Lucho Royero zinegotziaren faltsukeria eta mututasuna salatzen ditugu, eta iragartzen dugu hilaren 23ko negoziazio mahaian aurrerapausorik ematen ez bada beste greba bat egingo dugula ekainaren 25ean.

« Ezin zaigu elkarrizketarik eskatu arduradun politikoa ez denean gai zerbitzuei eusten diegunoi erantzun bakar bat emateko »
ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek, Arabako esku-hartze sozialaren sektorearen ordezkari gisa, agerraldia egin dugu gaur goizean Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Batzordean, Lucho Royero zinegotziari erantzun zuzenak eskatzeko. Gure ustez, oso larria da Gizarte Politiketako arduradunak berak aurreko batzordeetan gezurra esan zuela jendaurrean onartu behar izana, gaur onartu baitu ez duela inolako harremanik edo bilerarik izan gurekin 2025eko otsailean IV. Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen hasi zenetik.
Gogor aurpegiratu diogu zinegotziari joan den maiatzaren 26an erabateko faltsukeriari eutsi izana, talde politikoen aurrean adierazi baitzuen "harreman estua" eta "etengabeko jarraipena" zituela bai AISA patronalarekin bai sindikatuekin. Gaur batzordean bertan azaldu dugun kontakizunaren aurrean, Royerok aitortu behar izan du une horretan bertan egiten ari zirela lehen benetako bilera sektoreko ordezkari sindikalekin.

Ez du erantzun
Gainera, salatu nahi dugu zinegotziak jarrera larria izan duela batzordean zehar, eta ez diola erantzun helarazi dizkiogun gai zehatz bakar bati ere. Royerok ez du erantzun bere Udalak azpikontratatutako gizarte-zerbitzuek sektore publikoaren aurrean soldata-arrakala onartezin bat jasatea bidezkotzat jotzen duen, gutxieneko zerbitzuen gehiegizko ezarpenari buruz isilik egon da eta Udal Gobernuak beldurtu nahi gaituen isun errepresiboei erantzutea saihestu du.
Zinismo ariketa onartezina iruditzen zaigu zinegotziak lan-gatazkari "elkarrizketa" moduan eusteko deia egin izana, aldi berean gure bozeramaileen aurrean erabateko mututasuna aukeratu duenean. Ezin zaigu elkarrizketarik eskatu arduradun politikoa ez denean gai zerbitzuei eusten diegunoi erantzun bakar bat emateko.

Edo mahaia desblokeatzenm da edo greba
Horregatik guztiagatik, uste dugu Gasteizko Udalak gure sektoreari ematen dion ustezko balioa diskurtso erabat hutsa dela eta ez duela benetako konpromiso politikorik. Pribatizatutako sektoreko profesionalok ez dugu hitz atseginik behar, ezta optimismo faltsurik ere; instituzioek beren erantzukizun zuzena onartu behar dute, gatazkan bitartekotza eginez eta ekiparazio-prozesu bati ekiteko hitzarmen bat finantzatzeko aurrekontu-partida nahikoak konprometituz.
Egoera horretan, administrazioei eta patronalari konpromisoak eskatzen dizkiegu berriro, ekainaren 23ko negoziazio-mahaiak gatazkan benetako aurrerapena ekar dezan. Aurrerapauso esanguratsurik eman ezean, mobilizazioei berriro ekin beharko diegu, eta beste greba-egun bat deitu ekainaren 25erako.
ELA - LAB - CCOO - ESK
Arabako esku-hartze sozialako patronalak oraindik ez dio erantzun sindikatuen proposamenari
Arabako eskuhartze soziala: negoziazioak aurrera egiten ez badu, ekainaren 25ean greba
Arabako esku-hartze sozialaren patronalaren zekenkeriaren aurkako kanpaldia eta mobilizazioak
Greba arrakastatsua Arabako esku-hartze sozialaren sektorean parekatzearen alde
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10
- 11
- 12
- 13
- 14
- 15
- 16
- 17









