Manifestu honekin bat egin eta sina ezazu. Trantsitoan dauden pertsonei elkartasuna adierazteko datorren urtarrilaren 26an arratsaldeko 5etan Irunen (FICOBA) egingo den manifestaziora etor zaitez!
“Itsasartea zena orain amildegia da” abesten zuen orain urte batzuk DUT rock talde hondarribiarrak. Bi hamarkada pasa ondoren amildegi hori txikiagoa egin beharrean gero eta handiagoa egin da gure begien aurrean.
Europako gotorleku gaindiezina errealitatea eta mundua bereizten duen hesia altxatzen saiatu da, Europako ametsa alanbrez josiz, kontinente honen hiritarren bihotzarekin batera. Hesia fisikoa da baina ez estatikoa. Hesiak zeharkatu eta bidaia jarraitzea lortzen dutenen alboan darrai.
Bidaia hori gure herriraino ekartzen ditu asko, gure etxeraino, Iruneraino. Dagoeneko 7 hilabete pasa dira dozenaka lagunek eta eragilek, Irungo hiritar sarean antolatuak, gure laguntza eta babesa ematen diegula euren bidaia jarrai dezaten. Elkartasunez ari gara, ez karitateaz, elkarrekiko babesaz, bestearen azal eta begietan errekonozitzeaz. Gizatasunez eta justiziaz ari gara.
Irunek bere besoak zabaldu ditu. Izan ere, Euskal Herriak beti zabaldu dizkie bere besoak herri honen bizitzan parte hartzera etorri direnei, herri honen historiari ekarpena egitera etorri direnei. Baina beste behin ere, herri ekimenak instituzio eta politikari profesionalei aurre hartu die. Irungo hiritar sareko boluntarioak izan dira hasieratik, krisi humanitario hau hasi zen unetik, kalera atera zirenak gure herritik igaro diren ehunka gazte hauei laguntzera eta babesa ematera. Oso harro gaude egin eta egiten ari garen guztiarekin. Antolatu gara eta autogestionatu gara instituzioen laguntzarik gabe, hauek hasieratik berandu eta gaizki jokatu dute eta. Irungo Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez diote era garbian egoerari aurre egin nahi izan. Hilabete hauetan zehar, instituzio hauek inprobisazioz jokatu dute epe motzerako erantzunak emanez, epe luzerako erantzun, plan edota politikarik planteatu gabe. Hau krisi humanitario latza da, eta eraginkor, solidario, afektibo eta humanoak diren erantzunak behar dira.
Konpontxoak jartzeak eta egoera arintzeko eskuragarri dituzten baliabideak ez erabiltzeak ez du ehunka gazte horiek etorrera saihestuko.
Politikariei konponbideak jartzea eta arazo berririk ez sortzea eskatzen diegu, harrera duin eta integral iraunkorra.
Instituzioei eskubideak bermatu eta alternatibak sortuko dituen migrazio politika garatzea eskatzen diegu.
Giza eskubideen errespetua eta pertsonen zirkulazio askea aldarrikatzen dugu. Ilegala den pertsonarik ez dago. Ez beroan egiten diren itzulketei!!!
Munduko potentzia ekonomiko nagusiek, Afrikan eta gaizki izendutako hirugarren munduan, egiten dituzten espoliazio eta arpilatze politika neokolonialistak irmoki salatzen ditugu. Hauek planetaren milioika lagun miseria edota emigraziora eramaten baitituzte.
Honaino iristeko bere etxe eta herriak uztera behartuak izan diren pertsonentzako errespetua eskatzen dugu. Inork ez du bere edo bere seme-alaben bizitzak arrazoirik gabe arriskuan jartzen. Denok migranteak gara ala izan gara, eta Euskal Herriaren historia harrera pasarteez ez ezik ihesaldi garaiez ere beteta dago.
Bukatzeko, goitik gobernatzen gaituzten horiei hitz egin nahi diegu. Europa klasikoko ultraeskuin eta alderdi nazional-populisten olatu berriaren xenofobia eta gorrotozko diskurtsoa asimilatzen ari diren Europako elite politiko eta gobernuari: errezeta sinpleak eskaintzeak ez du balio konplexutasun handiko arazo eta errealitateei aurre egiteko. Europa, Salvini edota Casadoren gogoz kontra, harrera kontinentea da. Mendeetan zehar hala izan da eta hala izaten jarraituko du.
Europako etorkizuna kultura anitzekoa izango da, nahastera, elkartzera, gerturatzera, ulertzera eta besarkatzera kondenatuta baikaude.
“Itsasartea zena orain amildegia da” abesten zuen DUT rock talde hondarribiarrak. Gure esku izango dugu, hein handi batean, amildegi hau txikiago egitea.
Manifestu honekin bat egin eta sina ezazu. Trantsitoan dauden pertsonei elkartasuna adierazteko datorren urtarrilaren 26an arratsaldeko 5etan Irunen (FICOBA) egingo den manifestaziora etor zaitez!
Sareak:
- Twitter: @IrungoHS
- Facebook: facebook.com/irungoHS
- Instagram: @irungo.harrera.sarea
- Mastodon: @IrungoHarreraSarea
Jakinarazte ekonomikoak egiteko kontu korrontearen zenbakia honako hau da: : ES17 3035 0059 8905 9011 4903 (Laboral Kutxa).