskaintzen den zerbitzuaren prekarietateaz, eta agerian geratzen da inkestetan Osakidetzaren egoera bigarren kezka bihurtu dela Deustobarometroaren datuen arabera. Inkesta horrek berak erakusten du, halaber, herritarrek Osakidetzari suspentso bat ematen diotela azken hamarkadan lehen aldiz. Herritarrak argi daukate, eta aspalditik ari dira auzoka eta udalerrika antolatzen, kalitate-galera horri erantzuteko.

Arazo horiek lan-baldintzen okertzearekin lotuta daude argi eta garbi, eta, hala ere, Sagardui sailburuak adierazpen batzuk egin ditu duela gutxi, egia ukatuz eta mobilizazioak bere gobernuaren aurkako konplot moduko bati leporatuz. Biktimismo hori errealitatea ukatzeko modu bat da, eta Osakidetza duin bat izateko irtenbide ausarten bilaketa atzeratzen du.

Sagardui andrea, Osakidetzako langileak kalera aterako gara zerbitzu publikoen duintasuna berreskuratzeko. Hemen dagoen konplot bakarra Zerbitzu Publikoen desegiteatik onurak ateratzea besterik pentsatzen ez dutenena da.

ESK-k greba hauen kanpainan esaten dugun bezala, "Gure dirua txorrakerietan gastatzen duzue". Osakidetzak adreiluan gastatzen du gure dirua, bere langileekin egin litzakeen zerbitzuak azpikontratatzen ditu, eta zerbitzuak pribatizatzeak eragiten dituen gainkostuak ordaintzen gastatzen du gure dirua. Gure dirua autokontzertazioetan eta Osasun Pribatuari ordaintzen gastatzen du itxaron-zerrendak murrizteko, baliabide propioekin egin beharrean.

ESK-tik argi daukagu, Osakidetzak alferrik gastatzen duen diru hori guztia gure lan-baldintzak duintzen gastatu behar da, zerbitzu publikoak duintzen, plantillak handitzen, behin-behinekotasuna desagerrarazten, euskalduntze-planetan langile publiko guztiek euskaraz ikasi eta lan egin ahal izateko behar diren baliabide guztiekin, baliabiderik gabeko konpromisoak konpromiso hutsak direlako. Berdintasunerako eta kontziliaziorako neurrietan aurrera egin behar da. Gaur egun enpresa pribatuen esku dauden zerbitzu guztiak publifikatu behar dira. Azken 14 urteetan %20 inguruko erosteko ahalmenaren galerarekin amaitu behar da.

Orain da garaia, aukera bat dugu euskal alderdi politikoek Zerbitzu Publikoen hobekuntza inbestidura- eta legegintzaldi-eztabaiden erdigunean jartzeko.

Horregatik guztiagatik, ESK-k urriaren 25erako eta abenduaren 19rako grebetan parte hartzera animatzen zaituztegu. Zerbitzu publikoen eta lan-baldintza duinen alde.

 

Grebara!

 

Twitter