Hainbat hilabetez grebaren eta mobilizazioaren bidez enpresaren etorkizuna defendatu dugunok kriminalizatu gaituztenek erantzukizun politikoak bere gain hartu, langileen alde jarri eta Tubos Reunidoseko etorkizun industrialarekin konprometitu behar dira.

« Greba eskubidearen erabilera legitimoa kriminalizatu zutenek erantzukizunak bere gain hartu eta konpromiso zehatzak hartu behar dituzte »
Bihar, ekainaren 11n, Tubos Reunidoseko langileen ordezkariok eta sindikatuok Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin eta Arabako zein Bizkaiko foru aldundiekin bilduko gara. ESK-tik jarrera argi batekin joango gara: Mikel Torres sailburuak balizko inbertitzaileei buruz egindako adierazpenak argitzeko eskatuko dugu, Eusko Jaurlaritzak Tubos Reunidosen egoera kritiko honetan berehala inplikatzeko exijituko dugu, eta euskal erakundeek egoera honen benetako erantzuleak publikoki seinalatzeari buruz izan duten jarrera zuzentzea ere eskatuko dugu.
Urte luzez salatu dugu finantza-ingeniaritzan, zorpetzean, industria-erabaki okerretan eta ekoizpen- nahiz industria-proiektua interes finantzario hutsen menpe jartzean oinarritutako kudeaketa-eredua.
Eta nortzuk dira errudunak?
Une honetan argi dago ez langileek eta ez sindikatuek ez dutela 260 milioi eurotik gorako zorra sortu. Ez zituzten finantza-erreskateak diseinatu, ez zuten administrazio-kontseiluetan parte hartu, ezta funts publikoak kudeatu ere. Ez zuten bonus aldakorrik kobratu.
Argi dugu greba ez zela arazoa izan: enplegua eta Tubos Reunidosen etorkizun industriala defendatzeko langileek emandako erantzuna izan zen.
Hilabete luzez kontakizun faltsu bat ezartzen saiatu dira: langileen gatazkak, grebak eta sindikatu borrokalariek enpresaren bideragarritasuna arriskuan jartzen zutela. Kontakizun horretan herrialde honetako arduradun politiko gehienek eta komunikabide askok parte hartu zuten. "Bake sozialaz" hitz egin zuten enpresa-erantzukizunez baino lehenago. "Estrategia sindikalaren" aurkako etengabeko erasoak etorkizuna defendatzen ari zirenenganako presio politikoa izan dira eta izaten jarraitzen dute.

Erantzunkizun politikoa
UCOren miaketen, atzemandako dokumentazioaren eta erreskate publikoaren inguruko ikerketen ondoren, marko politikoa aldatu egin da. Epaitegiek zehaztuko dituzte erantzukizun penalak, baina politikoki bada ebidentzia bat: greba arazo bihurtzen saiatu zirenek orain beste alde batera begiratzen dute eta oin-puntetan pasatzen dira Tubos Reunidoseko egungo kudeatzaile eta inbertitzaileez hitz egiteko orduan.
Azalpenak eman beharko lituzkete, halaber, greba hausteko ahalegin guztiak egin zituzten eta egoera honen erantzuleen aurka sindikalki borrokatu beharrean kontrako norabidean aritu ziren zenbait ordezkari sindikalek. ESK-k eta beste sindikatu batzuek enplegua eta industria-proiektu bat defendatzen genituen bitartean, sektore sindikal jakin batzuek enpresaren interesetarako baliagarriak ziren diskurtsoak bere egin zituzten, mobilizazioa zalantzan jarri zuten eta etsipena irtenbide bakar gisa aurkeztu zuten. Borrokan ari zirenei erasotzea, enpresa zuzentzen zutenen aurkako kritika apaltzen zen bitartean, akats politiko eta sindikal larria izan zen. Sindikatuok borrokatzeko gaude, ez patronalaren diskurtsoa komunikabideetara eta langileengana eramateko.

Langileei babesa eta konpromiso zehatzak
Horregatik, bihar, ekainaren 11n, Tubos Reunidosen enplegua eta industria bermatzeko konpromiso zehatzak eskatuko dizkiegu euskal erakundeei. Langileen alde jartzeko eta modu oso zalantzagarrian amildegira eraman gaituen zuzendaritza zuritzeari uzteko garaia da.
Grebak ez du krisia eragin eta EEE-k ez zuen Tubos Reunidos salbatuko
Tubos Reunidos: langileok gainditu dugu; Zuzendaritzak suspenditu egin du
Tubos Reunidosek egutegiak aldatu nahi ditu “atzeko atetik”, hartzekodunen konkurtso betean
Tubos Reunidoseko langileok etorkizunaren borroka kongresura eraman dugu
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- 8
- 9
- 10









