Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak aldi baterako kontratazioa asaldatu egin du Espainiako erresuman.

ESKronika deskargatu

 

Duela egun gutxi Europako Justizia Auzitegiak bi epai eman zituen (2016-09-14ko C-596/14 gaia eta 2016- 09-14ko C-184/15 eta C-197/15 gai metatuak); epai hauek aldi bateko kontratazioa goitik behera alda dezake Espainiako erresumako legeria, batez ere kontratazio hau administrazio publikoetan ematen denean.

Epaiak azaldu aurretik zuhurtziaz hartu behar ditugu. Espainiako auzitegiek (Madrilgo Auzitegi Nagusia eta Euskal Herriko Auzitegi Nagusia) Europako Auzitegiari zuzenduriko galdera aurrejudizial batzuei erantzuten diete epai hauek, beraz, ikusi behar da auzitegi hauek nola interpretatzen dituzten epai europar hauek. Behin betiko epaiak ematen ez diren bitartean ezingo dugu jakin gai honek izango duen ibilbidea.

2016ko irailak 14ko C-596/14 gaiari dagokion epaiak erabakitzen du bitarteko lan-kontratu batek lan harremana amaitzean kalte-ordainketarik izan behar duen ala ez. Langileen Estatutuaren 49.C artikuluaren arabera, bitarteko eta heziketa-kontratuek ez dute kalte-ordainketarik, aldi baterako gainontzeko kontratuek, aldiz, hamabi eguneko kalte-ordainketa dute. Bada, denboraldi jakin baterako lanari buruzko 1999/70CE-ren zuzentarauaren laugarren klausulan oinarriturik, “Diskriminazio printzipioa” aztertzen duena, Europako Auzitegiak dio kontratuaren bukaerarako kalte-ordainketak berdina izan behar duela, berau lan baldintza bat baita (finko eta aldi baterako batek antzeko lanak egiten dituztenean). Hau dela-eta, aldi baterako kontratuen kalte-ordainketa urteko hogei egunekoa izan daiteke. Zalantzarik gabe, kontratu hauek lege-iruzurreko kontratuak direnean, kalte-ordainketa iraizpenagatik bidegabeko kaleratzearena izan beharko luke.

C-184/15 eta C-197/15 gai metatuen epaiak Gasteizko Udala eta Osakidetzaren aldi baterako iruzurrezko kontratazioa erabakitzen du. Epaiak dio aldi baterako kontratuen legez kontrako erabilera bat ematen denean, langileentzat babes- eta berme-neurri eraginkorrak ezinbestez ezarri behar direla. Administrazio publikora heltzea arautzen duen legeriak dio aldi baterako kontratu bat ezin dela mugarik gabeko kontratu bat bihurtu, ez bada Lan-eskaintza Publiko baten bidez egiten; Auzitegi europarrak, amaitzeko, dio langile hauek mugarik gabeko ez-finkotzat hartu behar direla. Estatuaren jurisprudentziak sortu zuen kontratu mota hau; oso ezaguna, tamalez, EITB taldearen erruz.

Aipatzen genuen zuhurtzia ahaztu gabe, gure ustetan, epai hauek prekarietatearen aurka borrokatzeko bitarteko berriekin hornitzen gaituzte. Arlo juridikoan, gure ustez, kontratu-desegite guztiak errekurritu beharko lirateke. Honez gain, aldi baterako kontratuak amaitzean, kaleratzearen desegokitasuna edo bidezkotasuna auzitara eraman ez ezik, kalte-ordainaren kopuruaz ere auzitara eraman daiteke. Ildo honi helduz, jasotako kalte-ordainen eta irizpide berriekin jaso beharko liratekeen kopuruen arteko defirentziak ere auzitara eraman
daitezke.

Bi egoera hauetako bat pairatu baduzue, sindikatuaren zerbitzu jurudikoekin harremanetan sar zaitezkete, urte bateko epea baitugu erreklamaziorik egiteko kontratua amaitzen denetik. Lana izendapenaz eman bada funtzio publikoan, epea lau urtekoa da.