Osakidetzak premiazko eta berehalako konponbideak behar ditu, eta ezin dira denboran atzeratu. Ostiral honetan, irailaren 25ean, elkarretaratzeak ospitale guztietan.

 

sagardui osakidetza movilizaciones hospitales mobilizazioak ospitaleak
Argazkia: El Mundo

 

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok nekatuta gaude ezer konpontzen ez duten asmo oneko adierazpenak entzuteaz, eta dei egiten diegu langileei eta herritarrei Osakidetzako ospitaleetan ostiralean, hilak 25, egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.

Zalantzarik gabe, joan den ostiralean Lehen Arretako zentroetan egindako kozentrazioek agerian utzi dute  langileak lanez gainezka eta gainkargatuta daudela, haserre eta gogaituta daudela egoera horrekin, eta berehalako eta sakoneko konponbideak behar dituztela. Ostiral honetan ospitaleen txanda izango da, Lehen Arretako lankideek bezala, egunerokotasunean giza baliabideen eta baliabide materialen eskasiari aurre egin behar diotenak ere.

 

Covid-ek larriagotutako arazo historikoak

Beste behin, argi utzi nahi dugu egoera hau ez dela berria, eta azken urteetan abian jarritako murrizketa politiken ondorio zuzena dela. Osasun sistema publikoak dituen arazo larriak areagotu egin dira COVIDa dela eta, baina ez dira birusarekin agertu, eta ez dira desagertuko birusa desagertzen edo kontrolatzen den momentuan. Egiturazko eta sakoneko arazoak dira, eta izaera bereko konponbideak behar dituzte.

Joan den ostiralean, hilak 18, egindako elkarretaratzeen harira, Osasun Sailak ohar bat egin zuen publiko, non, besteak beste, adierazi zuen beti egon dela elkarrizketarako prest, eta iragarri zuen eragile sindikal guztiekin lehenbailehen biltzeko borondatea zuela. Adierazpen horiek, elkarrizketan oinarrituko den aro berri baten hasieraren iragarpena badira, ongi etorriak izango dira, baina azpimarratu behar dugu, hain zuzen ere, elkarretaratzeak deitu genituen sindikatuon ohiko salaketa bat dela Osakidetzaren aldebakartasuna eta elkarrizketa falta. Martxoaren erdialdean pandemiaren unerik latzenak hasi zirenetik, komunikazioa oso exkasa izan da. Mahai Sektorialaren azken bilera ekainaren 18an izan zen, eta ordutik ez dugu inolako harremanik izan, ez formala, ez informala. Eta horixe bera izan da azken urteotan Osakidetzak aurrera eraman izan duen politika.

Osasun Sailburu berriak prentsaurrekoan adierazi du aste honetan bertan sindikatuetako ordezkariekin biltzeko asmoa duela. Aipatzekoa da gaur egun ez dugula datarik. Nolanahi ere, Sailburuari eskatzen diogu bilera deitzen badu sindikatu guztion bilera bateratua izan dadila.

 

EPEi buruzko Osakidetzako sasi egiak

Ostiralean publiko egindako oharrean, Osasun Sailak adierazi zuen Gobernu Programan jasotako konpromisoetako bat dela datozen 4 urteetan 4.000 lanpostu berri sortzea. Gobernu Akordioaren testuak, ordea, ez du lanpostuen sorrerarik aurreikusten. Esaten duena da 2020-2024 epealdian 4.000 lanpostu eskainiko direla Lan Eskaintza Publikoetan. Kontutan hartuta Osakidetzan erretiroagatik urtero 1.000 lanpostu inguru hutsik geratzen direla, eta gaur egun 15.000 behin behineko langile baino gehiago daudela, 4.000 lanpostu horien deialdiak ez ditu ia beteko 4 urteko epealdi horretan erretiroagatik sortuko diren hutsuneak, eta ez du ekarriko aldi baterako langileen tasa oso altuak dituen plantilla egonkortzea, ezta zerbitzu publikoa ematen duten langileen kopurua haunditzea ere. Gainera, Osakidetzak berehalako konponbideak behar ditu, eta horiek ezin dira legegintzaldi oso bat atzeratu.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok Osakidetzari eskatu nahi diogu lehenbailehen pasa dadila hitzetatik ekintzetara eta neurri zehatzetara. Benetan osasun publikoa indartzeko eta irtenbideak abian jartzeko borondatea badu, propaganda-adierazpenak egiteari utz diezaiola eta langileek bizi duten eta herritarrek jasaten duten muturreko errealitatea aldatzeko urrats sendoak ematen has dadila. Bestela, mobilizazioak areagotuko ditugu.

 

Mobilizazioak tinko

Era berean, Osakidetzako langileei eta herritarrei dei egiten diegu irailaren 25ean, ostirala, goizeko 11etan, Osakidetzako ospitale guztietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera. Guztion osasuna dago jokoan.

 

Gehiengo politikoak sektore publikoaren baldintzak hemen erabakitzea babesten du

EAJ, EH Bildu, Sumar eta Podemos alderdiak ados azaldu dira Euskal Herriko langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki ahal izatearekin. Irakurri

Lan Ikuskaritza La Pau anbulantzien soldatak ez aplikatzearen aurka agertu da

Lan Ikuskaritza La Pau anbulantzien soldatak ez aplikatzearen aurka agertu da 2024 uztailak 16 Lan Ikuskaritzak prozedura legez kanpokotzat jo Irakurri

Sektore publikoko lan-baldintzak hemen erabakitzea eskatzen jarraitzen dugu

Sektore pribatuan bezala, bada garaia sektore publikoan ere negoziazio kolektiboaren nagusitasuna berreskuratzeko. Argi dago borondate politikoa badago, estatalizazioarekin amaitu daitekeela. Irakurri

Gurutzetako ospitala: 8 hilabete gure seme-alabak arriskuan jartzen

Gurutzetako ospitala: 8 hilabete gure seme-alabak arriskuan jartzen 2024 ekainak 09 Gurutzetako ospitaleko Zuzendaritzak 8 hilabete daramatzala Pediatriako Kirofanoko erizain Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5
  • 6
  • 7
  • 8
  • 9
  • 10
  • 11
  • 12
  • 13
  • 14
  • 15
  • 16
  • 17
  • 18
  • 19
  • 20
  • 21
  • 22
  • 23
  • 24
  • 25
  • 26
  • 27
  • 28
  • 29
  • 30
  • 31
  • 32
  • 33
  • 34
  • 35
  • 36
  • 37
  • 38
  • 39
  • 40
  • 41
  • 42