[Matxinada A25-2020]

Emakumeok indarkeria mota askok zeharkatzen gaituzte; sistema patriarkal, heteronomatibo eta kapitalistak gizonekiko egoera oso desorekatuan kokatzen gaitu. Baina ezin dugu ahaztu emakume guztiok ez garela maila beretik abiatzen. Argi izan behar dugu emakume batzuk egoera ahulagoan daudela eta, bestelako indarkeriei aurre egiteaz gain, ondorioak ere beste batzuk direla. Emakume migratzaileak, etxeko langileak, egoera irregularrean daudenak, sexu-langileak edo etxerik gabekoak adibide bat baino ez dira. Haietako gehienek jasaten duten lan- eta gizarte-prekarietatearen ondorioz, arrisku handiagoa dute askotariko indarkeria motak jasateko, baina, batez ere, haien egoerak baliabideak eskuratu ditzaten eragozten du.

Atzerritarren legeak eta migrazio-politikek egoera horiek iraunarazi eta egoera are zailagoan jartzen dituzte emakumeak. Emakume horien egoera are dramatikoagoa bihurtzen du baliabide ekonomiko eta sozialik ez izateak, indarkeria matxistaren kasuan sistemara eta laguntza-zerbitzuetara gainerakoen baldintza beretan ezin iristeak, baliabideak eta hizkuntza ofizialak ez ezagutzeak eta salaketa baten ondorioekiko beldurrak.

Ezinbestekoa da baldintzarik gabeko erregularizazio-prozesu bat berehala abiaraztea. Ez erregularizatzea legez kanpoko lana sustatzea da, eta, beraz, esplotazioa eta indarkeria sustatzea. Ez erregularizatzeak esan nahi du migratzaileak paperik gabe, laguntzarik gabe, eskubiderik gabe bizitzera behartzea, prekarietatean are gehiago murgiltzea, eta indarkeria-egoerei aurre egiteko beharrezko tresnak ukatzea.

Erregularizatzea berdinak direla aitortzea da, ikusgarri egitea, haien lana aitortzea, eta onartzea mundu honen, gure munduaren, guztion munduaren parte direla.

 

 

 

Twitter