Argi dago gobernuko kide diren alderdientzat, lehentasuna ez direla gure jendartean zailtasun gehien pasatzen ari diren pertsonak. Harritzekoa dena da EH Bildu aurrekontu hori negoziatzen aritzea, kaltetutako kolektibo horiek guztiak ahaztuta, DSBEko murrizketak erretiratzea baldintza bezala jarri gabe.

 

 

Iazko ikasturtea, besteren gainetik, bi jendarte mugimendu nabarmendu ziren ikasturtea izan zen: mugimendu feminista eta pentsio publiko duinen aldeko mugimendua. Zenbatu ezin diren mobilizazioak egin ostean, pentsiodunen mugimenduak gaurkotasun betean jarraitzen du. 40 aste mobilizazio etengabean.

Borrokaren eredu garbia. Pentsioen aldeko gaur egungo borroka, pertsona gehienak pasako garen etorkizuneko pentsio duin, publiko eta unibertsalaren mantentzea da. Hori dela eta kaleak hartu dituzten pertsona horiekin bat egin behar dugu.

Iaz, era berean, mugimendu feministak gauzak nola egin behar diren erakutsi zigun. Batzen duena indartuta eta banatzen duena kanpoan utzita. Pasa den martxoaren 8an greba orokor historiko bat lortu zuten. Aurten, guztiak adierazten duenez, mobilizatzen eta agenda politiko eta soziala ezartzen jarraituko dute. Bi mugimendu horien aldarrikapenak euren interes propioetatik harago doaz, eta jendarte eredu justuago bateranzko aldaketetan aurrera egiten dute.

Zoritxarrez, beste urte batez, azaroaren 25ari aurrekoetan bezalako neke sentsazio berdinarekin aurre egin diogu. Urtetik urtera, egoerak hobetu beharrean okerrera egiten duela ikusten dugu, are gehiago, ez da soilik emakumeen aurkako indarkeriak dirauela, badirudi inork ere ez duela jasaten ari garen egoera serio hartu nahi. 2018an Euskal Herrian  7 emakume* erail dituzte. Ez dira hil, ez da ezustekoan gertatu eta ez da gaitz bat ere, 7 emakume* erail dituzte 7 gizon normal eta arruntek, auzokide on, lagun, patriarkatuaren 7 seme osasuntsuk, hori da, hain zuzen, arazoa.

Argi izan behar dugu ezin dela jendarte zuzen, justu eta berdintasunezkoa izan emakumeak, emakume izate hutsagatik,  erail eta erasotzen dituena. Ondo dakigun bezala, erailketak, erasorik mediatikoenak edo hain ohikoak diren epai judizial gaitzesgarriak emakumeok jasaten dugun indarkeriaren zati bat besterik ez dira. Feminismoa ez da aukera bat, behar bat da, eskubide guztiak pertsona guztientzat izan behar direla uste dugunontzat, bederen; ezin dugu bestaldera begiratu.

Bestaldera begiratzen dutenak izan ere, tamalez, erakundeak dira, bai pentsiodunez, emakume eta gizonen ezberdintasunaz edo gure herrian bizikide dugun pobreziaz ari garela.

 

Aurrekontuak

Egun hauetan erakundeetako aurrekontuak negoziatzen ari dira eta, bereziki, zailtasun ekonomikoak bizi dituzten pertsonei zuzenean eragiten dien, eta asko gainera, erakunde batekoak. Euskal Autonomi Erkidegoko aurrekontuen negoziaketa.

Aurrekontuen gaineko eztabaida funtsezko eztabaida da, zein jendarte ereduren alde egiten dugun islatzen duelako edo, hobeto esanda, erakundeek zeinen aldeko apustua egiten duten. Lehentasunak zeintzuk diren zehaztu behar dira, eta horien arabera zein kolektibo «babesten» den inbertsio publikoen bidez.

Argi dago gobernuko kide diren alderdientzat, EAJ eta PSE, lehentasuna ez direla gure jendartean zailtasun gehien pasatzen ari diren pertsonak. Azken urteetan DSBEn egindako murrizketak mantentzen dituzte, horrek jaso beharreko zenbatekoan % 40ko gutxitzea ekar diezaioke, izan epe luzeko langabea, izan familia ugaria, baliabide ekonomikorik gabeko errefuxiatua, kontratu eskaseko emakumea - pobreziatik ateratzen ez duen kontratua- edo  pentsioduna edo pentsio minimoko alarguna.
EAJk eta PSEk murrizketa horiek mantentzea ez da harritzekoa ohikoa baita, horrek, ordea, ez dio larritasunik kentzen. Harritzekoa dena da EH Bildu aurrekontu hori negoziatzen aritzea, kaltetutako kolektibo horiek guztiak ahaztuta, DSBEko murrizketak erretiratzea baldintza bezala jarri gabe. EH Bilduk planteatzen du pentsiodunen egoera hobetzea dela asmoa, ezinezkoa dena murrizketa hori kendu gabe; Estatuan LGSa 900 €-tara iristekotan, esan dugun bezala, pentsiodun batek jaso beharko lukeen zenbatekoaren % 40ko aurretiko murrizketa izango luke EAEn DSBEa arautzen duen legea betez gero.

Kontuak errazak dira, Madrilek 900 €-ko LGSa onartzen badu (dekretu bidez egitea segurutzat jotzen da) eta Eusko Jaurlaritzak DSBEko murrizketak erretiratzen baditu, esan nahiko luke pentsiodun batek hilean 1.050 €-ra iritsi arteko osagarri bat jasoko lukeela bere erretiroan. Eta aurrekontu hauekin? 785 €-ra artekoa soilik. DSBEko murrizketagatik 300€ gutxiago; EAJk eta PSEk mantentzen duten murrizketa eta EH Bilduk jendaurreko bere proposamenean, zoritxarrez, erretiratzea eskatu ez duena.
Ezin dugu ahaztu 2017an bazterketa sozialaren aurkako plataformek, tartean Argilan-ESK, «EZETZ ESATEN DIOGU» ekimenaren barruan 19 egunetako gose greba egin zutela; murrizketa horiek erretiratzea aldarrikatzen zen, eta antolakunde sozial, sindikal eta politiko askoren babesa eta konpromisoa jaso zuen, tartean, EH Bildurena.

Guretzat hauteskunde arrazoia tartean izatea da DSBEko murrizketak erretiratzea ez eskatzeko azalpen bakarra, zeinak gure jendarteko pertsonarik pobretuenei eragiten dien, eta soilik Pentsiodunentzat eskatzea, gainera, modu partzialean.

Aurrekontu hauek, AHTarentzat diru asko daukatenak, ez dute sistema kapitalistak gehien zigortutako jendearen alde egiten, ez diote gehien behar dutenei begiratzen eta ezkerrarentzat hori izan beharko litzateke beti lehentasuna.

Konponbidea, beti bezala, kaleetan elkartzea.

Argilan-ESK