Urtarrilaren 4an, larrialdietako zerbitzuko langileek hitzezko beste eraso bat jasan zuten erabiltzaile baten senideen aldetik. Erasotzeko eta autoa instalazioetan sartzeko mehatxua egin zieten, joan den apirileko gertakaria emulatuz, une horretan senidea zaintzen ez bazuten. Hori guztia oihuka, lankideen aurpegitik zentimetro gutxira eta jarrera oldarkorrean.
ESK sindikatutik idatzi bat bidali genuen gerentziara, pertsonaleko eta erizaintzako zuzendaritzara, eta lan osasunera, gertatutakoaren berri emateko, eta indarkeriazko jarrera horiekin amaitzeko neurri eraginkorrak bilatzeko lana ez eteteko eskatzeko.
Bilbo-Basurtoko ESIan, larrialdietan eta psikiatriako ospitalizazioan izaten dira eraso gehien. Langileak edozein unetan indarkeriazko egoeraren biktima izan daitekeen sentsazioarekin joaten dira lanera, eta horrek estres-plus bat gehitzen dio larrialdietako jarduerari, berez nahiko estresagarria dena. Hala ere, ezin dugu ahaztu erasoak ESIko zerbitzu askotan ematen direla eta Lehen Arretan adibidez, larriki pairatzen dutela arazo hau.
ESK sindikatuak uste du alde handia dagoela egoera hobetzeko, eta Zuzendaritzari neurri batzuk proposatu dizkiogu, alde batetik, profesionalei eta, bestetik, biztanleei dagozkienak, gure zerbitzuaren balizko erabiltzaile gisa.
Profesionalei dagokienez, jokabide oldarkorren prebentzioari buruzko prestakuntza ez dadila mugatu ikastaro edo tailer puntualetara, eta etengabeko prestakuntza-prozesu bat izan dadila, larrialdietan lan egiten duten kategoria guztiek parte har dezaten. Uste dugu ere formakuntza hau Bilbao-Basurto ESIko langile guztiei hedatu behar dela.
Bestalde, prebentzio-kanpaina indartsu bat proposatzen dugu, gure ESIa erabiltzen duten herritarrei zuzendua. Ezinbestekoa da herritarrak sentsibilizatzea, eta ezin da larrialdietako zerbitzuan kartel gutxi batzuetara mugatutako kanpaina bat izan, berehala gure zerbitzuko paisaiaren parte bihurtzen bait dira eta funtzioa galtzen baitute.
Halaber, Bilbo-Basurtoko ESIk berak eraso horiek epaitegietan salatzea proposatu dugu. Erasandakoak berak, nahiz eta Lan Osasuneko erasoak jakinarazi, salaketa judizialak jartzeari uko egiten dio, erasotzaileek beren datuak ezagut ditzaten beldur baitira.
Aurrekoetan, ESIa salatzaile gisa aurkeztea oso saila dela esan digute, baina duela gutxi jakin dugu Osakidetzako Osasun Mentaleko Sareak bere eremuan gertatutako eraso bat salatuko duela. Jokabide hau Osakidetza osora hedatu behar da berehala.
ESK sindikatuak proposatzen du langileek pairatzen duten indarkeriarekin amaitzea zeharkako eta etengabeko lan-ildo bat izan dadila, zuzendaritza guztien eta langileen partaidetzarekin.