Euskal erakundeetan gobernatzen duten alderdiek aldatu behar dituzte haien politikak langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko, pribatizazioak geldiarazteko, enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko.

 

«  Gobernatzen duten alderdiek  langileen erosteko ahalmena berreskuratu, pribatizazioak geldiarazi eta enplegu publikoa sortu eta kontsolidatu behar dute »

 

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuak EAEko sektore publiko osoan deitutako grebak jarraipen oso zabala izan du. Aurreko greba baino jarraipen handiagoa, besteak beste, hezkuntzan, administrazio orokorrean eta udaletan. Grebaren arrakastaren adibide garbia da EAEko hiru hiriburuetan eguerdian deitutako manifestazioetan 30.000 langile baino gehiagok parte hartu dutela “Zerbitzu publikoen alde, soldatak eta enplegua hemen adostu“ lelopean.

Grebaren arrakasta ikusita, hauteskunde osteko Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta Estatuko Administrazioak errotik aldatu behar dituzte orain arte aurrera eraman dituzten politika publikoak. Erakunde horiek benetako neurriak hartu behar dituzte zerbitzu publikoak indartzeko eta hemen erabakitzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortzeko eta finkatzeko, lan baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak egiteko eta genero diskriminazioarekin amaitzeko.

Bestalde, euskal alderdi politikoek euren botoak baliatu behar dituzte Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz ezabatzeko, hemen enplegua, soldatak eta plantillen lan baldintzak erabakitzeko. Laster Estatuko aurrekontuak negoziatuko dira, eta euskal alderdi politikoen botoek helburu hori lortu behar dute.

 

« Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta Estatuko Administrazioak  errotik aldatu  behar dituzte orain arte aurrera eraman dituzten politika publikoak »

 

Hezkuntza

Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan grebak jarraipen oso zabala izan du. Unibertsitatez kanpoko hezkuntzari dagokionez, grebaren jarraipena %65ekoa izan da. Aipagarriak dira irakas jarduera ia osotasunean geldirik izan duten ondorengo ikastetxeak irakasleriaren gehiengo zabal batek greba egin duelako: Errekabarri, Toki Eder edo Umandi eskolak Gasteizen eta Legutioko Garazi Eskola Araban; Zubieta edo Aitor eta Ibaia Ikastolak Donostian, Errenteriako Koldo Mitxelena, Eibarreko J.A. Moguel, edo Debako Mendata BHI eskolak Gipuzkoan; eta Bilboko Atxuri eskola edo Basauriko Jose Etxegarai eskolak Bizkaian.

Heziketa Bereziko langileen kasuan, gutxieneko zerbitzuak handitzeak eta azken orduko nahasmenak erabat baldintzatu du jarraipena. Halere, greba egiteko aukera izan duten hezitzaileen zati handi batek grebarekin bat egin du, besteak beste, Donostiako Altza eskolan eta Amara Berriko ferrerias eraikinean edo Urretxuko Gainzurin Gipuzkoan; Bilboko Basurto eskolan, Balmasedako Mendia eskolan edo Durangoko Zabalarra eta Basauriko Jose Etxegarai Bizkaian; eta Gasteizko Salburua eta Zabalgana eskoletan Araban.

Sukalde eta Garbiketako langileei dagokionez, jarraipena plantillaren %60 baino handiagoa izan da. Aipatzekoa da zenbait sukalde itxita izan direla sukaldarien %100k greba egin duelako, esaterako, San Inazio eta Iruarteta Bilbon edo Balmasedako CEP Mendia Bizkaian; Gain zuri Urretxun, Mutrikuko eskola edo Donostiako Intxaurrondo Gipuzkoan. Gernika BHIn edo Zarautzeko eskolan garbitzaile guztiek ere greba egin dute.

Haurreskoletan langileriaren %75 ingururen babesa izan du grebak. Haurreskola askotan, ia erabatekoa izan delarik jarraipena, besteak beste Gasteizko Arana, Izarra edo Mariturri, Erriberabeitiko Haurreskola, edo Amurrioko Ttipi ttapa Araban; Bilboko Miribilla eta Basauriko etxeko kuttuna Bizkaian; eta Zaldibarko haurreskola, Donostiako Bidebieta, Deba, edo Beasain eta Oñatiko Haurreskolak Gipuzkoan.

EHUn ere jarduera akademikoa oso urria izan da, leku askotan azterketetarako gutxieneko zerbitzuak izanik emandako jarduera bakarrak. Jarraipen osoa fakultate batzuetan; Araban Magisteritza, Lan Harreman, Enpresa eta Ekonomia, Letra Fakultatean; Bizkaian Kazetaritza, Lan Harremanak; Gipuzkoan Psikologian, HEFA I , HEFAII, Arkitektura, Ekonomia eta Enpresa, Informatikan. Ikasgelategietan jarduera oso eskasa hiru lurraldetan. Administrazio eta zerbitzuetako langileen artean lekuz leku jarraipen desberdina, baino zerbitzu guztietan izan du eragina.

 

 

« Estatuko aurrekontuak aukera bat dira Madrilen ezarritako  betoak ezabatzeko  »

 

Udal eta Foru esparrua

Grebaren jarraipena oso zabala izan da. Hainbat eskualdetako udal handienetan jarraipena oso esanguratsua, horien artean aipagarriak hiru hiriburuetakoak. Donostia, Bilbo eta Gasteiz, hainbat zerbitzuak itxi dira, hala nola udaltegiak, liburutegiak, kiroldegiak etab. Gipuzkoan: Hernani, Astigarraga, Arrasate, Zarautz, Tolosa, Orio, Beasain, Oñati, Ordizia, Anoeta, Azpeitia, Bergara, Urretxu, Usurbil, Lazkao, Zizurkil, Itsasondo, Idiazabal, Sasieta mankomunitatea, Legorreta, Debagoieneko mankomunitatea , Urretxu Zumarraga euskaltegia, Soraluze, Garbitania zero zabor. Bizkaian: Barakaldo, Ortuella, Trapaga , Markina, Bermeo, Lekeitio, Atxondo, Elorrio, Gernika, Basauri (polikiroldegia eta kultur etxea itxita), Igorre, Getxo, Lemoa, Orozko Galdakao, Berriz eta Arrigorriaga (polikiroldegia itxita), Maruri, Erandio. Araban: Agurain, Laudio eta Amurrio.

 

Osakidetza

Ezarritako gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatu dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie, % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriz. Bereziki deigarria da gaurko egunean EAG bezalako zerbitzuetan %100eko zerbitzua inposatzea, egunerokoan asko medikurik gabe irekita daudenean.

Aurreko deialdietan bezala, grebaren intzidentzia handiagoa izaten ari da Lehen Arretan, batez ere pazientearen arretako langileen artean. Nabarmentzekoa da kolektiboaren jarraipena Gasteizko San Martin Osasun Zentroan; Bilboko Zorrotzan, Boluetan eta Alde Zaharrean; edo Ezkerraldeko Buenavistan eta Mamarigan.

Ospitaleetan, gutxieneko zerbitzuek eragin handiagoa dute, eta, horregatik, jarraipena txikiagoa izaten ari da. Hala ere, Zumarragako Ospitalean ebakuntza gelak itxita daude, eta itxita dago ere Debagoieneko Ospitaleko ebakuntza gela bat eta Txagorritxuko traumatologiako ebakuntza gela guztiak itxita eta histeroskopiarik ez da egin. Baita Arabako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia, Neurokirurgia eta Traumatologia zerbitzuko harrera ere. Era berean, itxita daude Gorlizko Ospitaleko X izpien zerbitzua, Basurtuko Ospitaleko zerbitzu horretako zelari zerbitzua eta Zamudioko Ospitaleko gidari zerbitzua.

 

Komunikabide eta garraioak

Komunikabide eta garraio publikoei dagokionez, greba jarraipen oso zabala izaten ari da. Horren adibide da irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak ezarritakoa, informatiboak bakarrik emititzen ari direla, adibidez Miramonen jarraipena % 80 ingurukoa da.

Garraio publiko ez pribatizatuan ere jarraipen zabala, nagusiki EuskoTren eta Metron.

 

Administrazio Orokorra eta Justizia administrazioa

Administrazio Orokorrean eta Justizia administrazioan jarraipena aurreko grebarena baino zabalagoa izan da, baina herrialdeka eta esparruka aldakorra, adibidez, Lakuan jangela zerbitzurik ez da izan. Estatuko langileen esparruan jarraipena apalagoa izan da.

Enpresa publikoei dagokionez, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko OSE langileak grebarekin bat egin dute, eta ondorioz, gaur Iruñean eman beharreko kontzertua bertan behera geratuko da.

 

El 16 de marzo manifestaciones por una sanidad pública y de calidad

Animamos a participar este sábado 16 de marzo en las manifestaciones que se celebrarán en Gasteiz, Bilbao y Donostia en Irakurri

Martxoaren 16an osasun publiko eta kalitatezkoaren aldeko manifestazioak

Martxoaren 16an, larunbata, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo diren manifestazioetan parte hartzera animatzen dugu, osasun publiko berri baten alde, zaintza Irakurri

Grebaren arrakastak erakundeei zerbitzu publikoak indartzera eta hemen erabakitzera behartu behar ditu

Euskal erakundeetan gobernatzen duten alderdiek aldatu behar dituzte haien politikak langileen erosteko ahalmena berreskuratzeko, pribatizazioak geldiarazteko, enplegu publikoa sortzeko eta Irakurri

Jarraipen zabala EAEko sektore publikoko grebak

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek deitu dute greba EAEko sektore publiko osoan, “Zerbitzu publikoan alde, soldatak eta enplegua Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18
  • 19
  • 20
  • 21
  • 22
  • 23
  • 24
  • 25
  • 26
  • 27
  • 28
  • 29
  • 30
  • 31
  • 32
  • 33
  • 34
  • 35
  • 36
  • 37
  • 38
  • 39
  • 40