Atzo, urtarrilaren 3an, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren erabakia argitaratu zen EHAAn. Horren bidez, migratutako langileen diskriminazio sistematikoa gauzatu zen enplegu publikoa lortzeko orduan.
Akordio horretan jasotzen da ze espezialitate mediko eta erizaintzako espezialitatetan kontratatu ahal izango diren erkidegotik kanpoko langileak, eta zein baldintzatan, onartu berri den Osasun Publikoari buruzko Legearen Azken Xedapenetatik Lehenengoan jasotzen den bezala; izan ere, lege horrek ez die erantzuten Osakidetzak dituen langileen egiturazko premiei.
Nola ez, ESK-k oso modu negatiboan baloratzen du ebazpen hau.
Lehenik eta behin, Europar Batasunetik kanpoko medikuak eta erizainak aldi baterako hautaketa-prozesuetan soilik kontratatu ahal izango dira, enplegua egonkortzeko aukera ukatuz eta lan-baldintzak prekarizatuz; izan ere, oraindik ere ezin izango dira deitutako LEPetara aurkeztu.
Bigarrenik, Erizaintzari dagokionez, debeku hori hiru espezialitatetarako bakarrik kentzen ditu (Lan Osasuna, Osasun Mentala eta Emagina), gainerako eremuetan, Lehen Mailako Atentzioan adibidez, badirudi langileez gainezka gaudela.
Hirugarrenik, aitorpen hori aldi baterakoa da, eta gutxienez urtero berrikusiko da; beraz, "erabili eta botatzeko langileak" kontzeptuak indar handiagoa hartzen du.
55 espezialitateetatik 52 medikuak dira, ia guztiak Osakidetzan lan egiten dutenak. ESK-ren ustez, ebazpen honen bidez, Osakidetza de facto aitortzen ari da sindikatu honek eta beste batzuek plantillaren egiturazko defizitari buruz salatutakoa.
ESK-k Euskal Enplegu Publikoari buruzko Legearen eta Osasun Publikoari buruzko Legearen arau-aldaketa eskatzen duela berretsi du, enplegu publikoa baldintza berdinetan eskuratzerakoan bizilekuarekin ordezkatzeko nazionalitate betekizuna ezabatzeko.