Lanean eta enpleguan emakume eta gizonen arteko aukeren eta tratabideen bermerako premiazko neurrien Errege Dekretuaren moldaketa nabarmenenak laburtzen ditugu.

 

 

Indarrean sartu zen, pasa den martxoan, lanean eta enpleguan emakume eta gizonen arteko aukeren eta tratabideen bermerako premiazko neurrien martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege Dekretua. Errege Dekretu horren moldaketa nabarmenenak laburtzen saiatuko gara, guztira bost lege moldatzen ditu.

 

Berdintasun Planak

Berdintasun Plan bat izateko derrigortasuna duten enpresen langile kopurua murrizten da. 2021ean trantsizio epea bukatuta, langile taldean 50 pertsona baino gehiago dituzten enpresa guztiek Berdintasun Plana izan beharko dute.

Gainera, legez arautzen dira plan horrek izan beharreko eduki minimoak eta enpresek euren berdintasun plana erregistratu beharko duten Berdintasun Planen Erregistroa sortzen da (hitzarmen kolektiboen antzekoa).

 

Soldaten Erregistroa

Balio berdineko lanaren definizioa legez ezartzen da (estatutuko 28. artikulua). Gainera, enpresan soldaten erregistro bat ezartzea derrigortzen da. Erregistro horretan soldaten batezbesteko balioak sartu behar dira, soldaten osagarriak eta soldataz kanpoko hartzekoak sexuka bereizita eta lanpostu berdin edo balio berdinekoetan banatuta.

Patronalaren erantzukizuntzat jotzen da, 50 langile baino gehiagoko enpresetan, sexu bati dagokion soldata besteari dagokiona baino % 25 handioago izateko arrazoien justifikazioa azaltzea.

 

Zaintza lanetarako lanaldia egokitzea

Kontziliaziorako lanaldia murrizketarik gabe egokitzeko eskubidearen trataera hobetzen da (estatutuko 34.8 artikulua). Eskubidea seme-alabek 12 urte izan arte luzatzen da eta negoziazio epean ezadostasuna epaibidetik konpontzeko premiazko bidea ezartzen da. Gainera, adostutako epealdia dena delakoa izanda, aurreko lanaldira bueltatzeko eskubidea aitortzen da, egoerak horrela justifikatzen badu.

 

Genero indarkeriagatik kontratua etetea

Genero indarkeriaren biktima diren langileek euren kontratua eten dezakete, itzultzeko eskubidearekin, euren biktima izaeragatik lanpostua uztera behartuta sentitzen direnean.

 

Jaiotzagatik kontratua etetea

Estatutuko 48. artikulua moldatzen da, ama biologikoaz bestelako gurasoaren eskubidea 16 astetara arte luzatuta, jaiotza edo 12 hilabetera arteko semealaben adopzio eta zaintza kasuetan (2021 arte 16 asteetara iritsi arteko trantsizio epe bat dago).

Sindikalgintza eremuan, lantokiz lantoki, neurri hauek emakume eta gizonen benetako berdintasunerantz aurrera egiteko eta bizitzak erdigunean jartzeko bidean lan egiteko izan dezaketen ahalmena garatzea dagokigu.

 

ESKinforma: Errege Dekretu-legea 6/2019