Erosteko ahalmena berreskuratzeko


EAEko sektore publikoaren erosteko ahalmenaren galera %20tik gorakoa izan da azken 14 urteetan, eta galera hori, itxura guztien arabera, areagotu egingo da jasaten dugun gehiegizko inflazioa dela eta.

Soldatak eguneratzeko proposamena %10ekoa izan zen 2024an, batez ere azken urtetan izandako KPIaren igoerak konpentsatzeko. Horrez gain, 2099az geroztik metatutako gainerako erosteko ahalmenaren galerari nola heldu negoziatzeko eskatu genion administrazioari, zorraren aitorpenetik abiatuta.

Sektore publikoko langileok lehen lerroan egon gara oso une zailetan, hala nola COVID-19aren pandemian, orain ahalegin hori ekintzekin saritzea dagokigu, eta ez hitz hutsekin.

 

Enplegu publikoa sendotzea eta behin-behinekotasuna murrizteko

Azken 15 urteetan, Estatuko Aurrekontu Orokorretan birjarpen-tasen bidez markatutako plantillak % 50 eta % 60 artean berritu dira. Horrek esan nahi du erretiroek eragindako lanpostu hutsen erdiak baino ez direla kontratazio egonkorrarekin bete.

Mobilizazio askoren ondoren, Gobernuak 14/2021 Legegintzako Errege Dekretua onartu zuen. Dekretu hori ez da nahikoa, baina salbuespen-egoera onartzen du, eta salbuespenezko neurriak hartu behar dira enplegu publikoa eta kontratazioan iruzurra etengabe jasan duten pertsonak sendotzeko.

Horrek erakusten du borroka dela gobernuen planak aldatzeko eta enplegu publikoa defendatzeko errezeta bakarra.

 

Erretiroak eta plantillak berritzea erraztuko duten neurriak lortzeko

Erretiroei dagokienez, azken urteetan izandako murrizketen aurkako grebak egin ditugu, erretiro-primen ezabapena irauli behar da, edo erretiroak eta plantillen berritzea sustatzeko beste formula batzuk bilatu behar dira.

 

Zerbitzu publikoen azpikontratazioarekin amaitzeko

Birjarpen-tasak ezartzea da sektore publikoko behin-behinekotasun-tasa altuen arrazoi nagusietako bat, gobernu desberdinen pribatizazio-nahiarekin batera. Izan ere, Madrildik ezarritako mugak aitzaki hartuta, balaztarik gabeko azpikontratazioak eta pribatizazioak handitzeko aprobetxatu dute.

Zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondorioak egunez egun ikusten ditugu gure kaleetan; sektore guztien greba eta mobilizazioekin, haien lan-baldintzen prekarietatearen aurrean, hitzarmen duinen defentsan (esku-hartze soziala, egoitza pribatizatuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, osasun-garraioa, Osakidetzaren garbiketak, etab.) edo egindako lanagatik hilabete amaieran kobratzea bezain oinarrizkoa den zerbaitengatik (Correosen garbiketa).

Gatazka horiek guztiak zerbitzu publikoen azpikontratazioaren eta pribatizazioaren ondorio dira, eta gutxi batzuek poltsikoak betetzen dituzte langileak esplotatzearen kontura.

 

Berdintasunean eta kontziliazioan aurrera egiteko

Berdintasun-planen benetako negoziazioa eskatzen dugu, berdintasunerako bidean aurrera egingo duten neurri argi eta zehatzak bil ditzaten. Besteak beste, garrantzitsua da administrazio eta enpresa publiko guztietan nahi gabeko partzialtasunarekin amaitzeko neurriak hartzea. Partzialtasun horrek batez ere emakumeei eragiten die, eta hori da soldata- eta pentsio-arrakala azaltzen duen arrazoietako bat.

Gainera, ulertezina da guraso-baimena bezalako neurri ordaindu gabeak onartzea; baimeneko 8 asteak berehala aitortu behar dira ordaindutako eskubide gisa.

 

Administrazioa euskalduntzea lortzeko

Beharrezkoa da langile publikoak euskalduntzeko behar diren baliabide guztiak eskaintzea, langile guztiek beren lana egin eta herritarrei arreta euskaraz eman ahal izateko. Baliabiderik gabeko konpromisoak konpromiso hutsak dira.

 

Twitter