Joan den martxoaren 9an, sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilerara joateari uko egin ondoren, Osasuneko Sailburuak, propaganda hutseko ekitaldi batean, pertsonal sanitarioaren plaza inauguratu zuen, gaur berriro inauguratu dugun gunea.
SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek osasun langileen plaza berrinauguratu dute gaur Bilbon, eta Osakidetzako langile ahaztuen plaza izendatu dute.
Ekitaldi honen bidez, Osasun Sailaren hipokrisia eta propaganda salatu nahi dugu; izan ere, Osakidetzako langileen lan-baldintza eskasak hobetzeari uko egiten dion bitartean, osasun-langileen omenezko plaza bat inauguratzen du. Osakidetzako langileek ez dute edukirik gabeko propaganda-ekintzarik behar; benetako aitorpena behar dute, egunero jasaten dituzten eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzuan eragin zuzena duten lan-baldintza kaxkarrak hobetzeko.
Gogora dezagun plaza hori Bilboko Alkateak eta Osasuneko Sailburuak inauguratu zutela martxoaren 9an, sindikatuok Osakidetzari Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin genion egunean, negoziazioari eta elkarrizketari berriro ekiteko asmo sendoarekin. Zoritxarrez, Osasun Sailak propagandaren aldeko apustua egin zuen beste behin ere, eta bizkarra eman zion benetako negoziazioari. Horrela, Osasun Saila bilerara joateari uko egin zion eta bitartean, Sailburuak, ahaztuta dituen langile horiei eskainitako plaza bat inauguratu zuen. Agerian dago ez zaila bat ere axola langile horien lan baldintzak.
Klabe horretan bakarrik ulertu daitezke azken asteetako gertakariak eta joan den ostiraleko Mahai Sektorialeko bileran gertatutakoa; bilera horren edukia etsigarria izan zen. Osakidetza ez dago prest grebara eraman gaituztenen aldarrikapen bakar bati ere erantzuteko. Sagardui sailburuak otsailaren 25eko grebaren aurretik iragarri zuen 300 milioi bideratuko zirela Garapen Profesionaleko osagarria ordaintzera, greba desaktibatzeko ahalegin argi batean. Gaur egun, ordainketa hori ez da egin, eta joan den ostiralean Osakidetzak jakinarazi zigun urtea amaitu baino lehen egiten saiatuko dela, joan den uztailean itxitako akordio bati buruz hitz egiten ari garenean.
Hori gutxi balitz, bilera horretan, Osakidetzak ukatu egin zituen Lehen Arretako plantillaren lan-baldintza eskasak. Adierazi zuen arreta-maila hori uzten duten langileek aukera propio baten baitan egiten dutela eta horrek ez daukala zerikusirik kolektiboaren lan baldintza prekarioekin. Era berean, uko egin zion itxitako PACak berriro irekitzeari edo ordutegia mugatu zaienei buruz hitz egiteari.
Gauza bera esan daiteke gainerako errebindikazioei buruz, hala nola %4 edo txanda osagarria. Azken honi dagokionez, praktikan, Osakidetzak murrizketa bat aplikatu du hori ordaintzerakoan. Orain Osakidetzak esaten du ezin diela %4 hori ordaindu ospitale-eremuan lanik egiten ez duten langileei. Baina azpimarratu behar dugu justizian, Lehen Arretako plantillaren zati bati aitortu ziola, eta duela hilabete batzuk, proposamen bat jarri zuela mahai gainean, gero erretiratu zuena, beste kolektibo batzuei ordaintzeko.
Osakidetzak aurrekonturik eza aipatu zuen, Eusko Jaurlaritzak 2021. urtean 600 milioi euro aurreztu dituela adierazten duen egun berean. Argi dago, beraz, osasun arloko inbertsioa ez dela lehentasunezkoa Jaurlaritzarentzat.
Osasun Sailak Osakidetzako langileak ahaztu izana salatu nahi dugu gaur, eta Sagardui Sailburuari gogorarazi nahi diogu Osakidetzako langileek ez dutela omenaldi hutsen edo propaganda hutseko ekintzen beharrik. Osakidetzako langileek beren lan-baldintzak duintzea eta hobetzea behar dute.