Joan den ekainaren 5ean Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, Emergentziak Osakidetzako Zuzendari Gerentea agertu ondoren, eta bere hitzaldian egindako adierazpenak, osatu gabeak eta nahasiak, jaso ondoren, Emergentziak erakundeko langileek gure ondoeza helarazi nahi izan diegu gutun bat bidalita Zuzendari Kudeatzaileari berari, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendari, Osasun Saileko Sailburu eta Sailburuordeari.
Tamalgarria iruditu zaigu Emergentziak erakundearen lana datu estatistiko guztiz partzialetara mugatuta ikustea, errealitatearekin bat ez datozen jarduerei buruzko azalpenekin, eta gure lanaldia benetan dena baino gutxiagora mugatzen dela ikusaraziz, horrela Emergentziak zerbitzuaren ikuspegi guztiz irreala helaraziz. Ez dezagun ahaztu urtean 365 egunetan eguneko 24 orduetan gure geografiako edozein tokitan pazienteei arreta ematen dien zerbitzua dela gurea.
Gutun honen erantzuna zuzenketa publikorik gabeko gutun bat izan da, udaran plan estrategikorik gabe jarraitzen dugu, zentro koordinatzaileetan medikurik gabe eta Langraiz-Okako anbulantzia medikalizatuaren berririk gabe. Egoera honen aurrean Emergentzitako langileak Donostiako Gipuzkoa plazan elkartuko gara, 11.00tan Emergentzietako zerbitzuaren alde.
Osakidetzako Emergentziak erakundeko langileek sinatua.