Lan-baldintzen eta osasun publikoaren narriadura salatzen dugu, eta ohartarazten dugu langileen aldarrikapenei erantzuten ez bazaie mobilizazioek aurrera jarraituko dutela.

« Sailburuak langileei entzun behar die, eta haien aldarrikapenei erantzun, konpromiso zehatzen eta neurri eraginkorren bidez »
ESK-k zorionak eman nahi dizkie Osakidetzako langile guztiei grebaren lehen jardunaldiak izan duen jarraipen zabalagatik, bereziki Lehen Mailako Arretan. Langileek beste behin erakutsi dute eskubideak eta kalitatezko osasun publikoa defendatzeko borrokarako gogoa, konpromisoa eta irmotasuna dituztela.
Greba-jardunaldi honen jarraipenak agerian uzten du Osakidetzan dagoen egonezin sakona. Langileen lan-baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea okertuz joan dira azken urteotan, eta Osasun Saila ez da egoera hori iraultzeko beharrezko neurriak hartzen ari.

ESKren ustez, sailburua ez da behar duen guztia egiten ari lan-baldintzak hobetzeko eta Osakidetzak arrastaka daramatzan egiturazko arazoei erantzuteko.
ESK-k benetako negoziazioa eta gardentasuna eskatzen ditu Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiekin. Mahai Sektorialeko negoziazioak iruzur bihurtu dira. Gizarteari elkarrizketaren eta negoziazioaren irudia helarazi nahi zaio, baina, benetan, epeak luzatu eta konponbideak atzeratzea besterik ez da egiten ari. Langileek ez dute denbora gehiago galtzeko: 18 urte daramatzagu indarrik gabeko hitzarmen batekin, eta ez gaude gehiago itxaroteko prest.
Gaurko greba-jardunaldia mezu argi eta irmoa da sailburuarentzat: langileei entzun behar die, eta haien aldarrikapenei konpromiso zehatzekin eta neurri eraginkorrekin erantzun behar die. Langileak prest daude beren etorkizunaren eta osasun publikoaren etorkizunaren alde borrokatzeko. Sailburuak aldarrikapenei erantzun gabe jarraitzen badu, mobilizazioek aurrera jarraituko dute. ESK-k batasunaren alde egiten du, baita langileen antolakuntza eta mobilizazioa indartzearen alde ere.










