ELA, LAB, Steilas, ESK, CGT, Hiru eta EHNE sindikatuen ausnarketa Memoria Demokratikoaren lege aurrepriektuari buruz.
1936ko Estatu-kolpe faxistak eta ondorengo erregimen frankistak eragindako errepresioa pairatu zutenen sektore eta esparru guztien artean ondorio gehien jasan zuena langileria izan zen ziurrenez. Kolpearen ondorioz izandako fusilatzeak eta desagertzeak jasan zituztenak, neurri handi batean, sindikatuetako militanteak eta afiliatuak izan ziren. Atxilotu, tratu txarrak jaso, torturatu, espetxeratu, araztu eta purgatu zituztenak, hala nola kontzentrazio-esparru frankistetan esklabo lan egin zutenak baita ere. Guzti honi batu behar zaio garaitutakoek jasandako errepresio ekonomikoa eta garaitutako emakumeei zuzendutako errepresio espezifiko eta sistematikoa. Horrek guztiak kultura sindikal oso bat desagerraraztea ekarri zuen, langile-klasearen partaidetza moduak suntsituz, elkartze, borroka eta aisialdi formen galtzearekin batera.
Ondorengo hamarkadetan, langile-klasea esplotazio-erregimen basati baten mende egongo zen, eskubide demokratiko sindikalik oinarrizkoenak ukatzen zitzaizkion bitartean: negoziazio kolektiboa, elkartzea, greba… Gero eta indar handiagoz ematen hasi ziren lan-gatazkei era guztietako neurri errepresiboekin erantzun zitzaien: zigorrak eta kaleratzeak, zerrenda beltzak, atxiloketak, auzipetzeak, espetxea... Hala eta guztiz ere, langileria frankismoaren aurkako borrokaren euskarri nagusia izango lzen.
Franco hil ondoren errepresioa nabarmen areagotu zen (1976ko martxoaren 3ko greba orokorra eta sarraskia Gasteizen, 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko II. Astea eta harekin batera joan zen greba orokorra...). 1977ko urriko Amnistia Legea eta horren ondoriozko lan-amnistia gogor kritikatu zituzten sindikatuek, ez baitzuen izandako errepresioaren parte txiki bat baino ez aitortzen. Hemendik kanpo geratu egin ziren lan-harreman baten eraginpean ez zeuden langileak, bai eta izaera "politikoko" greba eta gatazken ondoriozko edo "elkartasun" arrazoien ondoriozko zigorrak ere. Gainera, zehapen horiek ezarri zituzten epaiak ondoriorik gabe utzi bai, baina ez ziren baliogabetu, eta, beraz, erreparazioa oso mugatuta geratu zen. Efektua kaleratu zituzten enpresetan berrartzera mugatu zen, baina ez kaleratzeek eragindako kalte ekonomikoak bere gain hartzera. Ildo beretik, kritikak orokorrak izan ziren 1986ko Ondare Sindikal metatuaren ondasunen lagapenari buruzko Legeari dagokionez.
Labur geratzen den lege-aurreproiektua
Ez dugu aztertuko aipaturiko legearen hitzaurreak trantsizio politikoa deiturikoari buruz egiten duen beatifikazio politikoa eta honetatik sortutako konstituzio-araubidea. Ez dugu aztertuko, ezta ere, lege-proiektuan araututako gai askoren edukia, langile klasearen eta haren erakundeen errepresioarekin zerikusia izan arren (hilketak, desagerpenak, torturak, espetxea, erbestea...), gizarte osoari eragin ziotenak.
- Langile klasea ikusezinarazia: Langile klasea eta horrek eta bere erakundeek jasandako errepresio espezifikoa oro har ikusezin bihurtzen du. 3. artikuluak berariaz ahaztu egiten du langile-klaseak bere lan-eremuan jasandako errepresio espezifikoa islatzea.
- Lan behartuak (esklabo lana): Lege-proiektuak, 33. artikuluan, "Lan behartuak” deritzonei buruz hitz egiten du, Estatuko Administrazioak horrelako lanen "biktimei errekonozimendua eta
erreparazioa emateko jarduerak bultzatuko dituela" esanez. Hala ere, asko dira artikulu honi egin dakizkiokeen kritikak. Lehenik eta behin, Estatuak bere gain hartu beharko luke esklabo lanez baliatuta egindako eraikinen eta obren errolda egitea. Horrela, lan horrekin irabaziak lortu zituzten "erakunde eta enpresen” esku uztea saihestuko litzateke.
Administrazioak egin beharreko erroldak, lan hori egin zen lekuak eta obrak ez ezik, haren ezaugarriak ere jaso behar ditu. Erroldak, kontzentrazio eta lan zentro eta esparruen mapa geografikoa eta horietako bakoitzaren omenezko plakak ez ezik, honako hauek ere jaso behar ditu: obra esleipendunen enpresa zerrenda, obretan lan egin zuten langileen zerrenda, lan-baldintzak, obretako aurrekontuak, izandako heriotzak... - Biktimentzako erreparaziorik ez. Aurreproiektu honen arabera, frankismoak ezarritako zigorren ondorioz esklabotza urteak jasan zituzten pertsonek, izan obra publikoetan edo izan enpresa
pribatuetan, "aitorpen deklarazio" bat jaso ahal izango dute ordainetan. Hori alderdi positiboa izanda, erreparazioaren beharra eremu sinboliko-deklaratibo huts batera mugatzen du. Hartu beharreko neurriak horretatik harago beharko lukete, eta lan haietaz onura izugarriak lortzeko baliatu ziren enpresa guztiei erantzukizunak eskatzea ere jaso behar dute. Aurreproiektuaren arabera, bai Espainiako Estatua bera, bai esklabo lanaz baliatu ziren enpresak (Huarte, Agroman, Dragados y Construcciones, Renfe, MZA, Entrecanales, San Romás, Banús, Duro Felguera, Babcock Wilcox, Astilleros de Cádiz, La Maquinista Terrestre, etab.) ondare erantzukizunetik, erreparazio edo kalte-ordainetatik salbuetsita gelditzen baitira.
Memoria justiziareki
ELA, LAB, STEILAS, ESK, CGT, HIRU eta EHNE sindikatuok talde memorialistekin, kolektibo feministekin, pentsiodunekin eta kulturalekin batera egindako manifestua sinatzen dugu, eta Nafarroako
Parlamentuan eta Espainiako Kongresuan ditugun ordezkariei eskatu egiten diegu beharrezko diren ekimenak sustatu eta adostu ditzatela, etorkizuneko Memoria Demokratikoaren Legeak diktadura
eta trantsizio garaian eskubide urratze larriak jasan zituzten pertsona guztien benetako babes judizialerako eskubidea berma dezan behin betiko.
Mugimendu memorialistak eta gizarteak oro har eskatzen duten egia, justizia eta erreparazioa ezin dira berriro baztertu. Egindako krimenen ikerketa penalean, arduradunen epaiketan eta biktimen
erreparazio integralean datza justiziarako eskubidea. Justizia eskubide hau oinarri nagusi izan behar du etorkizuneko Memoria Demokratikoaren Legean.
Memoria eta justizia: hemen eta orain!
Mobilizazioa Iruñean
Apirilak 24 elkarretaratzea Nafarroako Justizia Jauregian 12:30ean.
Memoria Demokratikoaren Legearen aurreproiektua labur geratzen da
- 1