Greba orokorrean, mugimendu feministak bizitzako erdigunean jarri nahi ditu, indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko.

 

 

 

Abenduaren 14an egindako bileran Euskal Herriko Mugimendu feministak urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorrarekin bat egitea erabaki zuen.

Greba Orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua izan da, pentsiodunen mugimenduak eskatuta; bere aldarrikapenetan haratago iristeko eta pentsioen esparrua gainditzeko beharra ikusi baitu.

Euskal Herriko mugimendu feministak bizitza erdigunean jarri nahi du indarkeria, desberdintasuna, prekarietatea, sexualitate eredu hegemonikoak, lanaren banaketa sexuala, kontsumo eredua, familia patriarkala, jakintzen hierarkia, arrazakeria, edertasun kanona eta zapalkuntza guztien aurrean; aldarrikapen horiek guztiak mugimendu feministaren borroken parte izan dira, eta horregatik, greba orokorrera atxikitzea beharrezkoa dela uste dugu.

Greba feministaren planteamenduak bizitzako eremu guztietara zabaltzen dira, lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz. Gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortutako bazterretatik eraikitzen da.
Azken greba feministetako ikaskuntzetan oinarrituz, hauek dira gure aldarrikapenak:

 

Bizitza prekariorik ez!

  • Enplegu duina emakumeontzat*! Prekarietateari ez! Inposatutako jardunaldi partzialik ez, soldata arrakalarekin bukatzeko neurri eraginkorrak, behin-behinekotasunarekin bukatzea, pribatizaziorik ez eta azpikontraten errebertsioa!

  • Lan araututik kanpo emakumeek* egiten dituzten enpleguak lan eskubideez eta negoziazio kolektiborako tresnez hornitu!

  • Bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanen aitortza politiko eta soziala! Lan horiek gabe jendartea pikutara doalako. Gure lanek eta bizitzek balio osoa dutelako.

  • Etxeko enplegua balioa, aberastasuna eta ongizate soziala sortzen duen jarduera ekonomiko gisa aitortzea. Eusko Jaurlaritza zein Nafarroako gobernuaren eskutik, Lanbide, Nafar Lan Sare, Osalan, ISNL zein Enplegu sailetik jasotzen dugun diskriminazioarekin amaitzea. Botere publikoek sektore horretako kontratazioan esku hartzea: kontratazio agentziak kontrolatzeko, lan baldintza duinak ezartzeko (lan inspekzioen eta neurri eraginkorren bitartez) eta lan osasuna bermatzeko.

  • Barne etxeko langilearen figura desagertzea. Lan baldintza onartezinak eta salbuespenezkoak direlako.

  • Kalitatezko bizitza bat bizitzeko beharrezkoak diren lan jardunaldi egokiak; benetako kontziliazio neurriak eta erantzunkidetasun sozial erreala, bizitza pertsonala eta lan bizitza uztartu ahal izateko.

  • Oinarrizko behar materialak bermatzeko baliabideak! Etxegabetzeak gelditu, etxebizitza eskubidea orain! Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta-RGI (EAE) eta Bermatutako Errenta (Nafarroa) eskubidea bermatu, eta diru laguntza hauek gutxieneko soldatarekin parekatu!

  • Pentsio duinak emakumeontzat*! 1080€ gutxienez. Ez dugu ontzat ematen Pentsioen Sistema Publikoa deuseztatzea eta laguntza sistema batean bihurtzea.

  • Zaintzarako eta menpekotasunari arreta emateko berezko sistema publikoa: zerbitzu sozial, publiko, doako eta unibertsalak! Pribatizaziorik ez! Denok gara interdependienteak, zaintza ezin da familien ardura edo negozio bat bilakatu.

  • Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Berezko Esparruaren aitortza. Demokratizazioan sakontzeko, gure bizitzak baldintzatzen duten erabakiak ahalik eta gertuen hartu nahi ditugulako.

  • Emakume* baserritarren estatutua garatu, baliabidez hornitu eta betearazi. Emakume* baserritarren funtzio sozialaren errekonozimendua bultzatzeko, nekazaritzara zuzendutako laguntzak errentaren gehigarria izateko (ez hektarearen araberakoa), lurrak emakume* nekazariontzat eskuragarri jartzeko, bertan epe luzerako proiektuak garatu ahal izateko.

 

Indarkeria matxistarik eta heteroaraurik gabeko bizitza anitzak!

  • Injustizia patriarkalari ez! Emakumeak* berbiktimizatzen dituen prozedura judizialekin amaitu.Emakumeon* beharrak, askatasuna eta erritmoak prozesu judizialen erdigunera eraman! Gure sinesgarritasuna, testigantzen balioa eta jasotakoaren aitortzan oinarritzea.

  • Genero indarkeriaren legea zabaldu, bikote harremanaz gaindi gertatzen diren indarkeria matxista eta LGTBIQ+ fobiaren askotariko adierazpenak barnean hartzeko.

  • Indarkeria matxista egoerei aurre egiteko baliabide publiko integral eta eraginkorrak; emakumeon* behar material, psikologiko eta juridikoak bermatzeko: etxebizitza, diru- sarrerak, genero ikuspegia duten abokatu edo psikologoak...

  • Prebentziorako eta emakumeon* ahalduntzerako baliabideak eskaini! Eta hezkidetza proiektuak eta autodefentsa feminista ikasgeletan landu.

  • Aniztasun funtzionala dugun emakumeon* errealitate espezifikoa bistaratu eta horri erantzuteko baliabideak eman! Indarkeria matxista egoeretan dugun zaurgarritasun egoera berezia aintzat hartuta, prebentzio eta babes neurri egokiak hartzea eta gure ahalduntze prozesuak erraztea. Osasun sisteman, arreta ginekologikoen gailuen irisgarritasuna bermatzea, eta Familia Plangintzan zein erreprodukzioa laguntzeko zerbitzuetan sartu ahal izatea.

  • Emakumeon* ugalketa eskubideak eta abortu libre eta doakoa bermatzea! Gure gorputza, gure erabakia!

  • Ezkontzaren pribilegio sozioekonomikoekin eta politika familistekin amaitzea! Familia nuklearrean oinarritzen ez diren antolaketak aintzat hartzea, esaterako, zerga sistema edo baimenak ezartzean.

  • Trans despatologizazioa! Osasun zerbitzu publikoek trataera espezifikoa eskaintzea, eta trans pertsonen protagonismoa eta autonomia erdigunean ipiniko dituzten prozesuak ahalbidetzea.

 

Arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzak! Kolonialismoaren aurrean gure gorputza, lurraldea eta lurra defenda ditzagun!

  • Atzerritartasun legea atzera bota! Baita jatorriaren arabera lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortzen dituen beste edozein politika arrazistarekin amaitu ere. Inor ez da ilegala.

  • Arrazakeriaren ondorioei aurre egiteko politikak garatu eremu guztietan: horretarako, erroldatzea erraztu, osasun eta hezkuntza sistemarako sarbidea bultzatu, etxebizitza eskubidea eta prestazio sozialak bermatu, enplegu eta formazioan lagundu, ikasketa tituluak parekatu...

  • Europar Batasuneko migrazio politika genozidei ez! Mugak ireki eta CIE guztiak itxi!

  • Merkataritza askeko nazioarteko itunik ez! Gure lurraldea kolonizatzen duten eta korporazio handien botere mugagabearen menpe jartzen gaituzten TTIP edo CETA bezalako hitzarmenik ez! Herriok burujabe!

  • Hegoalde globaleko herriak, lurrak eta pertsonak sarraskitzen dituzten transnazionalik ez! Gure herrialdeetan zentro finantzariak dituzten korporazio handiak dira (meategi enpresak, zentral hidroelektrikoak, arropa markak...); euren jarduna legez mugatzea, eta euren produktuak ez kontsumitzea, denon ardura da.

  • Euskal Herrian, askotariko gatazkak zeharkatzen gaituzte, tartean, “euskal gatazka” delakoak. Hori konpontzeko bidean, presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzen dugu, baita emakume* presoek bizi duten isolamendu hirukoitzarekin amaitzea ere. Bide horretan, bakegintzan emakumeon* parte-hartzea eta ikuspegi feminista txertatzeko borondate politikoa eta tresna zehatzak exijitzen ditugu.

  • Lurra suntsitzen duten proiektu txikitzailerik ez! Erraustegia, fracking edota AHT bezalako proiektuak gelditu!

  • Gerrari planto! Euskal Herriko armagintza enpresak nahiz gerra-helburuekin egiten diren ekoizpenak gelditu. Gerra inperialistak babesten dituzten negozio eta politikarik ez!

  • Askotariko kolonizazio kultural prozesuen aurrean, Euskara erdigunera! Euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa bilatzen duten politikak bultzatu; doako euskara ikastaroak antolatu hala bertakoentzat nola jatorri atzerritarreko herritarrontzat.

Feministok martxan denok aske izan arte!

 

Deskargatu PDFa

 

Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea, ez da delitua!

2020ko urtarrilaren 30eko grebaren ondoren grebalariek jaso dituzten isunak salatu egiten ditugu. Irakurri

Ertzaintzaren abusuak Basaurin Greba Orokorrean

Salatu egin nahi dugu pasa den urtarrilaren 30ean, Ertzaintzak izan zuen hertsapen-jokabidea eta erabili zuen indarkeria, batez ere Basaurin. Irakurri

Gobernuek eta patronalek aintzat hartu behar dute Greba Orokorraren oihartzuna

Lanuztea oso nabarmena izan da Hego Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaiko zein Arabako eta Nafarroako eskualde batzuetan. Mobilizazio Irakurri

Debekuak, isunak eta manifestazio eskubideari trabak

Greba jarraipen oso zabala izaten ari da industrian, ekoizpena geldirik dago enpresa handi askotan eta industrialde ugari itxita dago. Irakurri
  • 1
  • 2
  • 3
  • 4

 

Palestinarekin elkartasuna

Afiliazioa sindikatua