Badakigu elite ekonomiko eta politikoen agendak ekozidio eta genozidioaren ezaugarriak izango dituen agertoki batera garamatzala. Egin dezagun bizitzaren, naturaren eta langile klasearen eskubideen aldeko apustua.

 
 

« Klase herrikoiok gara  kapitalismoa sortzen  ari den ekaitz perfektua gehien pairatzen dugunak »

 

Mundu jasangaitzagoa eta bortitzagoa

Duela 10 urte, Euskal Herrian egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistaren amaierako manifestuak muga biofisikoak gainditzeak eragindako urgentzia ekologikoa aipatzen zuen modu esplizituan; gainera, derrigorrezko lekualdatzeek, prekarietateek eta gero eta bortizkeria handiagoek sortutako larrialdi sozialaz ere ohartarazten zuen, eta hertsiki lotutako arazo bi horien jatorria kapitalismoaren funtsean dagoen ordena instituzionalizatuan kokatzen zuen. Eta fokua ipintzen zuen irabazi korporatiboen maximizazioaren dinamikak sustatutako hazkunde mugagabean.

10 urte geroago, zoritxarrez, azterketa hori ziurra eta premonitorioa dela ikusten da, eta agerian uzten du premiazko eta sakoneko erronken aurrean nazioarteko komunitatearen gelditasun instituzional nabarmena. Hala ere, duela hamarkada bat egindako diagnostikoa ez da erabat gai izan gaur egun nazioarteko panoraman antzeman daitezken fenomeno kaltegarrien zabaltasuna eta intentsitatea jasotzeko.

EKOLOGIA

Ekologiari dagokionez, eta Stockholmeko Erresilientzia Zentroaren arabera, 2025ean jada gainditu ziren planetaren bederatzi muga biofisikoetatik zazpi: klima aldaketa −1,44ºC-ko igoera industria aurreko garaiarekin alderatuta−, biodibertsitatea, deforestazioa, ur geza, nitrogenoaren eta fosforoaren zikloak, kutsadura kimikoa eta ozeanoen azidotzea; hau da, ozono-geruzaren agortzea eta atmosferako aerosolen gainezkatzea kenduta, beste guztiak. 2015ean, berriz, lau muga baino ez zeuden gaindituta.

EKONOMIA

Ekonomiari dagokionez, nazioarteko dinamika okerra larriagotu egin da azken urteotan 2008ko finantza-eztandak hauspotuta, eta ez du hobera egiteko itxurarik. Kapitalismoa gripatuta dago –egungo hamarkadarako espero den hazkundea % 2,4koa baino ez da−, gain-ekoizpen arazoak ditu eta arnas apur bat bakarrik finantzek ematen diete. Beste era batera esanda, garapenaren tarta txikitzen ari da –batez ere, langileentzat−, hura bereganatzeko lehiatzen ari diren kapitalak ugariak dira eta zero baturako joko batean bakarrik bat irabazten ari da, Txina, bereziki sektore estrategiko askotan. Esparru hori oso ezegonkorra da, eta mota guztietako eztandak gertatzeko arriskua areagotzen ari da.

Egoera horretan, merkatuak, merkataritza-ibilbideak (Groenlandia, Ekialde Ertaina), inbertsio estrategikoak (adimen artifiziala, erdieroaleak, ekonomia berdea) eta, bereziki, energia fosila eta meatzaritza metalikoa kontrolatzeko muturreko lehiak sustatutako gerra ekonomikoa inposatzen ari da.

 

 

POLITIKA

Ondorioz, eta termino politikoetan, multilateralismoan, arau partekatuetan eta demokrazia liberalean oinarritutako nazioarteko ordena birrindu egin da azken bosturtekoan. Nahiz eta ordena hau mendebaldeko potentzien aldeko gobernantza-eredu lerratua izan, bere korporazioen interesak blindatzen zituen lex mercatoria batek tinkatua izan eta intentsitate demokratiko txikiko esparru batek definitua izan, krisi globalaren testuinguruak eta Txinaren ekonomia hegemoniko bihurtzeko bidean izateak munduko taula hankaz gora jarri du.

Orain, eskuin muturreko agenda erreakzionario eta autoritarioek, indarra eta indarkeria balio indartsu gisa sustatzen ari dira, eta egungo panorama politikoan gerra-erregimena nagusitzen ari da, neurri handi batean, AEBek eta bere aliatuek, Israelek eta Europar Batasunak, eraginda. Horrela, gerra eta eraso inperialisten sekuentzia bizkortu egin da –Ukraina, genozidioa Gazan, Venezuelan, Iranen–. Gainera, espiral militarista hori gatazka nuklearraren arriskuak markatutako testuinguruan ematen ari da.

Zalantzarik gabe, herritarren gehiengoak eta langile klaseak, oro har, pairatzen ditugu kapitalismoa sortzen ari den ekaitz perfektu horren ondorio larriak. Hondamendi naturalei lehen lerroan aurre egiten diegunak gara. Modu asimetrikoan bada ere, gure bizitzak, esplotatuak eta prekarizatuak, erreproduzitzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugunak. Ondasun komunetik eta gure lanetatik desjabetu gaituztenak. Arrazoi ekonomikoak, politikoak eta ingurumenekoak direla-eta, lekuz aldatu behar izan dugunak. Eskuin muturraren erasoei eta bere agenda erreakzionarioei aurre egiten diegunak. Militarismoaren eta gerraren biktima zuzen bihurtu garenak.

 

« Kapitalismo berde oliba eta digital honek  ez du inolako konponbiderik ekartzen  »

 

Agenda ekosozialista, inoiz baino beharrezkoagoa eta premiazkoagoa

Aurreko atalean azaldutako diagnostiko orokorraren aurrean, 2016an Euskal Herrian egindako Topaketaren manifestuak kapitalismo berdearen sirena-kantuez ere ohartarazten zuen. Uste zuen kontsumo-eredu bera eta urgentzia ekologikoa eta gizarte-larrialdia sortu dituzten egitura berak errepikatzeko arriskua suposatzen zuela. Gaur egun kapitalismo berde oliba eta digital bihurtu da, pandemiaren osteko bertsio hegemoniko gisa. Kapitalismoaren bertsio horrek hauxe planteatzen du: aliantza publiko-pribatuen eta energian, ekonomia berdean, digitalizazioan eta armamentuan inbertsio masiboen arteko batuketak hazkunde egonkor eta orokortura eramango gaituela, bai eta hazkunde horretatik desakoplatzera ere, bai emisio kutsatzaileetatik, bai kontsumo energetiko eta materialetik.

Hala ere, agenda ofizial horren inpaktua planteatutakoaren guztiz kontrakoa da: ez da geldialdi ekonomikoa lehengoratzen, ez da iraunkortasunari dagokionez aurrera egiten eta termino absolutuetan ez dira murrizten emisioak eta kontsumo fisikoa. Egia da murriztu direla lurralde espezifiko batzuetan, baina inoiz ez konprometitutako erritmoan eta ezta ere herrialde edo eskualde bakoitzak parte hartzen duen balio-kateen izaera globala kontuan hartuta. Aitzitik, botere korporatiboaren protagonismoa indartzen ari da –eta, ondorioz, irabaziaren maximizazioa funtsezko helburu gisa–, erauzketa-dinamika sendotzen ari da –batez ere energia eta meatzaritza metalikoa–, eta hornidura estrategikoak ziurtatzeko gerra ekonomikoa azkartzen ari da, eta, egungo eskalada militaristaren barruan, gerra-erregimena bera ere.

Beraz, kapitalismo berde oliba eta digitalak ez du irtenbiderik ematen. Aitzitik, aurre egin behar diogun agenda defendatzen du. Horren bertsio neokeynesiarrek ere ez dira irtenbide. Izan ere, gobernu aurrerakoietatik trantsizio-estrategia nazionalak zuzentzea planteatzen dute, eta bide-orrian enpresa handiekin akordioak egitea, berrikuntza teknologikoak sustatzea eta aldaketa soziologiko progresiboak bultzatzea aldarrikatzen dute. Neokeynesiar horiek klima-larrialdia deskontestualizatu egiten dute, ez baitute gaur egungo nazioarteko panorama definitzen duten parametroen multzoa integratzen. Ondorioz, sakoneko edozein eraldaketa eta herri-mobilizazioa sortzeko beharra saihesten dute; klase-borroka ukatzen dute; jabetza publikoaren garrantzi estrategikoa gutxiesten dute; eta ez dute kontuan hartzen geldialdi sekularrak eta gehiegizko produkzio-ahalmenak zeharkatzen duten botere korporatiboaren izaera retardista.

 

« Garaipen partzialak  posible eta beharrezkoak  dira »

 

Hortaz, indartu egiten dugu ekosozialismoaren aldeko apustua, hori baita, gure ustez, egungo egoera errotik gainditzeko agenda estrategikoa. Eta apustu hori Euskal Herritik egiten dugu, bere idiosinkrasia duen herrialde batetik, baina, zalantzarik gabe, gaur egun testuinguru globala definitzen duten aldagaiek ere zeharkatzen duten herrialdetik: Ipar Globaleko herrialdea, baina subiranotasunik ez duena eremu estrategiko guztietan erabakiak hartzeko; errenta altuko herrialdea, baina matrize ekonomiko kaltebera duena –automobilgintza, aeronautika, energia, makina-erreminta, siderometalurgia, armamentu-sektorea etab.–; energetikoki fosila den eta kanpokoarekiko erabat mendekoa den herrialdea; botere korporatiboaren aldeko politiketan murgildutako erakundeak dituena; eta gehiengo sindikal konfrontatiboa eta klasekoa duen eta herri mobilizazio nabarmeneko ibilbide historiko duen herrialdea.

Euskal Herriko mugimendu ekosozialistarentzat, azken hamarkada ikasketa bizkorreko eta heldutasun politikorako urratsak emateko garaia izan da. Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistetatik, borroka ekosozialek funtsezko lau norabidetan egin dute aurrera: feminismoaren, ekologismoaren eta sindikalismoaren arteko artikulazio intersekzionala (euskal gehiengo sindikalak ikuspegi ekosozialista esplizituki erreibindikatzen du); 2020ko pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorra; 2023ko greba orokor feminista zaintza-sistema publiko-komunitario baten defentsan; lurralde-errotzea, esperientzia zehatzetan gauzatua (Busturialdea-Urdaibaiko iraunkortasun-indizearen proiektua edo Mecanerren birmoldaketa industrialari laguntzeko ekimena); lurraldeak defendatzea megaproiektuen aurrean (Guggenheim Urdaibai museoa…); eta pedagogia ekosozialista eraikitzea, bere hedapena eta garapena errazteko.

Ikasi dugu, halaber, garaipen partzialak posible eta beharrezkoak direla eta ez dagoela trantsizio justurik gatazkarik eta herri-mobilizaziorik gabe. Baita ere, Euskal Herriko ekosozialismoak zentzua duela soilik komunetik, feminismotik eta internazionalismotik - Hegoalde globaleko herriekin etengabeko elkarrizketan- eraikitzen bada.

 

 

Hortaz, lau koloreko bandera (ekologismoaren berdea, justizia sozialaren gorria, feminismoaren bioleta eta herritarren ahalduntzearen beltza) duen ekosozialismoaren alde egiten dugu eta honela eraiki nahi dugu:

  • Statu quo-arekin konfrontazioan, langile-klasearen aniztasun osoarentzat bizitza duinen iraunkortasuna erdigunean jarriz.

  • Klase-borrokaren eta borroka feministaren, ekologistaren, antiarrazistaren, internazionalistaren eta antimilitaristaren arteko loturak ehunduz.

  • Gaur egun kapitalismoaren inguruko ordena instituzionalizatua gainditzea esplizituki planteatzen duen horizontearen alde eginez.

  • Bidezko trantsizio ekosozialeko estrategiak bultzatuz, eta horretarako, hemen eta orain, honako lerro hauek sustatuz: desmerkantilizazioa, deskorporatibizazioa, emantzipazioa, komunaren protagonismoa, eredu soziala muga biofisikoetara egokitzea eta lan guztiak (produktiboak eta erreproduktiboak) errotik birbanatzea.

 

Trantsizio ekosozial justuko estrategia horiek, gako hauexek hartu behar dituzte kontuan:

  • Plangintza demokratiko eta loteslearen aldeko apustua, horixe baita ezinbesteko tresna langile-klasearen eta naturaren interesari eta eskubideei erantzuteko.

  • Jabetza publikoaren eta komunitarioaren protagonismoa, prozesuaren kontrol kolektiborako eta bideragarritasunerako berme bakarra baita.

  • Herritarron parte-hartze zuzena, garaiko erronka politikoaren aurrean nahitaezko baldintza demokratikoa baita.

  • Justizia globala, inperialismoa eta neokolonialismoa indartzen ari diren munduaren aurrean funtsezkoa baita.

  • Era guztietako alternatibak garatzea, megaproiektuen egungo hegemoniaren aurrean.

  • Herri-mugimenduen eta klase-sindikatuen arteko dinamika bateratuak artikulatzea bizitzaren aldeko sareak sortuz, eraldaketa ekosozialistaren aitzindariak izan daitezen.

 

 

Aipatutako gako estrategiko horiek gidatuta, hona hemen agenda ekosozialista berrien funtsezko ezaugarri batzuk:

  • Pertsonen zein ekosistemen bizitzaren zaintza erdigunean jartzea.

  • Desazkunde justu eta asimetrikoa, elektrifikazioa eta sakoneko eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalaren bultzada horizonte gisa kokatzea.

  • Komunaren mesedetan langileen bizitzaren materialtasuna eraldatzen duten proposamenetatik eskuin mutur erreakzionario eta ukatzaileari aurre egitea.

  • Egungo deriba militaristaren eta NATOren egitura nagusien aurrean, inolako zalantzarik gabe “gerra ez” defendatzea.

  • Gaur egun merkataritza- eta inbertsio-itunek eta enpresa transnazionalen interesak iraunarazteko beste formula batzuek blindaturiko inpunitate korporatiboaren arkitektura eraistera jotzea.

  • Aberastasuna eta lan guztiak erabat birbanatzeko apustua egitea.

  • Elikadura-burujabetza, ekonomia feminista, ekonomia solidarioa eta antzeko ikuspegiak lehenetsiz eta birkokapena, burujabetza eta lurraldearen oreka eta kohesioa sustatuz, matrize ekonomiko-energetikoak aldatzea.

  • Etxebizitza, zaintza, hezkuntza eta osasuna eskubide publiko gisa hartzeko eta merkantilizaziotik libre eta, beraz, dinamika kapitalistatik kanpo uzteko bidean aurrera egitea.

 

Jakin badakigu elite ekonomiko eta politikoen egungo agendak ezinbestean ekozidioa eta genozidioa ezaugarritzat dituen egoera batera garamatzala. Horien proportzioa zaila da aurreikusten, baina argi dugu ondorio izugarriak izango dituela, batez ere pertsona eta herri ahulenentzat. Diagnostikoa argia da: ekosozialismo feminista edo basakeria. Egin dezagun langile-klasearen bizitza, natura eta eskubideak defendatzearen aldeko apustua, hemen eta orain, espazio guztietan eta esparru guztietatik.

Gora Euskal Herriko langileria! Gora munduko langileria!

 

Manifestua deskargatu »

 

10 urteko ekosozialismoa Euskal Herrian

Badakigu elite ekonomiko eta politikoen agendak ekozidio eta genozidioaren ezaugarriak izango dituen agertoki batera garamatzala. Egin dezagun bizitzaren, naturaren eta Irakurri

Hazkundetik haratago: hazkunde mugagabearen paradigma gainditzeko alternatibak

Irailaren 26an, Madrilgo Diputatuen Kongresuan parte hartu genuen Beyond Growth konferentzian. Bertan, hazkunde mugagabea gainditzeko alternatiba ekonomikoak eztabaidatu genituen, eta Irakurri

Su txikien itsasoa trantsizio ekosozial justuaren alde indarrak biltzeko

2023an hasitako Su Txikien Itsasoa dinamikarekin jarraituz, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik bigarren topaketa eguna antolatuko dugu urriaren 4an, Gasteizen, Irakurri

AHT-k esklabu egiten gaitu!

AHT gelditzea eskatzen dugu berriro, ekologikoki eta ekonomikoki jasanezina delako, lan-eskubideak ez errespetatzeagatik, ustelkeria-iturri izateagatik eta mugikortasunaren arazoa ez konpontzeagatik. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4
  • 5