Bigarren olatuan murgilduta gaude, eta oraindik ez dugu ahaztu udaberriko hilabeteetan bizi izandakoa. Konfinamenduan zehar funtsezkoak ginela esan ziguten, gure lanak beharrezkoak zirela. Guk zaindu, elikatu, hezi eta eutsi genuen sistema.

Lehen aldiz, gure lanek lortu egin zuten merezitako aintzatespen soziala. Agerian geratu zen garbitzaileen, etxeko langileen eta zaintzaileen, erizaintzako laguntzaileen, supermerkatuko kutxazainen, hezitzaileen, apal-betetzaileen eta postarien lana, eta agerian geratu zen, halaber, zaintza-sistema eskasa, zerbitzu publikoen ahulezia eta langile azpikontratatuen prekarietatea…

Orain dena normaltasun berrira itzuli da; baina ez da hain normala, ezta hain berria ere. Hainbeste hitz eta txaloren ondoren, ez da ezer aldatu. Ikusezinak izaten jarraitzen dugu, gure soldatek mamuak izaten jarraitzen dute, eta enplegua prekarietatearen sinonimoa da emakumeei dagokienez. Gainera, egoera honi gehitu behar dizkiogu lan-karga amaigabeak, langile falta, aldi baterako erregulazioak, kaleratzeak edo baldintza horietan lan egiteak eragiten dituen ondorio eta arrisku psikosozialak.

Lan-baldintza horiek ere indarkeria dira, emakumeak zapaldu eta pobreziara kondenatzeko modu bat. Baina, gainera, ziurgabetasunaren, baliabiderik ezaren, eta beste edozeren aurrean lehentasuna ekonomia salbatzea izatearen ondorioz, askoz errazago gertatzen dira abusu-egoerak lan-eremuan zein eremu pribatuan.

Une honetan, telelana sustatzea da bizi dugun egoerari aurre egiteko erremedioetako bat. Kapitalarentzat, telelanak abantailak baino ez ditu. Kapitalismoak eta patriarkatuak aliantza kriminala dute, eta egoera honetan agerikoa da. Emakumeok telelanean aritzea emakumeok bakartzea da, bizitza sozio-sindikalean ez parte hartzea, ez elkartzea, esperientziak ez partekatzea, aliantzak egiteari uztea, sareak ez sortzea. Eta telelanean aritzen garen bitartean, berriz ere gu izatea lan erreproduktiboaz eta zaintzaz arduratzen garenak. Horixe izan da helburua beti; emakumeok etxera itzularaztea.

 

 

Twitter