Arabako ESIko zuzendaritzak Txagorritxuko sukaldeko 5 pertsona kaleratzea proposatu du, nahiz eta zerbitzuak eragin handia izango lukeen eta zerbitzuaren kalitatea eta osasungarritasuna okertuko lituzkeen.

« Lan berdina egonda, kaleratu beharrean plantillan formalki sartu beharko lirateke »
Txagorritxuko sukaldeko zerbitzuko operarioek mobilizazioei ekin diete Araba ESI-ko zuzendaritzak zerbitzu horretan planteatu dituen murrizketen aurka. Plantillak kezkaz bizi du lanpostu-galera hori; izan ere, enplegua galtzeaz gain, zerbitzuaren kalitateak eta osasungarritasunak txarrera egingo baitu. Hori dela eta, langileek pultsuari eutsi diote egungo zuzendaritzarekin, eta zuzendaritzak, aldi berean, Osakidetzako zuzendaritzari egozten dio ardura.
Aho bateko mobilizazioa
Gaur goizean, Txagorritxuko sukaldeko plantilla osoa kalera atera da Araba ESI-ko zuzendaritzak zerbitzuan planteatutako murrizketak salatzera. Zuzendaritza Osakidetzako zuzendaritzaren ezetzaren atzean ezkutatzen da, lan horiek estrukturalak direla onartzeari uko eginez.Esan beharra dago egoera hau urteetan zehar behin-behinekotasunaz egin den abusuaren ondorioz sortu dela, sukaldea ospitalearen funtzionamendu egokirako ezinbesteko zerbitzua eta erabiltzaileen ongizaterako erabakigarria denean.
Santiago eta Txagorritxu berrantolatu aurretik, Txagorritxuko sukaldean 300 dieta mota desberdin prestatzen ziren, erabiltzaileen beharren arabera. Bost pertsona horien kontratazioa berrantolaketa hark ekarri zuen eguneroko 150 dieta gehiagoko hazkundeari aurre egiteko gertatu zen. Hau da, gaur egun 450 dieta egiten dira guztira egunero, eta laster asmoa da plantilla egun guztietarako greba-egunetan egongo litzatekeen bezala uztea.

Gutxieneko zerbitzuak betikotu
Onartezina da sukaldea bezalako zerbitzu batean gutxieneko zerbitzuak betikotzea; izan ere, gai honek ospitaleratze-solairuen funtzionamenduan eragingo du dieta horien banaketa atzeratzean, eta, horrez gain, garbiketan eta desinfekzioan ere ondorioak izango ditu, bai sukaldeko tresnerian, bai dietak solairuetara eramateko erabiltzen diren aparatuetan. Hau guztia oso garrantzitsua da ospitale-eremuan, pazientearen segurtasuna arriskuan jartzen baita.
Janaria banatzeko atzerapen horiek pazienteengan izango lukete eragina, noski, baina baita ospitalearen funtzionamenduan eta gainontzeko kategoria profesionaletan ere. Adibidez, kasu gehienetan, medikazioa hartzea elikagaiak hartzearekin lotuta dago.
Plantillan sartu
Plantillak gai honi lehenbailehen irtenbidea ematea eta beharrezko garrantzia ematea eskatzen du, bost pertsona horiek falta diren lehen egunetik nabariak liratekeen ondorio horiek guztiak saihesteko, ospitale-eremuan egoera onartezinak sortuko bailituzte; hori dela eta, langileek beren lanpostuak defendatzeko beharrezkoak ikusten dituzten ekintzekin jarraituko dute.
Logika kontua da: denbora luze honetan guztian bost operario horien lana beharrezkoa izan bada eta eguneroko dieta kopurua gutxitu ez bada, bost pertsona horiek ezinbestekoak izaten jarraituko dute, eta ez dago beste konponbiderik plantillan modu formalean sartzea baino.
Arabako ESI-ko langileen Batzordea








