• Osakidetzak Ospitaleko plantilla diskriminatzen du eta bere langileei txandak ordaintzea ukatzen jarraitzen du.
• SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen ustez greba deialdia da irtenbide bakarra
Urduliz. 2022ko urtarrilak 31. Uribe ESIko Zuzendaritza Gerentziak ukatu egin die bere profesionalei 2017. urteaz geroztik txandakako lanaren osagarria ordaintzea, aurreko zuzendaritzak alde bakarrez erabaki baitzuen langileei osagarri hori etetea.
Profesionalek, pandemia osoan zehar herritarrekin eta lanbidearekin duten konpromisoa erakutsi dute eta erakusten jarraitzen duten arren, aspalditik jasaten dute lan-baldintzak arautzen dituen akordioan jasotako eskubide baten murrizketa, zuzeneko diskriminazioa dakarrena, sareko beste ospitale batzuetan bai ordaintzen baita.
Bi urteko protesten, salaketen eta negoziazio-ahaleginen ondoren, Urdulizko Ospitaleko langileak nekatuta daude Osakidetzak emandako tratu txarrarekin. Gainera, deialdia egin duten sindikatuak beldur dira Osakidetzak planifikatutako estrategia baten hasiera izango ote den, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren beste eremu batzuetara zabaldu nahi duena.
- Horregatik, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek dei egiten diete Urdulizko Ospitaleko langile guztiei mobilizatzera eta grebara ateratzera otsailaren 3ko (osteguna) 8:00etatik hurrengo eguneko 8:00etara.
- Ostegunean, hilak 3, 7:00etan, manifestazio bat abiatuko da errepidetik Larrabasterratik Urdulizko Ospitaleraino, eta protesta-kontzentrazioa egingo da 11:00etan ospitaleko sarreraren aurrean.
Sindikatuek exijitzen dute 2022an txandaka lan egiten duten langile guztiei txandakako osagarria onartzea eta urte horietan guztietan langileek izan dituzten galera ekonomikoak ordaintzea.