Gure kezka sakona eta gaitzespena adierazten ditugu profil arrazialean oinarritutako identifikazio eta atxiloketen gorakadaren aurrean, baita Atzerritarren Brigadaren “zita tranpak” direlakoen aurrean ere. Politika inklusibo eta berme-emaileen alde eta migrazioaren kriminalizazatzearen aurka egiten dugu.

« Bereziki kezkagarria da atzerritartasun arloko eskumenik izan gabe polizia guztiek identifikazioetan paper aktiboa hartzea »
SOS Arrazakeria Nafarroatik gure kezka eta gaitzespen sakona adierazi nahi dugu azken asteotan areagotu diren arraza-profilagatik egindako identifikazio eta atxiloketen harira, baita Atzerritarren Brigadara bidaltzen diren zitazioen ('hitzordu tranpak') harira ere; izan ere, kasu askotan CIEetan sartzea eta deportazio espresen ugaritzea ekarri dute.
Gaur-gaurkoz, bi deportazio espresen berri dugu: bata urtarrilean gertatutakoa, Leríngo auzokide bat 48 ordutan deportatu zutenean; eta bestea, Iruñeko auzokide baten kasua, 72 ordutan deportatua izan zena; biak Marokoko jatorrikoak. Horrez gain, otsailetik atxilotuta dagoen Iruñeko auzokide baten kasuaren jarraipena egiten ari gara, Alucheko CIEan barneratuta baitago.

Eskumenik gabe
Bereziki kezkagarria iruditzen zaigu Nafarroan diharduten segurtasun-indar eta -kidego guztien arteko lankidetza; izan ere, atzerritartasunaren arloan eskumenik izan gabe ere, arraza-profilagatik egindako identifikazioetan eta Polizia Nazionaleko Atzerritarren Brigadarako zitazioak banatzen paper aktiboa hartzen ari dira.
Argi dugu areagotze eta jazarpen hau ez dela kasualitatea: milaka pertsonari egonkortasunerako eta eskubideetarako aukera eman diezaiokeen ezohiko erregularizazio-prozesu baten atarian gertatzen ari da, gure gizartearen parte diren pertsonen aurka.
Honako hauek salatzen ditugu:
- Poliziaren indarkeria ez da noizbehinkako gehiegikeria hutsa; egituraz arrazista eta instituzionalizatua den polizia-eredu baten ondorio da, eta premiaz desegin beharrekoa.
- Kanporatze-prozedurak bizkortzen ari dira, kaltetutako pertsonen eskubideak —bereziki babes judizial eraginkorrerako eskubidea— behar bezala bermatu gabe.
- Deportazio askok Nafarroan gizarte-, lan- eta familia-loturak dituzten pertsonei eragiten diete.
- CIEen erabilera neurrigabea, opakoa eta oinarrizko eskubideak urratzen dituena izaten jarraitzen du.
- Jardunbide hauek beldurra eta segurtasun eza sortzen dute komunitate askotan, eta integrazioa zein bizikidetza zailtzen dituzte.
Berebiziko larritzat jotzen dugu politika inklusibo eta bermatzaileetan aurrera egin beharrean, migrazioa kriminalizatzen duten neurri zigortzaileak indartzea.

Erakundeei eskatzen diegu
SOS Arrazakeriak eta testu hau sinatzen duten erakundeek honako hau eskatzen dugu:
- Martxan dauden deportazioak berehala etetea.
- Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak berehala ixtea.
- Ezohiko erregularizazio-prozesu zabal eta bermatzaile bat premiaz abian jartzea.
- Estatuko Gobernuari eskatzea arraza-profilagatik egindako nortasun-kontrolak amaiarazteko neurriak har ditzala, baita lehen aipatutako zitazio mota hauek bertan behera uzteko ere.
- Barne Ministerioari informazioa eskatzea jardunbide hauei buruz: zenbat kanporatze-espediente ireki eta/edo gauzatu diren metodo honen bidez, eta espediente horien guztien artxibatzea.
- Prozeduren gardentasuna eta gizarte zibilarentzat informaziorako sarbidea bermatzea: jardun hauen legezkotasunari buruzko txostena egitea, oinarri juridikoak zehaztuz, eta, zuzenbidearen aurkakoak badira eta eskubideen urraketak badaude, erantzukizunak eskatzea, baita jardunbide honek izan ditzakeen ondorioak baloratzea ere.
- Toki-entitateen eta Nafarroako Gobernuaren menpeko polizia-kidegoek jardunbide hauetan duten lankidetza etetea, eta arraza- edo etnia-profilagatik egindako identifikazioak eta nortasun-kontrolak gerta ez daitezen neurri egiaztagarriak ezartzea.
Gizarte justuago, inklusiboago eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituen baten aldeko gure konpromisoa berresten dugu, jatorria edo administrazio-egoera edozein dela ere.
Deia egiten diegu erakunde publikoei, gizarte-erakundeei eta herritarrei praktika hauen aurrean jarrera har dezaten, eta duintasunean, justizia sozialean eta giza eskubideetan oinarritutako bizikidetza-eredua defendatu dezaten.
SOS Arrazakeria Nafarroa eta sinatzen duten gizarte-erakundeak
Migratzaileen aurkako polizia-jazarpena Nafarroan
SAE eta TECNOS, VOX-ekin negoziatzen dute. Faxismoarekin ez da negoziatzen!
Kanpoko pertsonek enplegu publikorako duten eskubidearen alde
Faxismoak 11 aurpegi ditu. 1 ez dadila zurea izan
- 1
- 2









