Azken urtean, estatuko Lehen Arretako langileek ezinbesteko zerbitzu honen alde mobilizatzen aritu dira etengabe, Lehen Arretako Taldeak 70-80 urteetan sortu eta garatzen hasi zirenetik ez baita zerbitzu horretan horrelako krisirik ezagutu. Kataluniako, Galiziako, Andaluziako, Madrilgo eta Nafarroako erkidegoetan protestek greba izaera hartu dute, gainontzeko erkidegoak ere bide beretik doaz. Euskadin, deialdi formal baten esperoan, lehen arretako langileen kolektiboak batzarrean erabaki du LMko plantila osoa grebara deitzea, hiru lanaldi oso hilabeteko maiztasunarekin.
Mobilizazio horien ezaugarri deigarriena plataforma digitalen eta sare sozialen bidezko langileen beraien antolakuntza izan da. Ez dago beste biderik, erabakiak gune zentralizatu eta urrunekoetan hartzen baitira eta LMa lurralde osotik barreiatua baitago.
Lanaren gainkarga da mobilizazio gehienen arrazoi nagusia. Azken hamarkadan LMra bideratutako aurrekontua murriztua izan da, noiz eta testuinguru sozialak arreta gehiago eta soziosanitarioki konplexuagoa eskatzen duenean. Biztanleriaren zahartzea, askotariko patologiak eta osasun arloko erabakietan pertsonen autonomia galera, zio anitzeko gainbehera horren arrazoietako batzuk dira. Ez dezagun, ordea, perspektiba gal, osasun publikoaren desegitea kapital pribatuen alde, gero eta etekin gehiago lortzen dutenak, baita krisi garaian ere, ongizate estatuen atzerakada historikoaren atzeko musika da.
Beste erkidegoetan medikuen kolektiboa izan bada ere eragile nagusia, Euskadin kategoria guztiak izan dira deituak eta guztiek hartu dute parte proposamen eta eskaeren prestakuntzan, horien bitartez azken urteetako sumindura eta nekea bideratzeko saiakera egingo da.