ESKk jakin du, ESI desberdinetan, eta Osakidetzaren ustezko Instrukzio baten arabera, behin-behineko langile batzuei jakinarazi zaiela aurrerantzean ezingo dutela Osakidetzan beren zerbitzuak ematen jarraitu, Europako nazionalitatea ez dutela argudiatuz.
Langil hauek beren profesionaltasuna eta balioa erakutsi dute, bi urte baino gehiago daramate Osakidetzan lanean, eta COVIDaren kolpeak jasan dituzte lehen lerroan. Izan ere, pandemia horren aurkako eguneroko borrokan parte hartu dute, eta bat batean, Osakidetzak kanporatzen ditu, inolako begiramenik gabe.
ESK sindikatuak ez du ulertzen, nahiz eta Osakidetzak pertsonal arloan egiturazko gabezia larriak izan, urte eta erdiko pandemiaren ostean larriagotu direnak, bere lanean esperientzia handia duten pertsonak alde batera uztea.
ESKk salatu egiten du Osakidetzak duen jarrera hipokrita eta xenofobo hori; interesatzen zaionean ez du zalantza ispirik edozein legezkotasun alde batera utzi langileak, batez ere langile migratzaileak, esplotatu eta prekarizatzeko. Ondoren, inongo lotsarik gabe, pertsonak kaleratzen ditu bizimodu duinik gabe utziz eta herrialde honetako herritarrek merezi duten arreta prekarizatuz..
ESK sindikatutik eskatzen dugu Osakidetzak beharrezko mekanismoak presta ditzala egoera hau konpontzeko, pertsona horiek lan-poltsetan sartzeko eta herritarrei eman beharreko osasun arretaren kalitatea hobetzeko.