ESK sindikatutik Osakidetzak Basauriko 13 eta 40 urte bitarteko herritarren arteko bahetze masiboari nola eman dion hasiera salatu nahi dugu.
Ez da xede honetarako telefono linearik jarri, Osasun Zentroko linea saturatuz, langileak bere onetik ateraz eta anbulatorioko jarduera gaineztuz.
Era berean, ez zaie langileei inolako errefortzurik jarri, ez osasun-egitura indartu, ez eta Osakidetzak berak abian jarritako eta biztanleriaren sektore zabal bati zuzendua dagoen ez-ohiko egoera honen aurrean inongo beste neurririk ere.
Barrualde-Galdakao ESIko Zuzendaritza ez da existitzen, ez du jarraibiderik eman, anbulatorioko zita-agendak gainkargatuta daude, egoera tamalgarria da, administrazio-eremua erabat aseta dago, telefono-lineetan kolapsoa gertatzen ari da eta gainerako erabiltzaileek behar duten laguntza blokeatuta dago.
Beste behin ere, Osakidetzak bere profesionalak herritarrei arreta penagarria ematera behartzen ditu.
Egoera hau ez da berria, hortaz, ESK sindikatuak Osakidetzari eta Sagardui sailburuak zuzentzen duen Osasun Sailari neurri errealak eskatzen dizkie, benetako arazoei irtenbidea emateko eta berehala martxan jarri daitezen.