Ezinbestekoa da gainerako kategorien moduko txanda-eredu baterantz aurrera egitea, atsedenerako eskubideak eraginkortasunez errespetatuko dituena eta pazienteentzako kalitatezko osasun-arreta bermatuko duena.

« Medikuek beren lana behar bezala egin ahal izateko eta beren eskubideak erabat bete ditzaten beharrezkoa da guardian eredua guztiz aldatzea. »
Martxoaren 8ko igandean El Correo egunkariko titularrak harritu gintuen. Bertan, Alberto Martinez, Osasun Sailburuak esan zuen, inolako zalantzarik gabe: «Behar adina mediku ditugu ospitale handietan 24 orduko guardiak kentzeko»
Hori egia bada, ESK-n galdetzen dugu zergatik ez dituen berehala kentzen; ESK-k beti defendatu du guardien amaiera, langileen osasuna eta pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen duen mekanismo maltzur bat dela uste dugulako, kolektibo medikoaren prekarizazioa kamuflatu nahi duena, nominak puztuz guardien eta bisita-paseen bidez.
Baina ez da urrea distira egiten duen guztia, hasteko: “Gurutzeta, Basurtu edo Donostia bezalako ospitale handietan badago hori egiteko mediku nahikorik. Eskualdekoetan, Mendaron esaterako, ez. Berez zaila egiten zaigu horietan lan egiteko fakultatiboak aurkitzea.” Argi eta garbi erakusten du gure Sailburua nondik datorren; handiak pribilegiatu egiten ditu, inbertsioak eginez eta mimatuz, eta bitartean, Osakidetzak gure Eskualdeetan bizi eta lan egiten duten pertsonak utzikerian uzten ditu. Zer zentzu du sailburu batek sare osoan aplikatu ezin dituen neurriak proposatzea?
Eta jarraitzeko: “Zerbitzu batek modu baketsuan eta barrutik adostuta txandaka antolatzea planteatzen badu, gu prest gaude baloratzeko. Errealista izan behar da derrigorrezko guardiak beharrezkoak direla asistentzia mantentzeko”
Lehenik eta behin, zerbitzuak modu baketsuan planteatu behar du; egia esan, ez dira zerbitzuak karteldegiak eta lan-erritmoak inposatzen dituztenak, justu kontrakoa; gure ESIetako zuzendaritzek sistematikoki egiten diete uko langileen eskaerei, eta guztiz modu diktatorialean jokatzen dute. Eta bigarrena, “bere” errealitateko bainu bat: guardiak derrigorrezkoak izaten jarraituko dutelako, “bere” gaur eguneko arreta ereduak hala eskatzen baitu.
Gaur egungo guardien eredua zaharkituta dago duela hamarkada batzuetatik. Osakidetzaren egungo lan-baldintzetan ez dago lan espektatibarik, medikuek beren lana behar bezala egin ahal izateko eta beren eskubideak erabat bete ditzaten beharrezkoa da guardian eredua guztiz aldatzea.
Horretarako, ezinbestekoa da txanda-eredu baterantz aurrera egitea, gainerako lanbide-kategorietan dagoena bezalakoa, atseden-eskubideak modu eraginkorrean errespetatzen dituena, eta, horrela, pazienteentzako kalitatezko osasun-arreta bermatzen duena.
ESKrentzat argi dago Sailburuaren iritzi hauek jarrera mediatiko bat besterik ez direla eta ez duela inolako asmorik guardia medikuen amaierari heltzeko. Medikuen eta gainontzeko langileen lan-baldintzak hobetu nahi baditu, zergatik dauka hilda Lan-baldintzen akordio zaharkituaren gaineko negoziazioa Sailburu jaunak?
ESK-k plan errealistak eskatzen ditu Osakidetzak pairatzen duen arazo guztiei aurre egiteko, eta benetako negoziazio gardena eskatzen du, bai plantillekin, bai bere ordezkariekin, eta ez EAJri eta bere kudeatzaileei aurpegia garbitzea beste helbururik ez duten adierazpen handiekin.









