ESK-k epai aitzindari bat irabazi du, administrazio publikoan gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakalari eraso egiten diona, eta Osakidetzari kontziliazioagatik lanaldi-murrizketan dauden langileei antzinatasuna eta karrera profesionala ordaintzera behartzen duena.

« Zure kasua bada, jar zaitez harremanetan gure ordezkariekin zure erreklamazioa egiteko »
Joan den apirilaren 22an, Gasteizko Instantziko Administrazioarekiko Auzien atalak epai aitzindari bat eman zuen gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalaren aurkako borrokan aurrerapauso berri bat suposatzen duena. Genero soldata arrakala administrazio publikoan ere eguneroko errealitatea da eta ESK-tik urteak daramatzaguna salatzen.
Antzinatasun-plusaren eta garapen profesionalaren osagarriaren % 100-a
Epaiak antzinatasun-plusaren eta garapen profesionalaren osagarriaren % 100 jasotzeko eskubidea aitortzen die familia eta lana uztartzeagatik lanaldia murriztuta duten langileei. Bestela esanda, kontziliaziorako eskubidea gauzatzeak, egiturazko soldata-eskubideak galtzea ezin duela ekarri ezartzen du.
ESK-k aurkeztutako salaketan, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuan jasotako bizitza pertsonala eta lana uztartzeko eskubidea defendatzen zen. Horrez gain, lanaldia murriztean osagarri horiek jasotzeari uzteak dakarren diskriminazioa ere aipatzen zen, baina beste kasu batzuetan, hala nola oporretan edo aldi baterako ezintasunagatiko bajetan, mantendu egiten dira.

Soldata-arrakala... arlo publikoan ere bai
Salaketa honekin, ESK-k zainketen problematika mahai gainean jarri nahi izan du, eta administrazio publikoan zein, zehazki, Osakidetzan dagoen genero-soldata arrakala ikustarazi. Generoko soldata arrakalaz hitz egiten dugunean, hain zuzen, honelako egoerez ari gara: nola emakumeek soldata murriztua ikusten duten lanaldia murrizten dutenean familia-zaintzako zereginak beren gain hartzeko. Eta hori gertatzen da oraindik ere gehienbat emakumeek erabiltzen dituztelako kontziliazio-neurriak.
Mugimendu feministak salatzen duen bezala, ezberdintasun faktore nagusietako bat zainketetan dago oraindik ere: banaketa bidegabe batean, emakumeen gain kargatzen jarraitzen du ugalketa eta familia arreta lanak, eta gainera, lan esparruan zigortzen ditu. Diskriminazio-mota hori onartezina da edozein ingurunetan, baina are onartezinagoa administrazio publikoan, eta bereziki larria Osakidetzan, sektore feminizatuenetako batean.
Egoera honek emakume langileon penalizazioa eta prekarizazioa ekarri du urteetan eta, orain arte, Osakidetzaren permisibitatea izan du, ESK-tik etengabe salatu dugun bezala.
Diskriminazioa
Epaiak desberdintasuna egiturazkoa dela baieztatzeaz gain, agerian uzten du Osakidetzan desberdintasun horrek ondorio ekonomiko zuzenak dituela emakumeengan.
Gainera, ebazpenak berak espresuki jasotzen du genero-ikuspegia, eta Osakidetzako II. Berdintasun Planeko datuak jasotzen ditu; datu horiek erakusten dute zainketengatik egiten diren lanaldi-murrizketen % 91 emakumeei dagozkiela. Hori dela eta, ondorioztatzen du egoera horien ondoriozko edozein zigor ekonomiko zeharkako diskriminazio mota bat dela. Epaiak dio, halaber, soldata osagarri horiek murrizteak soldata arrakala larriagotzen laguntzen duela, eta kontziliaziorako eskubidea baliatzeko pizgarriak kentzen dituela.

Zeharkako politika feministak
ESK-k uste du epai honek bide garrantzitsu bat irekitzen duela soldata arrakalari aurre egiteko, ez bakarrik Osakidetzan, baita sektore publiko osoan ere. Gainera, aldarrikapen hori eremu pribatura ere eramateko aukera aztertzen ari gara.
Zalantzarik gabe, epai honek aurrerapauso nabarmena dakar genero desberdintasunaren aurkako borrokan, baina ez da nahikoa. Zainketen problematika egiturazkoa da, eta zuzenean eragiten die emakumeek lan eremuan pairatzen dituzten desberdintasunei. Instituzioek zainketen banaketarekin eta emakumeen lan baldintzekin zerikusia duten neurri sakonak eta egiturazko erreformak bultzatzen ez dituzten bitartean, era honetako sententziek arazoaren erroari heltzen ez dioten konponbide partzialak izaten jarraituko dute.
Lan arloan ere zeharkako politika feministak behar dira, besteak beste, kontziliazioari benetako genero ikuspegitik aurre egingo diotenak.










