Webgunea berritzen

Gure webgunea berritzen ari gara. Hurrengo asteetan amaituta izango dugu.

Aberastasuna banatzeko garaia da, ongizate orokorrak behera egiten duen eta Euskadin prestazio-sistemaren bidez artatutako biztanleria oraindik ere txiroak pobreziatik ateratzeko gai ez den testuinguru batean.

 

 

 

Datorren urriaren 17 POBREZIA DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA denez gero ARGILAN-ESK erakundean, pobrezia eta gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko ESKren plataforman, erabaki dugu aldizka hedabideetan aurkitzen ditugun pobreziaren kontaketen inguruko gure ikuspuntua partekatzea.

NBE iragan iraileko erdialdera New Yorken bildu zen eta, hilabete batzuk lehenago, 2023ko Garapen Iraunkorrerako Helburuen (GIH) Txostena argitaratu zuen. Izenburua Edizio berezia izan zen eta azpititulua Planeta eta pertsonentzako erreskate plan baten alde. 2015ean NBEk 15 urteko muga ezarri zuen GIHak 2030erako betetzeko. Aurten, urteen erdia bete ondoren eta GIHak betetzen ari ez direla ikusita, 2023ko Txosten berezian eskatu du aurtengoa inflexio puntua izatea.

1. helburuaren harira. – Pobrezia desagertzea, Txosten berezian ondorengoa ageri da: Zein da egoera 2030erako erdigunean? Helburuak neurri ertain edo larrian desbideratuta daude; % 30 baino gehiagok ez du aurrera egin edo atzera egin du eta 2015ean oinarri gisa hartutako erreferentziaren azpitik dago. Oraingo joerek jarraitzen badute, 2030an 575 milio pertsona oraindik muturreko pobrezian biziko dira eta herrialdeen heren eskasak beteko du herrialdeko pobrezia erdira murrizteko helburua. 2005etik ez zegoen hainbesteko gosetea munduan eta larritzeko modukoa da. 2015-2019 denboraldian baino herrialde gehiagotan dira altuak elikagaien prezioak. Horrela jarraitzekotan, 286 urte behar izango ditugu babes‑juridikoko eta lege diskriminatzaileetako genero arrakala ixteko. Hezkuntza arloan, urteetako inbertsio urrien ondorioak eta ikaskuntzako galerak hain dira handiak, ezen 2030ean 84 milio haur inguru egongo dira eskolatu gabe eta 300 milioi haur edo gaztek eskola utziko dute irakurtzen eta idazten jakin gabe. Sistema ekonomiko eta politikoen epe laburreko helburuen adibiderik argiena naturaren aurkako gerra areagotzea da. Munduko tenperaturaren igoera 1,5 ºCra mugatzeko aukera zantzua desagertzen ari da, baita klima krisiaren efektu txarrenak saihesteko eta klima aldaketaren aurrean lehenengo lerroan dauden pertsona, komunitate eta herrialdeentzako klima justizia lortzeko ere. Karbono dioxidoaren kontzentrazioa gero eta handiagoa da eta azken 2 milioi urteetan egon ez den mailan dago. Oraingo erritmoan aurrera egiten jarraitzen badugu, 2030ean energia iturri berriztagarriek energiaren zati txikia baino ez dute sortuko, 660 milioi pertsonek ez dute elektrizitaterik izango eta 2 mila milioi pertsona inguru erregaiak eta teknologia kutsatzaileak behar izango dituzte janaria prestatzeko. Gure bizitza eta osasuna naturaren menpe daude neurri handi batean, baina deforestazioa gelditzeko beste 25 urte behar izan genitzake, eta, horrez gain, munduan hamaika galzoriko espezie dago.

8. helburua – Lan duina eta hazkunde ekonomikoa, eta 10. helburua – Berdintasun eza murriztea. GIHen barnean pobreziaren aurkako borrokaren baitan dauden arren, haien orientazio eta norainokoa ez dabiltza bereziki ondo. Hazkunde ekonomikoa eta lana (enplegua) ez dute pobreziarekin amaitzea bermatzen, eta ez dira ezta berdintasun ezaren aurka borrokatzeko bideak ere. Kapitalismoaren garai neoliberal, gizagabe eta ekozida honen historian, non azken hiru hamarkadetan harrapatuta egon garen, gero eta argiago dago aberastasunaren kontzentrazioa sistema kapitalistak funtzionatzeko oinarrizko mekanismoa dela, baina pobreziarekin amaitzea ezinezkoa izatearen arrazoia ere.

Credit Suissen 2022ko Munduko Aberastasunaren inguruko Txostenaren arabera, munduko biztanleriaren % 1,1 milioi 1 dolar (915.800 €) baino gehiago dauka eta munduko aberastasunaren % 45,8aren kontrola. Munduko milioidunen kopuruak azkar egin du gora azken urteetan eta biztanleria helduaren % 1eko muga igaro zuen lehenengoz 2020an. Munduko oso aberatsen aberastasun erantsia boskoiztu egin da, 2000ko 41,4 bilioi dolarretatik 2022ko 208,3 bilioi dolarrera, eta munduko aberastasunaren haien kuota tarte berdinean % 35etik % 46ra igo da. Aitzitik, munduko biztanleriaren % 50 munduko aberastasunaren % 1 baino gutxiago dauka.

Iragan hilabetean, 2023ko Pobreziaren eta Gizarte Desparekotasunei buruzko Inkestaren (PGDI) 31 taulak argitaratu ziren. Normalean taulan jasotako zifra kopuru handiarekin batera jasotako txostena oraindik ez daukagu, baina balorazioen bertsioak eremu guztietan oso positiboak dira. Eusko Jaurlaritzaren zenbait ordezkarik egin ditu eta ados egon dira: 2020ko PGDIrekin konparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) pobrezia datuak hobeak dira zentzu guztietan: bai pobrezia motei dagokienez, bai banaketa kolektibo eta lurraldeko banaketari dagokionez. Eusko Jaurlaritzaren pobreziaren aurkako borrokaren kontaeraren inguruko ondorioa ahobatezkoa da: ondo gabiltza pobreziaren aurkako politikei dagokienez.

 

Datu horien beste ikuspegi bat

ARGILAN-ESKn ez gaude kontaera ofizialarekin ados. Hala ere, onartu beharra dago, 2022ko PGDIn argitaratutako datu gehienek pobrezian atzerakada adierazten dutela 2020ko PGDIrekin konparatuta. 2022ko PGDIko taulak irakurri ostean, Eusko Jaurlaritzak egindako pobreziaren inguruko kontaerarekin bat ez gatoz ondorengoagatik:

  1. Tradizioa denez gero, pobreziaren ohiko interpretazio ofizialek lehen mailan jartzen dituzte pobrezia mota latzenak. Eta hori ez zaigu ilogikoa iruditzen. Aitzitik, batez ere 2008-2012ko Atzeraldi Handitik bizitzen ari garen krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoek eraginak izaten dituzte orain arte erdiko klasekotzat genituen biztanleriaren sektoreengan; haiek erdiko klasekoak izatea gero eta gehiago zalantza dago gizarte piramidean beherantz doazelako. Hori dela eta, irakurketa instituzionalean garrantzirik izan ez duen 2022ko PGDI taulako ondorengo datuari garrantzia ematen diogu: 2020an ongizate faltaren arriskuan 424.649 pertsona zeuden, EAEko biztanleriaren % 19,6, eta kopuru horrek gora egin du, 2022an 482.720 pertsona dira, biztanleriaren % 22,3.

  2. Gure ardura nagusia den PGDIko taula Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazioen ingurukoa da, hau da, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta Gizarte-Larrialdietarako Laguntzen (GLL) inguruko taula. 1989tik Euskadin Eusko Jaurlaritzaren pobreziaren aurkako politika nagusi horrek inoiz ez du eduki pobreziarekin amaitzeko helburua, pobreziarekin bizitzearekin konformatzea baizik, eta baketze eta gizarteko kontrolekin interes politikoak lortzea xede ere badauka. Horregatik, ez zaio balio handiagoa eman behar 2022an prestazio sistemen laguntza jasotako biztanleria 120.594 pertsonara murriztu izatea (pobrezia arriskuan dagoen biztanleriaren % 5,6), 2020ko 127.953 pertsonekin alderatuta (pobrezia arriskuan zegoen biztanleriaren % 5,9). 34 urteko ereduak: a) oraindik prestazioetatik kanpo uzten ditu 39.143 pertsona (pobrezia arriskuan dagoen biztanleriaren % 1,8), pobreak izan arren, ez dituztelako legeak araututako baldintza eta betebeharrak betetzen; b) oraindik 48.244 pertsona (pobrezia arriskuan dagoen biztanleriaren % 2,2) pobrezian mantentzen ditu, prestazioek ez dietelako ahalbidetzen pobre izateari uztea; c) argi uzten du, prestazioak lortzen ez dituzten pobrezia arriskuan dauden pertsonak eta prestazioak izanda pobrezian jarraitzen dutenak batuta, 87.387 pertsona, 2022an pobrezia arriskuan dauden 159.737 pertsonetatik (% 54,7, erdia baino gehiago), pobre izaten jarraitu dutela, beti goraipatutako pobreen politika gorabehera, Eusko Jaurlaritzak duela hiru hamarkada baino gehiago martxan jarritakoa, zaurian piko ez egiteagatik. Egia esanda, ez dugu uste arro egoteko emaitza denik.

  3. PGDIk, teorian, desparekotasun sozialak sakonki neurtu behar dituen arren, argi dago ez duela egiten, EAEko gizarte piramidearen gailurrean dauden pertsonen kopurua, errenta eta ondarearen (aberastasuna) emaitzak ez dituelako aurkezten. Mundu mailan ikusitako aberastasunaren kontzentrazio prozesuak gure lurraldean ere seguru daudela. Baina Eusko Jaurlaritzak beldurra dio beti botere ekonomikoa (bidegabe daukaten pertsonak eta haien kapital-sozietateak) babesten duen fiskalitatean esku sartzeari. Ohituta gaude eta inoiz ez du bukatutzat emango gaur egungo pobreziaren aurkako eredua, nahiz eta pobreziarekin amaitzeko gai ez den. Ez du beste eredu bat abiatuko, etorkizunean pobreziarik gabeko gizartea bermatuko lukeena, eta, aldi berean, bizitza diseinatzeko norberaren askatasuna diru gabeziagatik galaraziko ez lukeena, izan ere, gabezia hori, guztiz artifiziala da, aberastasunaren banaketa desparekoren ondorio baita.

ARGILAN-ESKak Oinarrizko Errenta Unibertsalaren alde borrokatzen dugu, EAEko biztanleria guztiarentzako hilabetero banakako eta baldintzarik gabeko diru-sarrera bermatuko luke, pobrezia atalasea betetzeko nahikoa, hau da, bizitza duina izateko oinarrizko gastuak ordaintzeko nahikoa. Politika ekonomiko hori ezartzeko beharrezkoa da fiskalitatearen erabateko aldaketa egitea, biztanleria aberatsenaren % 20 zerga gehiago ordaindu beharko lituzke eta gainerako % 80tik, % 60 onuradun garbiak izango lirateke eta % 20 bere horretan geratuko lirateke.